Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Arazoak eta soluzioak

2015eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Gizakiok, lantzean behin, egiarekin egiten dugu estropezu, eta horrelakoren bat gertatzen zaigunean, ia beti, zutitu eta aurrera egiten dugu. Itxura denez, Winston Churchill-ek esana da hori, baina ez gehiegi fidatu, maiz pertsonaia ospetsuen ahotan jartzen ditugulako komeni zaizkigun burutazioak, horrela beteagoak eta besteen aurrean eragingarriagoak suertatuko direlakoan.

Egia absoluturik ez dagoela dakidan arren, uda honetan bat edo besterekin topo egin dut tipustapan, eta kosta egiten zait zutitzea. Horren bortitza izan baita enkontrua, ezen nora ezean ibili bainaizen puska baten, kolpe latza jaso eta gero boxeolari traketsen moduan.

Ez da bat-batekoa izan, odolusteak ez baitira tupustekoak, isuri txiki jarraitu askok eragindakoak baizik. Austriako autopista-bazter baten abandonatutako kamioian 70 hilotzetik gora aurkitu zituzten, ihes egiten saiatu izanaren aztarnen artean. Abuztuko egun bakar batean, 200 giza-gorputz agertu ziren Libiako kostaldearen aurrean nora ezean zihoan itsasontziaren bizkarrean, goseak, egarriak eta eguzkiak hilda. Zer esan ahal dugu, dagoeneko esan ez denik, Turkiako kostaldean hildako umeak eragin digun barru-ikaraz.

Egun alferren segidak odolgabetze mantsoa ekarri digu,egia absolututik oso gertu dauden milaka egia txikiez zipriztinduta.

Behin eta berriro errepikatu dugu ez direla immigrante soilak, geure zergen bitartez altxatu eta nola edo hala zutik dirauen Europako herriek babestu (edo bultzatu) dituzten gerra eta miserietatik ihes datozen errefuxiatuak baizik. Honezkero badakigu, eskarmentuz ikasita, hesi gero eta altuagoak altxatuta ere, ez dela korrontearen bidea atzera bihurtuko.

Ez dugu erantzun errazik aurkituko, ezta parte bakarreko soluziobiderik, horrelakoak ez baitira balekoak oinarri-oinarrizko geure baloreak kolokan jarri dituen egoeran.

Antropologoek darabilten esanguraz, kultura giza-talde batek bere arazoak konpontzeko eskaintzen dituen soluziobideen multzoa da. Argigarria iruditzen zait horrela begiratzea auziari, horren argitan erraz ikusten baitut nokeatuta naukan afera honek politikoki zuzena ei den arrangura zuritik gehiegi duela, eta egiazko inplikaziotik gutxiegi. «Beste horien» arazoa nola konpondu eztabaidatzen ari garela uste izaten dugu, uste okerra, egiazki, geure-geurea baita esku artean darabilgun afera. Emango dugun erantzunaren neurrikoa izango da hemendik aurrera geu izango garena.

Arazoak, existentzialak direnean, unibertsalak direla esan ohi da, eta soluzioak, giza-eraikuntza zabalago baten parte diren neurrian, askotarikoak. Irtenbide sinpletik ihesi joan eta ezintasunera iristea ez da bidea.

Nola erantzun dezake Europak? Ez naiz mandatarien goi-bileraren baterako gai-zerrendaz ari, edo ez bakarrik horretaz. Europa diot, eta kontzeptu lauso eta ia esangurarik gabeko horren barruan nire burua ere kokatu egiten dut, guztiok (ustez) partekatzen dugun kulturatik erantzutea ezinbestekoa baita.

Tantaz tanta odolgabetzen ari dena ez baita Siria, ezta izendatzen ere asmatzen ez ditugun beste leku horiek ere. Geu gara, gure nortasunari eusten dioten zume malgu baino sendo horien gainean sortu dugun eraikuntza bera. Erabaki beharko dugu, noizbait, beren bizitzeko eskubidearen eta gure okerrago bizitzeko beldurraren artean, bateragarri egiteko. Erabaki. Egin. Mugitu

Zer eskatu ahal diegu? Eta zer eskaini?

Nonbait irakurri dut arazoen ondoko definizioa: «Arazoa da bidean aurrera egitea eragozten digun oztopoa». Uda honetan horren modu lazgarrian agertu zaigun egi handi edo arazoaren aurrean, alferrik saiatuko gara gauden tokian gelditzen, horretarako beranduegi baita: arazoaren parte gara, soluzioarena izan gaitezkeen bezainbeste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.