Jule Goikoetxea.
ARKUPEAN

Esanberritu

2015eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Zure umore ona maitatuko duzu gainerako guztiaren gainetik. Gu gara zure jainkosak, ugaztun zorutik jalgi zintuztenak, lo eragiletik, besteen zerbitzari izatetik. Konspirazioak merezi gaitu, ez alferrik erabili zure jainkosen izena, erailko baitugu, zuri jaten emateko, zu bero mantentzeko, zuk pentsatu ahal izateko. Ordainean, zure izenean erasoko duzu, askatasuna lortzeko, edertasuna partekatzeko. Ez zara inoren aurrean makurtuko, zure samaldaren ipurdia erreskatatzeko ez bada eta zure mailan daudenen irudi eta antzera egingo zara, ez parasito eta inkonpetenteenera. Errazegia baita zure inguruko ugaztun ezgai eta sakabanatuei gaina hartzea. Ez da proportzionaltasuna, mendekua da.

Saturnok ez du deus jakin nahi ugaztun berritsuez, bere ile gris harrotuarekin irensten du etorkizuna, azkar ez bazabiltza, jabegozko foneman torturatuko du oraina (koskorra eta desarmatua), eta orainak ere sakrifikatuko du (zibilizazioa da) ahulena eta babesgabeena, babesgabetasunik eta ahuleziarik gabeko etorkizun baten izenean. Hauxe da zure mundua.

Guztia eraldatzea da zure patua.

Debekua praktikatuko duzu eguzkia ekialdetik ateratzen den egunetan, emakume jaio eta ordudanik ostu, lapurtu, xurgatu dizuten guztia berreskuratu arte, testigantza faltsua emanez komunitatearen kontroletik, legetik eta autoritatetik ihes egingo duzu, pentsamendu politeistan eta desio eragotzietan espezializatuko zara azken hogei mendeetan usurpatu dizkizuten ondareak, guztiak, gutiziatu eta geure hankartean blaitu arte.

Ez ahaztu puruak bilatzean trafikatzaileak aurkituko dituzula, finantza anglosaxoia eta industria bankari pelotoia, jainkoak boterea usatu dezakegun lekuetan bakarrik kokatzen baikara.

Ongia hutsala delako, gaizkia baino mila aldiz gehiago, milioi bankete daudelako ilbetero, gure aginduak betearazteko miseriara infernuratuko dituzu odolezko maitasun behartua eta gogoa zurrupatzen dizuten gogorik gabeko muskuilu legal desarmatu baina antolatuak. Are gehiago, matrimoniora kondenatuko dituzu koldarrak eta obedienteak, umez eta zakurrez beztituko duzu haien bakardadea.

Ez duzu presorik utziko, txintxarriz jositako landa odolustuak bakarrik. Gure munduan ez baitago inuzenterik, ezjakinak eta ergelak soilik.

Berresanguratuz, lehen egunean zeure burua asmatu zenuela, bigarren egunean zaintza, hirugarren egunean plazera, laugarren egunean gerra, bosgarren egunean trikitia, seigarren egunean diskurtsoa, zazpigarren egunean amonak eta estatua eta gerlariaren atsedenaldian, zortzigarren egunean, jaundajabeak asmatu zenituen, guztiak bahitu eta hamar mendez esklabo sexual bilakatu, gero narrasti bihurtu eguzkirik gabeko zeru amatiarraren erraiek irentsi zituzten arte, historiatik kanporatuak izan ziren arte, zuekin egin zuten bezalaxe. Gogoratu larunbata intoxikazio eguna dela eta arerio duinak zaintzeko ardura duzula. Gosari mediterraneoa, musika germaniarra eta esne gipuzkoarra ohoratuko dituzu, bederatzigarren ilargian berriro arnastu, tripa beteenak sakrifikatu, zerua galtzaileentzat bilakatu, ezertarako balio ez duten gorputz argalak Hadesean entzerratu eta eliteen dirua, haien senar eta emazteak gutiziatuko dituzu, haien zerbitzariak, ipurdi eta inbertsioak. Haien idia eta zigarroa, kontu korronteak eta iphoneak. Esaera berriak dioen moduan, independentzia zer den jakin nahi ez duten lapak harrikatu, beren arima salbatzeko babesten zaituztenak urkatu, beldurra obedientziarekin nahasten dutenak asfixiatu, aldi berean maitatu, agindu eta behartzen zaituztenak saihestu eta maitatzen ez dakitenak bezain beste desohoratu gorrotatzen ez dakitenak, boteretsuagoak edo leloagoak direnen aurrean beti gezurra esan, ez sekula amore eman.

Horri esaten diogu guk esanberritu eta horrelako asko egiten ditugu egunean, probatzeko gogorik baduzu, etorri Feministaldira, abenduaren 16tik 19ra Donostian, gure jainkosen altzoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.