Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Beldurrezko ahizpatasunaren aurka

2015eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Ez da hilaren 15a, baina bai abuztua, bai bazkalondoa. Ospakizun giroko otordu batean gertatu naiz. Jateko amaiezinak berdindu eta gero mahaiaren ertz batean pilatu dira gizonezkoak, musera. Gazteenak, modernoenak, izandira mugitzen lehenak, autoironiaren babesean, guztien buru. Mundua mundu denetiko inertzia batek bultzatuta, beste puntan geratu gara emakumeak, solasaldiaren kategoriarik nekez aitortuko zaion berriketan.

Festak etorri dira hizpidera, giroa, jendetzak, eta halaxe egun batzuk lehenago Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan gertatutakoa aipatu du norbaitek: neska talde batek, «feministak», zehaztu du, blusen ibilbidea trabatu duela, festa hondatu dutela, indarrez. Alegia, zalaparta handia sortu dutela berdintasunaren eta erasoen gaitzespenaren aitzakian (sic). Ezpain zimurtuak eta buru mugimendu arbuiatzaileak nagusitu dira: salatzea gauza bat dela nabarmendu du gazteenetako batek, eta muturrera jotzea beste bat. Onespenez begiratu diote gehienek. Baina hitza hartzen hurrenak esan du emakume izanik festetan eta gauez ibiltzea ez dela gauza xamurra: erreparatzekobestela albistegiei, egunkariei; beltza doala uda honetako kronika. Erantsi du ez zaizkiola burutik ezabatzen nerabezaroko gau batean kale bazter batean jasandako gogoz kontrako igurtziak.

Eta hortik aurrera, bata bestearen atzetik amiltzen diren domino piezak bezalaxe kateatu dira mahai puntako emakumeon bizipenak: tabernetako ipurdi ukitzeak, ez oihukatzean gehiago nahi dugula tematzen diren ustezko mutil-lagunak, osabaren ezkutuko jolasak, lasterka zoazela bularren mugimenduaz iruzkin nazkagarriak egiten dituzten graziosoak, intimitatea, desioa eta plazera konfiantza osoz partekatu eta oilar-jokoetan beroegia eta puta zarela zabaldu duten ahoberoak, janzkera eta lagunak kontrolatzen dituzten nobio indartsuak, harremana larderian eraikitzen duten senar jatorrak... Denok okatu dugu zerbait: hasi 20 urteren bueltan den gazteenetik eta 80etara hurbiltzen ari den zaharrenera arte. Katarsia izan da, eta amankomuneko esperientzia partekatzeak emandako ahizpatasunaren bidez beste begi batzuekin ikusi dugu Gasteizkoa. Tamalez, beldurrak, gizonarenganakoak, eragindako ahizpatasuna da; adin, klase, jatorri eta bestelako botere mugen gainetik ia emakume guztiok partekatzen duguna. Beldurra eta paralisia. Hain justu, beldur horren parte eta berme baita paralisia, entrenatu baikaituzte sinesteko ez garela gauza erasoari aurre egiteko. Jaso eta jasan besterik ezin dugula egin.

Horregatik, arazoaren gogorra, zabala eta sakona ikusita, nire onetik aterata nauka Gasteizkojaietako ekintzaren aitzakiatik abiatuta autodefentsa feministaren erakustaldiei udan zehar eman zaion egurrak. Jakina, beste edozein gauzatan bezala, honetan ere zilegia eta beharrezkoa da kritika. Baina argumentazioaren ordez deskalifikazioa sumatu dut hasieratik: eroak, histerikoak, negartiak eta feminaziak dira kaputxa jantzita kalera atera diren neskak. Horra laburpena. Ez dago autodefentsa indarkeriaren forma, mezu eta sozializazioari buruzko kritika eta eztabaida zehatzik; are eta gutxiago, indarkeriaren presentzia orohartzaile eta haren erabilera zilegi posibleari buruzko proposamenik —momentu honetan beharrezko eztabaida, bestalde—. Azken batean, egurtze horren funtsa da berriro ere emakumeok ezintasunera zigortzea: biolentzia geure kabuz zuzen eta zentzuz kudeatzeko ez gaitasunera. Gizonek nola hain erakutsi duten handia!

Nik ez dut nahi nire alabak beste emakumeekiko senti dezakeen ahizpatasuna beldurrean bermatzerik. Are eta gutxiago, gizonarenganako beldurrean. Are eta gutxiago nahi dut beldurraz gain paralisirik sentitzerik. Jasotzeko eta jasateko gai baino ez dela sinesterik. Alaba emakumeekin ahizpa ez ezik gizonekin arreba nahi dut. Eta, bide horretan —akatsak akats eta ñabardurak ñabardura—, kaputxadun neskak aurrerapauso sentitzen ditut.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.