Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Erabilera librea

2017ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Larogei urte pasatu direlarik, jabetza publikoko bihurtu dira 1936. urtean hildako idazle askoren lanak, horixe agintzen baitu Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeak. Hasi berri dugun urteko lehen egunetik aurrera, bada, nahieran erabiltzeko aukeran ditugu hainbat izen handiren lan are handiagoak; geurean Jose Ariztimuño Aitzol-ena eta Jose Manuel Lujanbio Txirrita-renak dira kasurik aipagarrienak.

Urtero izango da horrelakoren bat, urtero beteko baitira idazleren baten edo artegileren baten heriotzaren urteurrena. Aurtengoa, alta, berezia da, 80 urteko epe horrek Espainiako Gerran hastapenera garamatzalako eta gauza jakina da gerrak giza-kontraesanen arragoa direla, zeinetan geure nortasunaren alderik distiratsuenak eta ilunenak batera jazo ohi baitiran. Ez harritu gerra garaian sortutakoak arte-lanik ederrenak badira, ezta garai bertsuan krimenik lazgarrienak gertatzen badira ere. Nola liteke? Garai guztietako intelektualek galdera horixe egin diete bere buruari. Historian zehar, eta ez da egundo erantzunik aurkitu.

Zergatiek ihes egiten diguten, baina ez beren ondorioek iraun egiten dute. Ez dakigu zenbat pertsona hil zituzten duela 80 urte, baina ez da dudarik tartean izango zirela idazleak bezala, arotzak, nekazariak, beharginak, margolariak, bide-lapurrak, ameslariak, borrokalariak, lanik gabeak, apaiza, serorak, arrantzalea, maistrak edo basozainak. Milaka gizon eta emakume. Horien berririk ez da erabilera librerako sekula zabaltzen; ez dakigu zer utzi zuten eginkizun, ezta zer emana zuten gerraren korridore ilunetan haien argi-metxa betirako itzali zuten unea iritsi zitzaienerako. Ezezagunak zitzaizkigun hil ziren unean, eta horrek anonimo bihurtu zituen betiko: eskubide guztiez soilduta hil ziren, hil zituzten, ehortzi edo bide-bazterrera bota zituzten, fusilatu edo gosez ahitzen utzi zituzten, betiko, epe-mugarik gabeko isiltasunean. Ez da arrastorik utzi, ezin da berreskuratu milaka pertsona horien arte-lan txikiak, haien ametsak, gurariak, frustrazio eta beldurrak, adibidez.

Historia gertakarien segida ordenatua dela uste izaten dugu. Nolabait irudikatze aldera, soka moduko bat dela esan ohi dugu, iragana, oraina eta geroa lotzen dituen hari mehe, maiz ikusezina eta beti txirikordatua. Segida kronologikoa eten egiten da zenbait unetan, hutsuneak eta korapiloak ditu, oso gutxitan argitu edo askatzen ditugunak. Alferrik da izan zitekeen beste etorkizun horren peskizan geure burua zigortzea, baina zilegi zaigu zer gerta zatekeen galdetzea, irudikatze hutsak agerian uzten dituelako soka horren korapiloen ondorioak.

Pentsa dezagun gerra horrek sormenaren zuhaitz eder bat kimatu zuela, eta imajina dezagun zer zatekeen zuhaitz sendo hori gerra hura eta gerrak berak askatu zituen krudelkeriak horiek guztiak gertatu izan ez balira.

Nola zatekeen geure letren errealitatea, adibidez, ustez Hernaniko kanposantuan fusilatu zuten Aitzolek idazten eta idazleen belaunaldi berriaren lana hauspotzen jarraitzeko modua izan balu?

Nolakoa zatekeen euskarazko kazetaritza duela 80 urte lehen aldiz argitaratu zen Eguna kazetak gerrak zangotrabaturiko bide malkartsuan aurrera egiteko modua izan balu? Emen gara zioen lehen editorialak, baina izateari utzi behar izan zion euskarak egunerokoaren leihoan. Badakigu nola jarraitu zuen auziak: lehen editorial hark den-dena esaten zuen bere soiltasunean, garaia eta subjektua uztarri berean jarrita, une historikoa eta ahots koral propioa entzunarazteko borondatea azpimarratuz. Gutxi iraun zuen, gutxiegi, eta hark utzitako zuloan ez zen besterik errotu ahalik eta 53 urte pasa arte, Euskaldunon Egunkaria sortu zen arte, soka berean beste aurrera urratsa eginez. Gaur irekiko ditu ateak zekarren lehen orriak goiburu deigarrian, bere soiltasunean, hau ere, argi eta garbi hitz egiten zuena. Gutxi, gutxiegi iraun zuen hark, bidegabekeriaz erauzita beste behin ere. BERRIA honek hartu dio lekukoa historiaren sokan, orduko, geroko eta betiereko korapiloa behingoagatik askatzeko borondate sendoz.

80 urte igaro eta gero, 1936. urte hartan jazotakoa libre erabili daiteke. Gertatu zena eta horren erruz gertatu ez zena ere bai, orduan hildakoen memoria eta utzitako zulo eta korapiloak. 80 urte ere badira Picassok Gernika margotu zuenetik. Behin soldadu alemaniar batzuk margolariaren tailerrera joan ziren, eta haren lanaren aurrean txunditurik zera galdetu zioten: «Zuk egin duzu hori?». Eta Picassok erantzun: «Ez: zuek egin zenuten». 80 urte igaro eta gero, ez ahaztea komeni da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.