ARKUPEAN

Indargabetzearen alde

Mikel Elorza -

2017ko urriak 25
Snapchat moduko aplikazio bat eskertuko lukete agintari eta politikariek. Gazteek (gazte horretan izugarri eskuzabal izanik) darabilten hori, argazki eta bideoak partekatu bai, baina epe jakin batean ezabatzen direnak. Efimeroa, hitzaren zentzurik sakonenean (halakorik badu, behintzat): zuk argazkia atera, edo zuri atera, edo gaur egun gero eta gehiago zuk zuri atera, eta biharamunean argazkia ikusteaz beldur ez izatea, argazkia egin izanaz ez damutu behar izatea.

Irudiek eta argazkiek inguratuta bizi garen honetan, guztia norbaiten disko gogorrean gordeta geldi litekeen sasoiotan, ondo dator jakitea ezabatuko dela, bertan zeudenek baino ez dutela gogoratuko unea, ordu txikitako okurrentzia, oso ondo nola ez dakizun hautatutako konpainia... Horiek desagerrarazteko aukera ona da, ondoriorik gabe ahulak izatekoa, imajinatzea badaudela disko pixka bat bigunagoak.

Dena erregistratuta geratzen baita, definizioz hotza eta zurruna den disko gogorren batean gordeta, eta zuk zeuk gogoratzeko astia izan baino lehen ere eraso egin diezazuke momentu lanbrotsu bateko gertakizunak, harremanak, akorduak.

Agintari eta politikariei ondo letorkiekeela esan dut, haiengan ohizkoa baita gerora ezabatu nahiko lituzketen harreman eta argazkiak noiznahi azaleratzea: ofizialki diktadore direnekin ateratako argazkiak —ofizialki diktadore ez ziren garaikoak noski—; hurrengo legegintzaldian deabruaren pare jarritakoarekin ez hain aspaldi egindako aliantza... Pragmatismoa deitu izan zaio, edo erantzukizun politikoa, baina pentsatzen dut min egin behar duela kontrarioak gogorarazten dizunean urliaren gobernua sostengatu zenuela, sandiarekin akordio bat sinatu zenuela edo orain historiaren zakurren salara egotzia dagoen berendiaren aldamenean irribarrea eskaini zeniola argazki-kamerari. Mina egin beharko luke.

Zure ideiekiko leialtasuna, koherentzia deituriko hori, betidanik hautsi izan da, dena den. Mitologia klasikoak ere eskaintzen dizkigu adibideak —baina hori gaur egun Twenty baino zaharkituagoa dago, ez badu Hollywooden filmen batek berritzen—, baina zertaz ari naizen irudi zehatza egin nahi izanez gero PSOE adibide nahiko ona da. Historiako tippex bat asko eskertuko luke.

Agintariek argazki eta harremanetarako snapchata eskertuko lukete, hortaz. Herritarrok erabaki eta neurrientzakoa, argazkiena jasan baikenezake, urdaila gero eta sorgorragoa dugu. Legeen aldaketak, norberari hozka egin liezaioketen otsokumeak (CIUk ere baiezkoa ez al zion eman sakabanaketari?), sistema-egiturak... Horiek dira luzera mingarrienak. Horiek erabaki eta ezarri egiten dira, une jakin bati erantzuteko, baina une jakina pasatu eta gero erabakia ez da atzera botatzen. Espainian zigor legeetan koskak ikaragarri estutu dira, une jakin bati erantzuteko, baina unea pasatu da eta neurrietan atzera ez da egin. Eta Auzitegi Nazionalak ahalmen errepresibo izugarriak mantentzen ditu (epaitegi bidezko diktadura bat da Espainiako estatua aspaldidanik), alderdien legeak indarrean dirau, giza eskubideen alorreko konpetentzien gaineko kontrola Madrilen dago...

Eta Kataluniara begira gaude, ezinbestean, eta segitu behar (155a ere ezartzen baino zailagoa izango da kentzen!!), elkartasunez. Baina gurean ere duela urte batzuk zorroztutako piztiaren erpeek erasotzen gaituzte oraindik: 600 urteko zigor eskaera erori zaie herritar batzuei (jordi-ak bezain preso politiko izandakoak), Altsasu eta Oreretako gazte batzuk gaztetasuna itzalean uzteko arriskuan daude; adierazpen askatasuna epaitegietan borrokatu behar da...

Snapchat bat baino askoz gehiago behar dugu. Ahuluneak ezabatuko dituena baino, indarruneak indargabetu ahalko dituena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna