ARKUPEAN

Modako politikariaren itzalari so

Gaizka Aranguren -

2014ko abenduak 9
Komunikaziorako gaitasun itzela du. Politikaren esparruan ezarritako jantzi-itxurak baztertu ditu. Ohiko esamolde plastifikatuetatik haratago, gehiengoarenak diren esamoldeak darabilzki maisutasunez. Enpatiarako berezko trebezia. Hori guztiori gutxi balitz, komunikabideei gehien maite dutena eman diezaieke: audientzia; hau da, dirua.

Hortaz, ez da harritzekoa Espainiako telebista kateak haren presentziagatik borrokatzen direla ikustea. Gailurrera iritsita, ordea, haren esposizio publikoa zaindu behar dutela ohartu dira.

Joan den astean elkarrizketatu zuten Espainiako Telebista Publikoan lehen aldiz. Hoztasun informatibotik sobera aldentzen ohi ez zen TVEko kazetaria bere onetik aterata ikusi genuen. Egia erran, lehen aldikoz gonbidatua zenak ez zuen ezer berezirik egin aurkezlea bere onetik ateratzeko. Kazetariak berak, bakar-bakarrik, itzulera gaitzeko labirintoan sartu zuen bere burua, gonbidatuarekiko nolabaiteko oldarkortasuna agertzeko asmoz.

Hegoaldeko irakurleek jada jakinen dute nortaz ari garen, eta baita Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako aunitzek ere; nolanahi ere, horretarako espainiar eremu komunikatiboari adi egon beharra dagoenez, argitu dezagun Pablo Iglesias Podemos alderdi espainiarreko politikariaz ari garela.

Madrilgo Unibertsitate Complutentseko zientzia politikoen eremuan landu, trebatu eta hazitako pertsona da Iglesias. Haren irakasle eta itsasargi izan dira, bertzeak bertze, zientzia politikoen esparruan zein jokaleku politikoan ezagunak izan dakizkigukeen Ramón Cotarelo eta Jaime Pastor.

Lehenengoak, Cotarelok, derragun bidenabar, ziaboga ederra egin du azken hamarkadetan, PSOEren Felipismo itxienetik (Espainiako trantsizioa frankismotik «demokraziara» eredugarritzat jotzen zuenean) sistemaren aurkako jarreretara.

Bigarrenak, trotskismoaren korrontearen altzoan, beti izan du sistemaren aldaketaren aldeko jarrera argia. Azken urteotan Ezker Antikapitalistako izen azpimarragarrienetarikoa izateaz gain, euskal nazio askapenerako mugimenduaren aurkako eraso polizial eta juridiko latzenetan, elkartasuna adierazi die beti inperioaren hatzapar judizialetara, Madrilera, eraman dituzten euskaldunei.

Iglesiasen formakuntzan nolabaiteko zerikusia izan duten bi intelektual horien ezaugarri ñimiño horiek marraz diezagukete, grosso modo, uneotako Espainiako lider politiko karismatikoenaren hausnarketen barrunbeak; errotuladore lodia erabiliz karikaturatik gertu ibil gaitezkeela aitortuz.

Alta, uneotan geure buruari galdetu beharko geniokeena, bereziki, hauxe da: nola izan da gai Pablo Iglesias eta bere lantaldea, sortu berri duten alderdi politikoarekin, Euskal Herrian horrenbertze lagunen konfiantza eskuratzeko. Zer eskaini die eta nola politikaren lozorroan zeuden hainbat laguni, abstentzioan zirenei adibidez, harenganako konfiantza adieraz dezaten? Zergatik ez du Ezker Abertzaleak, EH Bilduk egun, gaitasun hori ukan?

Podemosek Espainiarentzat eskaintzen dituen alternatibak, Podemos erakusten saiatzen den kultura politikoa eta Podemosek ordezkatzen duen ustelkeriarekiko urruntasuna, hori guztia EH Bilduk eskaintzen duela uste dugunoi komeniko litzaiguke geure buruari galdetzen hastea zergatik ez duen bertako indar politiko horrek lortu.

Podemosi botoa emateko prest dagoen abstentziotik atera berri den gazteak zergatik ez dio EH Bilduri eman nahi? Lehenaldia den ETAren jardunak itzal luzea duelako? EH Bilduren egiteko moldeak ohiko alderdi politikoen ildoan dakuskitelako? Barne funtzionamendua itxiegia delako eta egungo sare sozialek eskaintzen dituzten antolaketarako aukerak behar bezala erabiltzen ez dituelako? Jende hori Espainiaren batasunaren aldekoa delako? Orain arte instituzioetan egon ez den eta irabazteko grina eta gaitasuna erakusten ari den alternatiba Podemos delako?

Denetarik izanen da, baina hausnarketarako gai sakona da. Bien bitartean, argi dagoena da inoiz ez duela ezker abertzaleak izan horren indartsua bilakatzen ari den gertuko aliatu potentzialik Espainia aldean. Bertze kontu bat izanen da ikustea Podemos prest ote dagoen herrien autodeterminaziorako eskubidearen defentsa boterearen truke saltzeko. Alarma batzuk ere piztu dira hor; tamalez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna