Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Zergatik

2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Jadanik ez dute «zergatik?» galdetzen. Baliteke adin-kontua izatea, nerabe bilakatu direlako gertakari guztien arrazoiez, txikikeriarik ñimiñoenez ere, etengabe galdetzen ziguten geure bi alabak. Horregatik izan daiteke, edo latzago dena: baliteke denborarekin, denbora-tarte urrian bada ere, zergatirik ez dagoela ulertu eta barneratu egin dutelako. Eta nik jakin nahi nuke zer galdetu ahal dion bere buruari gauza batzuen zergatiak bilatzeari uko egiten dionak.

«Zergatik hau, eta zergatik hori, eta zergatik ez horrela, eta zergatik bai honela» geure etxeko soinu-bandaren doinua izan zen urteetan; guraso zaretenok erraz ulertuko duzue zer diodan. Bat-batean, alta, aldatu egin da musika, eta jadanik ez da galdera hori horren maiz entzuten, eta horren ordez, gero eta gehiagotan, isilik geratzen dira, zer esanik ez balute bezala, edo egundo zer ulerturik ez balego bezala. Gogoratzen dut gogaitu egiten ninduela etengabeko itaunen segida hark, baina orduan sekula horrelakorik imajinatuko ez banu ere, orain jabetu naiz galdera horiek askoz nahiago ditudala oraingo isiltasunaren aldean.

Alabek eguneroko albiste-gosarian jaso zuten Manchesterreko atentatuaren berri. Lur eta zur geratu ziren, beren sasoiko gazte askok bezala, ezaguna baitute Ariadna Grande eta haren musika; ezaguna eta gustukoa, eta beraz, kidetasun sendo bat dago haien eta gure alaben artean, ahaidetasun figuratibo bat sortzen baita horrelakoetan. Etxekotzat dituzte gau hartan han dantzan eta kantuan ari zirenak, eta beraz, ez zaie batere kostatzen imajinatzea eurak izan zitezkeela bonba leherrarazi zuen gaztearen ondoan eserita zeudenetakoak, kaosaren erdian garrasi egingo zutenak, ihesi irtengo zirenak, babeslekua alferrik bilatuko zutenak. Eta elkarri begiratu zioten albistearen berri jaso zutenean, eta zerbait idatziko zuten adiskideen profiletako argitalpenetan,eta argazkiren bat partekatuko zuten, dolua eta pena azalduz. Hori guztia egingo zuten,baina ez zuten «zergatik» galdetu.

Gero eta usuagoa da ez galdetze hori. Alferrik delakoan? Batek daki.

Ez dute arrazoiez itaunik egiten, adibidez, Mediterraneoko edozein kostalde-zatian gorpu-andana topatu dutela dioten albisteak ikusten dituztenean. Harrituko dira hondartzaren gaineko koreografia makabroa ikustean, baina pasa egin da galdera egitea normala zen garaia. Itsasoaren erdian hondoratu den txalupa inguruan besoak altxatuta ageri diren naufrago horien dramaz, berdin-berdin. Jakingo al dute erantzuna, ikusiaren ikusiaz ohartu al dira jazotzen zaigunaz?

Jadanik ez dute ulertu behar zergatik gizonek emakumeak akabatu egiten dituzten, zergatik egun biz behin ikusten edo entzuten dugun gizon batek emaztea labankadaz hil duela, edo itota laga duela bide-bazter batean, edo norbaitek bortxatu egin duela beren adineko gaztetxo bat herriko festetan. Ez dute ulertu behar, errealitateak mila motibo eman dizkielako gauza batzuk, ulertezinak izanik ere, bere horretan onartu egin behar direla uste izateko.

Gizarte aurreratuen ezaugarri nagusietarikoa da, antza, patua ez onartzea. Harritu egingo ginen esango baligute gaur egun minbiziaren zergatiaz zertan galdeturik ez dagoela, edo ikertzea eta soluziobidea bilatzea alferrik dela. Gure aurrekoek Jainkoren baten apeten bidez azaltzen zuten ulergaitza egiten zitzaiena. Gainditu egin genuen langa hori, baina berri bat altxatu dugu, itxuraz. Atzera ari gara, zergatik galdetzeaz nekatzen garen unean, egoera aldatzeari uko egiten badiogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.