Joxerra Garzia.
ARKUPEAN

Bezperaren balizko biharramunak

2015eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Gaur hiru egun hasi zen uda ofizialki azkentzen. San Juan bezperatik ari da horretan, baina denboraren baitan ez dauden mugarriak behar ditugu gizakiok,zora(bia)tuko ez bagara.

Horrexegatik seinalatzen ditugu egun batzuk, gogoan hartzekoak iruditzen zaizkigulako (egun seinalatuak, alegia); beste batzuk, berriz, ia hutsik uzten ditugu. Gaurkoa, gogoangarriz huts eta zurtz diren horietakoa da, niretzat behintzat. Biharkoa ez, bihar bezalako egun batez bost lagun fusilatu baitzituzten, Francoren aginduz. Ofizialki,geroztik ez da Espainian beste fusilamendurik izan.

Handik gutxira, hiru morroi sartu ziren, aurpegiak estalita, Kanpantzar gaineko tabernan. Ez ziren noski Patxi Txikiren zuzeneko aginduz arituko, baina garbi daukat azken fusilatuen ostean fusilatu zutela patxikumeek Iñaki Etxabe. Duela 40 urte zen hori, nik 22 urte eta Arrasateko orduko nire ikasleek zortzina zutela. Ikasleen artean, Aitor, Iñakiren semea. Niretzat bai, baina urriaren bosta ez da, antza, seinalatzeko moduko eguna, asteak sarri zortzi egun «historiko» izaten dituen honetan.

Ez nintzen ni efemeride zalea, harik eta Euskadi Irratian hasi nintzen arte. Pello Zabaleta lankide nuela, Sorgin Afaria kultur programa egin genuen, bizpahiru urtez, astegunez iluntzero, euskal kulturaren martxa oraingoaren hamarrena ere ez zen garaian.

Maitagarria bezain xurgatzailea da irratia. Sarri, esatekorik ez eta zer edo zer asmatu behar izaten genuen. Horregatik efemeride-zaletu nintzen ni, programa asko salbatu genituelako haiei esker. Behin, efemeride liburuetara jo, eta ganorazko ezer ez. Besterik ezean, egun hartako programa, ordu bete, Orson Wellesi eskaini genion, programaren hasieran argi eta garbi utzita zein zen omenaldi haren arrazoia: egun hartan betetzen zirela, hain justu, 60 urte, hiru hilabete eta bi aste, Welles handia jaio zenetik. Efemeride biribilagorik!

Zuetako batzuei asmakeria hutsa irudituko zaizue, baina euskara batuaren hasieran deabruaren pareko ziren hizki batzuk; bereziki h-a,jakina, baina baita f-a ere. Euskara «jatorraren» aldekoek «inpernu» esaten zuten, eta «parola», eta «pantasia»... Ez naiz inoiz soka horretakoa izan, baina, pentsatzen hasita, kasu honetan «efemeride» baino askoz egokiagoa begitantzen zait «epemeride», zerbait gertatu zeneko denbora epe jakin bat igaro dela ospatzeko egunak izendatzeko.

Esan bezala, irakurle, epemeride aipagarririk gabeko egunez iritsiko zaizu nire hau eskuetara. Ez dakit dakizun, baina bihar hauteskunde eguna dute Katalunian...

«Irailaren 28tik aurrera ezer ez da berdin izango», diote alde batekoek zein bestekoek. Batzuk bai trebe, etorkizunari aurrez igartzen!

Aldez motza naizelako eta aldez euskalduna naizelako, nik nahiago dut bezperak ospatzea (Santageda, San Juan, Urteberri...), geroa aurrikusteko ahaleginetan begiak (eta akaso beste zerbait) erretzea baino.

Egun guztiak berdinak dira, berez. Noiz edo noiz, zerbaiten (edo norbaiten) eraginez,ordu arte ohiko eta «natural» zena ez-ohiko eta naturaz kontrakoa bilakatzen da, eta horrexek bihurtzen du egun hori gogoangarri.

Aukera ona dute katalanek biharko eguna etorkizuneko efemeride bihurtzeko. Koldo Izagirreren bertso lerro izugarri (eder) bat gogoan («[Lauaxeta], ezin hazaket maite fusilaturik besterik»), eta egunotan ikusiak ikusita, esango nuke Espainiak biziki maite gaituela (katalanak eta gu), baina, hori bai, aurrez gure ametsak gogotik fusilaturik. Metaforikoki, jakina.

Hobe genuke geuk ere, bezperan bertan gozo egin ordez, gerora ospatzeko moduko biharamun bat prestatzen hastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.