Patxi Zabaleta
ARKUPEAN

Eleaniztasun forala

2015eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Nafarroan nozitzen ditugun ohitura zaharren artean badago bat benetan aspergarria, eta da foru edo forala deiera edozeri eta nolanahi eranstea. Legeak, dekretuak, aginduak, laguntzak, karguen eta erakundeen izenak eta deiturak… Errejimena bera ere jakina, errejimen forala da. Gehiegikeria honen zantzuak txantxetan hartzeko aukera ere ireki du eta Euskal Herria irratiko Metropoli Forala magazinaren deierari dasta edo kirats hori hartzen diogu batzuen batzuok.

Zer esan nahi dute ordea, foru edo forala hitz horiek sakonean? Ez dago batere argi; nahita ilun samar edo errainutan utzitako esanahia dute. Batzuetan foruak «pakzioa» edo hitzarmena adierazi nahi duela esan izan da, nahiz eta erabakitzeko eskubiderik gabe. Baina nola paktatu erabakitzeko ahalmenik gabe? Inork akordiorik egiteko ahalmena izatekotan, erabakitzeko gaitasuna daukanak beharko bailuke!

Hara nola ordea, Nafarroako gobernu berriak aurrean dauzkan eztabaiden artean, maila sozialik gorenena hartu duena PAI delakoarena den. Espainolez izena daukan —Programa de Aprendizaje de Ingles— egitaraua da. Ez da irakaskuntzako eredua, A eredua edo D eredua diren bezala, baizik soilik egitarau bat, nahiz tamalez askotan ez den ongi azaldu.

PAI delakoaren defentsarik sutsuena Nafarroan eskelarik gehien izaten dituen periodikoan egiten da, baina UPN, PSN, PP edo IE alderdietako kide ezagunak ere bertan dabiltza eta dagoeneko lortu dute bi manifestaldi jendetsu egitea; lehena Tuteran bostehunen bat pertsonakoa eta bigarrena, jendetsuagoa, Iruñean joan den igandean.

Darabilzkiten argudioen artean entzunenak euskara eta ingelesa kontrajartzea bilatzen dute; PAI eta D Ereduaren aurkako bezala azaltzea, alegia. Jokabide honetan lehengo legealdian Yolanda Barcinakirekitako bide demagogikoari jarraitzen diote. Argudio mota horiei ordea, erantzun egokiak eta indartsuak eman behar zaizkie eta niri, egokiena, inolako txantxarik gabe, eleaniztasun forala edo antzeko zerbait deitutako egitaraua idurituko litzaidake.

Lehenik eta behin izatezko egia bat da ingelesa edo frantsesa hobeki ikasten dutela gaur arte Nafarroan D eredukoek. Hizkuntza batek ez diolako trabarik egiten beste bati.

Eleaniztasuna da gainera, irakaslegoaren gehiengo handi batek eskatzen eta aldarrikatzen duena gaur egun Nafarroan.

Europako herri aurreratuenetan eleaniztasuna da baita ere nagusiturik dagoena, eta Sueziako edo Belgikako ikasle guztiek hiru edo lau hizkuntzatik gora darabilzkite beren ikasketa, bizimodu eta txioetan.

UPNko buruzagia den Javier Esparzak ordea, zera zioen duela egun batzuk, bera ez zezakeela inork euskara ikastera derrigortu eta euskara ez jakiteagatik ez zela inor baino nafar gutxiago…

Besteen ergelkeriak ahaztu gabe, geure jokaerak, xedeak eta irrikak ere aztertu eta aldatu beharra daukagu euskarak Nafarroan aurrera egin dezan nahi dugunok. Eleanitzez bizi beharko dugu eta bizi nahi dugu, eta horixe da geure nazio izateak erro eta zainetan sartu diguna, «forala» edo ez dakigu zer bihurtzeraino. Euskarak eleanitzeko etorkizuna du eta beharko du. Horixe da komeni zaiona. Hori eta ez nahastea hizkuntz eskubideak eta soziolinguistika eta horrelakoak.

Xumeta Leitzako bertsolari zaharrak, han noizbait Errepublika baino lehenagoko garaietan bertsoa hasi omen zuen: «Euskara ta erdera da gure hizkuntza, kolorez berdinak dira gorosti ta huntza…».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.