Gaizka Aranguren.
ARKUPEAN

Ez genituen bostak bete

2015eko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Iruñeko zezen plaza, Baionako Christian Belaskain errugbi zelaia, Anoeta eta San Mames Barria estadioak, eta Gasteizko karrikak (Buesa-Arenaren debekuaren ondorioz). Bost elkargune eta lau areto erraldoi horiek bete nahi izan zituen Gure Esku Dago (GED) ekimenak joan den igande arratsaldean. Ez zen areto bakar bat ere bete.

Norbanako eta giza komunitate orok bere etorkizunari buruz erabakitzeko duen eskubidearen aldarrikapenaren aldeko ekimena izan zen igandekoa. Bertze behin. Eta aldarrikapen horren aldeko sare herritarra oinarritik antolatzen ari dela argi gelditu zen. Bost ekitaldi horiek antolatzeko eta, batez ere, protagonistekin garatzeko behar den jende engaiatuaren kopurua oso handia da.

Bi ondorio ekimen berberarentzat. Aretoak betetzeko gihar aski ez, baina jendartearen ekimen politikoa bideratzeko lagungarri izan daitekeen erakundearen hezurdura gero eta antolatuago, gero eta erro gehiagorekin. Gero eta herri-talde gehiago.

Igandeko ekimenaren emaitza eta edukiei buruz azken orduotan argitara eman diren kritika guztiak dira baliagarriak. Akatsak zuzendu eta etorkizuneko proposamenak unean uneko giharraren mailakoak izan daitezen laguntzen dute. Guzti-guztiek balio dute; baita, enfant terrible-aren sindrome kronikoak jota, proposamen alternatiboak egiteko beharrik sentitzen ez dutenena ere.

Iruñeko zezen plazak eskaini zigun ikuskizuna ez zen guztien gogokoa izanen, baina parte hartze anitza eta koloretsua erakutsi zuen. Hiriburuko ekitaldiaren arrakastarekiko aldez aitzin ezkor ginenok gure beldurrak uxatu ahal izan genituen plaza erdia bete zela ikusita. Nafarroa Garaiko populazioaren %1,66 plazan zegoen, xedea %3,32 baldin bazen ere; eta hori azken hauteskundeek ekarri duten emaitzengatiko poza oraindik digeritzeke dagoenean, Iruñeko udala erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoaren kontrolpean erori berri denean eta, inportanteena, Erkidegoko Gobernu berria osatzeke dagoen abagune politiko historikoan. Hori bakarrik ez. Iruñean mundua bukatzen den uztailaren 6a baino hamabost egun lehenago. Hala ere, munduko laugarren zezen plazarik handienaren erdia beteta. 10.000 sarrera baino gehiago. Helburuaren erdia.

Gihar falta ala antolatzaileen ustez egon badagoen giharra elikatzeko energia falta?

Politikoki bereziki aktiboa den gure jendartearen zati horretan nekea antzematen dela diote batzuek. Fronte gehiegi eta batera zabalik daudela: preso, errefuxiatu edo ihesean direnen egoera batetik; bake prozesuaren aldebakarrekotasunaren aldebakarrekokeria aldebakarrekoa bertzetik; prozesu gehiago martxan, kartzela kondena gehiago, lapurreta ofizialak; erabakimen subjektu/eremuari buruzko egokitzapen taktiko eta estrategikoak; Nafarroa Garaiko instituzioen kudeaketa alternatiborako elkarlanerako aukera; indar politiko abertzaleen arteko etengabeko lehia Gipuzkoan mendebaldeko lurraldeetan...

Gure Esku Dago ekimenean jardun garenon aldetik hausnarketarako garaia ere bada. Gure testuinguru politikoaren irakurketa egokiena egiten ari ote garen galdetu behar diogu geure buruari. Ekimen erraldoiak antolatzeko prozesuek eskatzen dituzten urrats guztiak oraingoan behar bezala egin ote ditugun hausnartu beharko dugu.

Edozein sistema politikoren kalitate demokratikoa agerian uzten duen erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida herritarren lehentasunen artean ote dagoen ongi aztertu, eta, ez egotekotan, zergatik ez dagoen edo zergatik ez garen gai hor jartzeko.

Ildo horretatik, erabakitzeko eskubidearen defentsa eta egikaritzea etorkizun zoriontsuaren gako gisa behar bezala aurkezten ez dugu oraindik asmatu. Etorkizun hobea edozein auzokideren lehen xedea da. Nor bere etorkizunaren jabe izatea ate hori irekitzen duen giltza dela ez dugu behar bezala demostratu. Oraindik ez. Nolanahi ere, egiten denak balio du, ez egiten ez denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.