Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Ederra izan zen

2014ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Ez naiz sinesteduna, baina nolabaiteko fedea badut: adiskideengan, barrutik mugitzen nauten ideia, amets edo pertsonengan, edota malkoak eta irribarreak eragiten dizkidaten idazleengan jarririk dauzkat nik bizitzan tokatu zaizkidan fede-hondarrak. Gutxi inbertitu behar dut, beraz, fedea elikatzeko, eta zorionez, ez dut tenplu ikusgarrik behar, are gutxiago apaiz edo abaderik. Ametsak amets diren arte, liburu on batekin eta zarata ez diren musika eta letrekin zeruan nago ni, nire zeru eskuragarri, merke eta partikularrean.

Bitartekorik gabeko fedea da, beraz, baina liturgia badu; horixe da gurtza betea izan dadin, behar dudan gauza bakarra. Une hori zerbait berezia dela niretzat gogorarazten didate liturgia txiki horiek, besteek ulertu ez arren, esangura aparta duena niretzat. Horregatik, liburu bereziak gauez baino ez ditut irakurtzen, eta horregatik, musika-pieza batzuk beti bakardadean entzuten ditut, adibidez.

Abenduaren 6a ospakizun-eguna da 1990. urteaz geroztik eta badut horretarako liturgia neure-neurea. Eguneko prentsaren errepasoa goizetik egiten dut, baina egun horretan koxkatxo bat kentzen badiot egunekoa ez dena ere begiratzeko. Abenduaren 6an Durangoko Azokaren 25. edizioa hastear dagoela iragartzen duen egunkari-azala hartzen dut. Urtero da niretzat 25. urteurrena, eta urtero da berri-berria Euskaldunon Egunkariaren lehen zenbakiko lerro-buru nagusia.

Gerora etorriko zirenak aldez aurretik ezagutzerik izan banu (nahi genuke guztiok...), azaleko lehen orria moztu ordez, egunkaria oso-osorik gordeko nuen. 1990. urteko abenduko goiz hotz hartan, ordea, nork imajinatuko zuen tinta-usaina zuen egunkari jaio berria desagertuko zenik, bortxaz itxi egingo zutenik handik urte batzuetara? Goiz hartan ez, behintzat. Ni neuk ez, behintzat.

Eskuak zikindu zizkidan Euskaldunon Egunkariak. Hernaniko Zinkoeneako kioskora oso goiz heldu zen, eta bertan hartu nuen nik, goizaldean. Lasarteko erredakzio txikitik, edo auskalo nongo taberna-zuloren batetik zetorren Euskaldunon Egunkariako langile adiskide batekin egin nuen topo bertan. Gaua luze egin zitzaiela eta, etxerako bidean hartu nahi izan zuen kazeta. Gaua laburregia izan zen niretzat, eta lanerako bidean hartu nuen nik. Ale bana eman zigun kioskoko langileak. «Ederra», esan zuen adiskideak; «zorionak», erantzun nion nik.

Memoria joko bitxiak erabiltzen ditu maiz iraunarazi nahi dituen oroitzapenak edertzeko. Zailtasun eta lazeria guztiak ahaztuko ez baditugu ere, denborak lausotu egiten du bizi izandakoa, ertzak biribildu egiten ditu eta xehetasunik gabeko kontakizunaren traza nagusiak baino ez dizkigu bueltatzen, horiekin atseginagoa, ederragoa edota gogoangarriagoa den zerbait osa dezagun. Beraz, baliteke guztiz egiazkoak ez izatea nire liturgia eraikitzeko erabili ditudan memoria-adreiluak, baina ezin esan liteke gezurra edo faltsua denik. Izan ere, iragana gogoratzen dugun moduan itzaltzen da orainaldian eta horixe gara, funtsean, oroitzen dugunaren eramaile hutsak.

Nik horrela gogoratzen dut 1990. urteko abenduaren 6ko goizaldea, hotza eta zirraragarria, eta horrelaxe berritzen zait urtero-urtero paper-zati zaharra begiratzen dudanean. Nire liturgian, urtean behin, amets egin dezaket gauza garela ezerezetik zerbait sortzeko, desegingo ez den zerbait, ahaztuko ez dugun zerbait. Nire liturgian ez dago gerora etorri zen atsekabea, ez dago gaueko danbatekorik adiskideen atean ezta urteetan luzatu den sufrikarioa. Goiz horretan ez da Berriaren beharrik, ez dago zertan bi aldiz balentria bera egin beharrik. Goiz horretan oraindik ilusioa nagusi da, Durangoko Azokaren 25. edizioaren bezperan.

Ederra izan zen. Zorionak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.