Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Kaosa ordenatzen

2015eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Texas estatuko mendebaldean mendi tontor bat zulatzen ari da ingeniari eta zientzialari talde bat. Bertara inguratuko balitz norbait, ez luke ezer argirik ikusiko: mendiaren barrunbeetan garabi handiak dabiltza neurriz itzela izan behar duen tramankulu bati eusteko oinarriak sendotzen, eta lantzean behin, kasko zuridun gizon-emakumeak agertzen dira bertatik, ingurua behatu, neurketak egiten eta alde egiten dutenak, auskalo nora.

The 10,000 year clock izeneko proiektua bertan ari da gauzatzen. 1999. urtean abiatu zen, eta makina bat aurrelan egin eta gero, duela gutxi ekin zaio kokatze lanari. Parterik ikusgarriena izango da, bestea, orain artekoa, AEBetako zenbait unibertsitate eta enpresa-laborategietan burutu baitute askotariko zientzia-diziplinetako ordezkariek. Zirraragarria iruditu zait, lortzen zaila (ia ezinezkoa) baita esku artean duten erronka: 10.000 urtez bere kasa funtzionatzeko gai izango den erloju erraldoia eraikitzen ari dira. Auskalo zenbat diru, ordu eta neke izango duten inbertituta honezkero; auskalo zenbat gehiago behar izango diren hemendik aurrera. Hamasei urte igaro eta gero, hasi berria baita proiektua sustatzaileen esanetan. Taldeak ez du inauguraziorako datarik aurreikusten, eta norbaitek beren lanaren emaitzez galdetzen dienean, batere presarik ez dutela erantzun ohi dute.

Danny Hillis zientzialaria da abentura honen sustatzaile nagusia. Bere hitzetan, «harritu egin ninduen nolatan jendeak beti aitortu izan duen iraun egingo duten gauzak egin nahiko lituzketela, transzenditzeko asmo hori zerbait naturala balitz bezala. Egin, ordea, oso gutxik egiten dute, epe luzera begira bizitzeak zorabiatu egiten gaituelako». Gogoeta horretatik abiatuta sortu zen proiektua, zorabioa mendean hartuta. 10.000 urte denbora-tarte sobera luzea da izatez, eta hain zuzen ere, epe luzerako pentsamendu eta ekintzen garrantziaz ohartzeko erabiltzen ari dira zientzia eta inginiaritza proiektu erraldoia.

Desafioa izugarria da. Nolakoa izango da Lur planeta 10.000 urte barru? Areago, planetarik izango ote da orduan? Izango bada, neurriren baten bederen, gaur egun dakigunaren betaurrekoekin begiratuta mehatxutzat ditugun arriskuak mendean hartu ditugulako izango da. Zein dira, beraz, arrisku horiek eta nola eragiten digute?

Baliteke burutik oso sano ez egotea, baina ez dut uste zoratu egin direnik. Aitzitik, oso zuzen daudela esango nuke.

Natorren orain hurbilago, Parisera hain justu. Datozen egunotan bertan elkartuko dira mundu osoko goi-agintariak eta zientziaren komunitatea klimaren aldaketari eragiten dioten faktoreen inguruan erabakiak hartzeko. Ebidentziek argi azaltzen dute giza-jarduerak eragin handia izan duela, kalterako, klimaren bilakaerarengan. Ekoizpen eta kontsumo mailek jasangaitz egiten dute planetaren oreka, eta berandu baino lehen, neurriak hartu beharra aldarrikatzen du zientziak. Oso gutxi dira ebidentzia horiek arbuiatzen dituztenak, nahiz eta bozgorailu ahaltsuak erabili gehienetan. Ziurra da aurreikuspen apokaliptikoa? Ez derrigorrez, behintzat. Faltsua da, orduan, zientziak dioena? Inondik ere.

Epe luzera begiratzeak apaltasuna eskatzen du: dakiguna ez da jakingo dugunaren urrats bat baino, eta ziurgabetasun horretatik abiatuta hartu behar dira erabakiak, sekula erdietsiko ez den erabateko segurtasunaren bila. Horra epe luzerako pentsamenduaren ekarria: ertzetan mugitzen gara, jakin daitekeen guztiaren inguruan jira-bira, erdigunera sekula ez iristeko, baina etengabe bila.

Duela 10.000 urte gizakiek zekitena ez da gaur egun dakigunaren hondar-alea baino, baina hura gabe, ez ginen gaur egun dakigunera iritsiko. Horregatik, ezinbestean, bila jarraitu behar dugu, etengabe urratzen sekula amaituko ez den bidea. Galeanok zioen moduan, horretarako balio dute utopiak eta horizonteak: bila jarraitzeko.

10.000 urtez iraungo duen erlojua errekurtso estilistiko hutsa izan zitekeen, metafora bat. Ez da, ordea, baina zientzia eta literatura maiz elkarren eskutik ibiltzen dira begietarako gardena ez den errealitatea azaltzeko. David Foster Wallace idazleak ongi azaldu zuen nik dorpeki kontatu nahi izan dudana. «Literaturaren (eta zientziaren) zeregin behinena ez da gozamena lortzea, ezta atseginik txikiena ere eskuratzea. Literaturak (eta zientziak) otzanak urduritzen ditu, eta geldigorrak lasaitu. Horretarako idazten du idazleak (eta bila dihardu zientzialariak): kaosa ordenatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.