Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Inbidia

2015eko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Oporretako lehen egun inbidiagarria beharko lukeenean artega eta zapuztuta dabil Maite, goizean goizetik, zorionerako erritu guztiak bete dituen arren. Alegia, iratzargailuaren kukurrukurik gabe esnatu da, saretako zirrikituetatik iritsi zaizkion argi izpien ñirñirrarekin, eta berriro begiak itxi eta ohearen zabalera oso hartu du lanera alde egindako bikotekideak lagatako hutsunea, plazer bereziz. Halaxe egon da etzanik, egun batzuetarako amona eta aitonaren etxera joandako semeek utzitako isiltasuna aditzen. Baina halako batean ateko sarrailaren hotsak amilarazi du nirvana zuritik: bihotza kolkotik ateratzear izan du, lapur eta psikopaten beldur, korridorean barrura sentitu duena Milena dela ohartu den arte. Burutik ezabatua zeukan goizetan Milena, jaiotzez kolonbiarra, etxea garbitzera etortzen dela. Are, burutik ezabatuta zeukan bera arratsaldean etortzen denerako norbaitek garbitzen dituela logelak, egongela, sukaldea, komunak; norbaitek jasotzen dituela arropak; norbaitek txukuntzen dituela armairuak... etxeak dekorazio aldizkari batekoaren traza aratza hartu arte. Maiteri apaldu zaio izua, baina esplikagaitza zaion artegatasun bat itsatsi zaio urdailera.

Kimono itxurako txabusina jantzi eta seme zaharrenaren logelan oheko maindireak aldatzen ari den Milena agurtu du, atsegin bezain neurritsu. Irribarre zabalez eta ahots kantariz jaso du erantzuna. Horrenbestez, zorion errituekin jarraitu du: bainera apardun xaboiz eta azala gaztetzea promesten duen olioz bete du, eta han egon da beratzen. Giharrak tentetzea agintzen duten ukendutan blaitu da irten ostean, ilea arretaz lehortu, eta txabusina jantzita sukaldeko mahaian jarri da: gorputz zein buru osasunerako miraria ei den infusioa hartu du, eta edertasuna berritzen duten fruitu eta zekaleen nahasketa bat. Dena egin du artez, dena astiz. Baina, hala ere, urdailera itsatsitako artegatasunak ez dio bakerik ematen.

Hain justu, egonezinak hartuta eseri da egongelako txokorik kutunenean, areto gainerakoan minimalistari kutsu bohemioa eransten dion besaulki vintage brokantekoan. Azken belaunaldiko tableta darabil eskuetan, eta denbora pasa eta gogo bila abiatu da: Gure Esku Dago-ren igandeko ekitaldietako fotoei begira jarri da webgune batean, ilusioa amets. Eta kamiseta laranjaz jantzitako jende irribarretsua agertu zaio saldoka. Bera ere halatsu ibili zen estadioetako batean. Baina zaputz sentitzen du aldartea, artega urdaila. Ez, ordea, estadioak ez zirelako bete, edo ikuskizuna eskasa iruditu zitzaiolako. Beste zerbait da, etsia instalatua balu bezala, oro har, besteekiko, berekiko. Horrenbestez, biasteren buruan itsaso eta itsasontzi paradisutarretan egingo duten gurutzaldiaren berri ematen duen webgunera egin du jauzi, pizgarri xerka. Turkesa koloreko irudi zoriontsuei begira paratu da, eta bi segundo iraun dio pozak. Berriro ere zaputzak hartu du.

Orduan, ohartu da jo eta su lehio zabaletako kristalei distira ateratzen ari den Milenaren presentzia dela ondoezaren kausa. Aurrena, pentsatu du bere sentiberatasun ezkertiar sendaezina dela egonezina sortzen diona, edonon menperatze zantzuak sumarazten dizkion eskrupulu gehiegizko bat. Nolanahi ere, lipar batez poztu egin da, liluratu egin du berriz bere buruak. Laster, onartu behar izan du, ordea, gezurra: egonezina sortzen diona Milenaren irribarre zabala dela, isildu gabeko ahopeko kantua. Inbidiak ematen diola min, Milenaren bizi grinarekiko inbidiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.