Joxerra Garzia.
ARKUPEAN

Irakin edo amata

2015eko irailaren 12a
00:00
Entzun
Garai ez hain aspaldiko hartan, Mitterrandi begira-begira egon ohi ziren Europako gainerako buruzagi gorenak, orain Merkel andereari nola, hark eztula eginez gero denek eztul egiteko.

Behin, krisi bolada gaizto bateko kinkarik larrienean, zera otu zaio Miterrandi: ataka hartatik ateratzeko onena zela Europako estatu buruak bildu eta belaontzi tzar dotore batean eguna elkarrekin ematea, distantzia laburrean korapilorik bihurrienak aiseago askatzen direlakoan.

Esan eta egin, eguna gozo-gozo zihoan, eguerdi partean haize bolada batek Mitterrandi kapela burutik erauzi eta itsasora jaurti zuenean. Trantze latz hartan, zer egin ez zekitela geratu ziren gainerako guztiak, beldurrak airean, ezbehar hark eragin zezakeen hondamena gogoan. Hartan, Felipe Gonzalezek kareletik salto egin eta, ur azalean tipi-tapa oinez, kapela hartu eta atzera berriz ontzira itzuli zen, denen lasaitasunerako.

Horraino gertatu zena, biharamuneko egunkari gehienek kontatu zutenaren arabera. El Mundo egunkariak, baina, honako lerroburu hau eman zuen lehen orrialdean, alderik alde: «Felipe Gonzalezek ez daki igeri egiten».

Ahaztuta neukan txistea, baina irailaren bederatziko egunkariak irakurtzean berriro etorri zitzaidan akordura, Hondarribiko jai egun nagusiaren albistea batean eta bestean nola ematen zuten ikusita.

Tokitan geratzen da Espainiako telebistan bere ospe unetxoa izan zuen kazetari hark albistegiei amaiera emateko erabiltzen zuen lelo memelo hura: «Horrelaxe gertatu dira gauzak, eta horrelaxe kontatu dizkizuegu». Ez, ba, batekoz bestera da hori: nola kontatzen diren, halaxe baitira gauzak.

Urrutiko kontuen berri zuzenik ez dudanean, ezin esan. Baina gertu samarretik ezagutzen ditudanetan gero eta nabarmenago begitantzen zait hori. Hondarribiko gorabeherak ezagututa, garbi daukat, esaterako, BERRIAren lerroburu nagusiak jatorrago islatzen duela bezperan Hondarribian gertatu zena, Gipuzkoan alerik gehien saltzen duen egunkarikoak baino.

«Mespretxuen gainetik, aurrera», zioen kazeta honek lehen planan alderik alde, lehentasuna alarde mistoari emanik. El Diario Vasco irakurri zutenek, aldiz, hondarribitarren egun handian alarde bakarra izan zelakoan geratuko dira, eguzkitsu bezain zirraragarri.

Akinoko Tomasen «zer ikusi, hura sinetsi» eszeptiko hartatik «zer sinetsi, hura ikusi» puskaz makurragora pasatu ginen aurrena, eta handik «zer komeni, hura sinetsarazi» makabrora gero.

Hedabideena baino okerragoa da, ordea, politikari eta alderdi politiko askorena, gehienena ez esatearren. Egunkarietan bi aipatu ditudanez, alderdi politikoetan ere bi baino ez ditut aipatuko, eta ez besteak horretan errugabe direlako, bi horiek izan dutelako, ia beti, alardeak egiten diren bi herrietako agintea.

Orain eskutik helduta, komeni zaienean zaleak dira EAJ eta PSE elkarren desberdintasunak nabarmentzen, eta sarri izaten da hori. Alardeei dagokienez, ordea, zozoa eta belea ipurdiz bezain antzekoak dira bi alderdiok: esku batekin (Emakundearen bidez, eskuarki) genero berdintasuna aldarrikatu, eta beste eskuarekin betiko alardekerian bertan gozo egin.

Eta ez niri, berriro ere, tradizioa aipatu, zurigarri, giza eskubideak eta tradizioak elkarren aurka talka egiten dutenean tradizioa baita aldatu beharrekoa, hankarteak hankarte.

Arestik zioen bezala, «sua eta ura ezin nahas ditezke». Hautatu beharra dago, beraz: «irakin edo amata, ez dago ezer beste».

Egin dezatela, bada, hautua kazetari eta politikariek. Eta guk atera dezagun kontu, nori eman gure sosak eta gure bozak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.