Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Armatuta

2017ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Oso zaila zait ETAren armagabetzeak eragin didana ez bakarrik hitzetan jartzea, baizik eta, are, neure kautan arrazoizko esaten zaizkion pentsamendu eta argudiatze moduetara tolestea. Banekien lehendik ere gatazka izendatu dugun horrek goitik behera, ezker-eskuin eta trabeska zeharkatu nauela gogoa dudanetik, naizen osoan laga duela arrastoa —ziurrenera, zuei nire jendartekide gehienoi bezala—. Baina egunerokoan oharkabean bizitzen ditugun gauza horiek indar bereziz mamitzen dira egoera batzuetan. Horrenbestez, halaxe nabil azken egunotan, zurrunbilatuta, ideiak burmuinetik urdailera jauzika, emozioak zainetatik bihotzera trumilka, oroitzapenak desioekin dantza dardarti eta gaitzean estuki lotzen zaizkidala. Erraietara eraman nau armagabetzeak: erraietako mintzo gordin, mingarri bezain askatzailera.

Harriduraz egin dut erraietarako bidaia. Harriduraz, orain ia sei urteko borroka armatua behin betiko uzteko iragarpen hark baino inarroste handiagoa eragin didalako armagabetzearen honek. Azalpen bila ibili naiz, eta uste dut armagabetzearen egitateak berak baino gehiago ekintzaren nolakotasunak astindu nauela: armak, jendarte zibileko kideen ekimenez eta halabeharrak behartuta —bai, halabeharrak—, jendarte zibilaren esku lagatzeak. Keinu horrek, gertakari horrek, zuzenean lotzen nauelako gatazkak nigan utzitako arrastoetara, hau da, min eta zaurietara —konturatu naiz, ohikotan ez ikusiarena egiten badiet ere azal geruza fin-finaren azpian haragi bizitan direla—.

Bai, armek eragin didate mina. Umetan ez nuen exorzizatu beharreko neskatorik, pailazo hiltzailerik edo gizotsorik fabrikatu behar izan nire amesgaiztoak elikatzeko: nahikoa zen senitartekoak, etxekonekoak, hurbileko lagunak etxetik eramatera gauez eta armatuta etortzen ziren guardia zibil eta poliziez oroitzea. Haien atzaparretan terrorezko bidaia egin eta gero nola itzultzen ziren ikustea: gorputza ubel eta gogoa ubelago. Ametsetik baino egiatik gehiago duten amesgaizto horiek etengabeko bidaia lagun izan ditut oraintsu arte, hurbileko jende askorengan gorpuztuta —Sandra Barrenetxea eta haren bidez agerian geratu den inpunitatea ezin ahaztu, zoritxarrez, egunotan—. Halaber, min eman didate lagunen espetxealdiek, sakabanaketak... hainbeste jenderen pairamenak, oraindik bizi eta gordin segitzen duenak.

Baina, baita ere, min eman didate ETAren mehatxua bizi izan duten lagun eta ezezagunek, bizkartzainekin ibili diren etxekoneko eta urrutikoek, eta zer esanik ez, hainbeste eta hainbeste hilotzek... Yoyesek, albo kalte gisa hildako langileek, bizimodua goxokiak salduz irabazten zuten zinegotziek...

Bai, armek eragin didate mina. Bereziki, nire iritzia aintzat hartu gabe nire izenean erabili diren horiek. Erabat alde edo bestela kontra, lubaki batean edo bestean, jarrarazi nautenek. Absolutuetan mugitu direnek. Nire balio, helburu eta nahiak, ni naizen hau, ukatzeko zorian jarri nautenek. Politikaren lekuan inertzia militarra jarri dutenek. Barrabil usain nabarmenekoek. Indarkeriaren gaineko debate zentzuzko bat bahitu didatenek. Anakronikoagatik eskizofreniara eraman nautenek. Abangoardia orojakilearen izenean buru askitasuna, erabakimena, ñabardura eta ahotsa ebatsi didatenek. Eskuak odolez zipriztinduta sentiarazten dizkidatenek. Hainbestetan, Arestik ETAko kideen amak gogoan 1974an idatzi eta Imanolek kantatutako (o, Imanol, beste zauri bat) ahapaldi haiek gogorarazi dizkidaten armek: «Etarren amek asko sufritzen dute/semeak hiltzen dizkietenean eta batez ere/semeek hiltzen dutenean...».

Horregatik zait hain inarrostailea halabeharrez bada ere armak jendartearen eskutara itzultzea. Aspaldi behar zuten lekura.

Eta ez dut ahaztu nahi beste arma batzuk —hain justu, gotorrenak— oraindik indarrean direla, zut, zanpatzaile. Denbora askoz armagabetuta sentitu naiz horiei aurre egiteko; orain, ordea, inoiz baino armatuago Euskal Herri zein mundu justu, libre eta hobe baten alde borrokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.