ARKUPEAN

Beste zilbor-hesteak

Mikel Elorza -

2017ko ekainak 14
Sopelako hondartzan lanean ikusi ditugu hondeamakinak, eta albistea kazetariek irribarre ohi baino zabalagoz ematen duten horietakoa izan da: hasi dira obretan Europa eta AEBak lotuko dituen kablea botatzeko; Virginia eta Euskal Herria zuntz optikoko hari punta-puntako baten bitartez lotuak. Barkatuko didazue imajinazioa xelebre samar ibiltzea, baina berehala zilbor-hestearen irudia etorri zait burura, hasiera bateko zalantza inozoarekin, zein ote ama zein umea. Dudarik ez dago, ordea: odola eta elikagaiak handik hona etorriko dira, eta koskortutakoan ere, hango errapeak edoskiko ditugu, hemen esnea nahikoa izanagatik ere.

Ez dira, baina, lotuak gauzkaten hari bakarrak. Madrilera ere makina bat hodi, kable eta bidek lotzen gaitu, eta halako batean tren hasieran pentsatu bezain azkar ez baina berdin garesti batek ere bai. Madrila, eta Parisa noski, Frantziarako lotura Bidasoatik iparralderantz zertzen bada ere. Han berdin, han ere kable, errepide eta trenbideak dituzte, eta lotuta daude aspaldian motel xamar ibili eta gero —batik bat haien grandeur-ak ohituta dauzkanerako— berriro en marche den Frantzia batera. Bidasoatik hegoaldera gaudenok ez diegu asteburu honetan kasu handirik egin, baina garbi dago boto-emaileen inertzia zein den. Eta hegoaldekoona ere bai, boto emate eta aliantza politiko eta abarrei begiratuta, pentsatzekoa baita errazagoa zaigula kablea egin eta botatzea Atlantikoaren bi ertzak elkartzeko ezen ez Bidasoarenak. Putzu handiagoa dagoela Irundik Hendaiara Bilbotik New Yorkera baino.

(Bide batez, eta Frantziaren eta atzerritar zein bertakoen inbasio/espekulazioa salatzeko izandako azken ekintza dela-eta: oporretako etxebizitzak edo bigarren etxebizitzak erretzen hasiz gero, Bidasoaren alde biez ari naiz, ilargitik prismatiko beharrik gabe ikusiko litzatekeen sanjoan suak izango genituzke. Erabat su transbertsala, gainera! Eta entenditzen dut ekintzaileen espiritua —ez sua—, baina onar dezagun, leloa ez da batere erreala: Euskal Herria salgai dago. Hedabide, afixa, sare sozial eta partikularrei begiratu bat eman besterik ez dago ohartzeko azken urteetan zerbaitetan ari baldin bagara horrexetan ari garela, gure burua saltzen.)

Handiak dira, beraz, Madril eta Parisekiko ditugun loturak, eta ekonomiko eta politikoez gain, kultura alorrekoak, erreferentzia-munduari dagozkionak dira sendoenak. Virginia Beach-etik Sopelara datorren haritik, lehendik datozen beste kableetatik, iristen zaizkigunak dira gaur egungo ama-zelulak, gure geneak markatzen ari direnak (Virginia Beachetik abiatu baina hemen egonkortu aurretik Madril eta Paris jotzen dituzte). Finantza harremanak, merkataritza alorrekoak eta ekonomikoak oinarria dira, baina haien gainean, eta haietaz aparte, bestelako zilbor-heste bat ere eraiki da, informazioaren inguruan, Interneten funtzionamenduan, kable eta uhin bidez iristen zaizkigun leiho eta eskaintzetan, kultura ereduetan, aisialdi-modu eta abarretan, New York, Madril eta Parisera lotzen gaituzten zilbor-hesteak gorputzaren eta gogoaren laboatarrak baino askoz latzagoak direnak.

Gure bizimodua, janzkera, jateko ohiturak, kultura kontsumitzekoak eta sortzekoak, aisialdikoak, harremanetarakoak eta baita pentsamendukoak ere kable horien bitartez birmoldatzen ari dira, ari gara. Edo ari gara, ari dira, ordena ez baita inportanteena, hierarkia baizik.

Baina pozik egon behar, kableak hemengo enpresa baten zigilua baldin badarama. Puntaren puntan gaude.

Ea nork eteten dituen, utzidazue hitz joko merkea, eraikitzen ari garen zilbor-besteak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna