Patxi Zabaleta
ARKUPEAN

Tortura, ustelkeria eta krimenak

2016ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Zortzigarren aldiz kondenatu du Espainiako erresuma Europako Giza Eskubideen Epaitegiak torturen kasu bat ez ikertzeagatik. Gertakizun honen larritasuna hain handia izanik, nahikoa beharko luke eskandalu ikaragarria eragiteko. Baina zoritxarrez badirudi ez dela ezer gertatzen ari; badirudi ez dagoela gizartean eta bereziki politikarien arteko giroan inor aztoratu edo kezkatu den itxurarik; badirudi lasai asko daudela eta ez daukatela jaramon handirik egiteko asmorik.

Gogoratzekoa da orain aste pare bat edo Nafarroan Espainiako Gobernuak duen ordezkariak tortura hitza soilik jartzen duen pintaketa baten aurka egindako ahaleginak prentsan agertu zirela, eta horregatik salatu egin zituela herritar batzuk. Baina orain zortzigarrenez Espainia zirgotua gertatu delarik, ezer ez. Nazioarteko amnistiaren aldeko erakundeak egindako salaketei eta emandako gomendio eta aholkuei ere ez bakarrik ez zaie men egin, baizik eta ez dira aintzat hartuak izan.

Tortura eta beste gizateriaren aurkako krimenek dauzkaten ezaugarri nagusiak dira agintaritzaren bitartez eginak izaten direla eta ez direla preskribitzen. Izaera horrexegatik agintariek ardura eta arreta berezia eduki beharko lukete argituak gerta daitezen eta ez inolako aitzakiarik bota denbora igaro izanari.

Azkenaldian, batik bat duela bi urtez geroztik edo, terrorismoko delituak gizateriaren aurkako krimenen barruan sartu eta nahasi nahian saiatu dira. Ahalegin honetan aitzindari estatuaren lan zikina egiten duten eskuin muturreko taldeak dabiltza, biktimen aldeko mozorroarekin, baina PP alderdiko ordezkari batzuek ere jarraitu diote. Zorionez Erromako 2002-07-01eko Gizateriaren Krimenen aurkako Kortea sortu zenetik, asko argitu dira arlo honetako gorabeherak. Terrorismo ekintza eta beren ondorioei larritasunik kendu gabe, aitortu behar da ez direla gizateriaren aurkako krimenen artean sartzen eta dauzkaten izaera ezberdintasunak funtsezkoak direla eta ondorioak esentziazkoak.

Ondorioen artean nagusia preskripzioari dagokiona da. Frankismoko krimenak, eta zehazki fusilamentuak, gizateriaren aurkako krimenak dira nazioarteko zuzenbideko definizioen arabera, eta ondorioz ez dute preskribatzen. Ez da zuzena hainbestetan eta hainbestetan entzun izan dugun esaldi hain bortitza, zera alegia, horiek aspaldiko kontuak dira, horiek iraganeko kontuak dira eta abar.Ezin da ahaztu Euskal Herri osoan, eta bereziki Nafarroan Frankismoak utzitako ondorioak ez direla gainditu eta oraindik eragina daukatela; eragin ekonomikoa, soziala, kulturala eta batez ere politikoa. Beharrezkoa izan da beti, eta beharrezkoa izaten jarraitzen du «altxamendua» deitutako gizateriaren aurkako krimena izan zen hartan protagonismo zuzena eduki zuten erakunde, enpresa eta instituzio batzuek aitorpena eta autokritika egitea; zehazki Garcilasok zuzentzen zuen egunkariak enpresa bezala, edo Holaetxeak gidatzen zuen elizak, instituzio bezala.

Torturatik hasi eta gizateriaren aurkako krimenetara igaro, baina ustelkeria aipatu gabe ezin bukatu. Espainiako estatua ustelkeriaren oldeak estali eta gainezka dago. Komunikabideetan dena estaltzen dute eta gainezka jarri. Kezkagarriena, ordea, da jendearen eta jendartearen asperra edo axola ttipia. Gezurra dirudi nazka eta amorru gehiago ez agertzea, batik bat etengabe bizi garen hauteskunde kanpaina hauetan. Politikarioi edo politikan ari direnei interesatzen zaie inori baino gehiago ustelkeriaren lohia, herdoila, kutsua eta pozoia ezabatzea. Agian ustelkeriari nazka soziala sortzea helburu duen elkartea sortu beharko litzateke. Nazka, amorrua eta barkamenik eza ustelkeriari.

Baina nola aitortuko dute horrelakorik, torturaz zigortuak gertatu ondoren aztoratzen, urduritzen edo mugitzen ez direnek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.