Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Nabarreriakoak

2017ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Nire haurtzaroko mundua desagertzen ari den sentsazioa daukat, baina, lasai, ez dizuet Obabakoak kontatuko, edo Tasio, edo Bilbao-New York-Bilbao, edo Amama: urteen poderioz azala aldatu egiten da euskal sorkuntzan, baina mamia, erran nahi baita leitmotiv-a, ez hainbeste.

Zorioneko zabiltzate: kalekumea naiz. Haurtzaroan ez nituen Virgilioren nekazari zoriontsuen azken euskal oinordekoak ezagutu, baizik eta azken euskal jonki koitaduak. Badakit: kontua ez da horren originala, haietaz ere mintzatu dira Armendariz zein Uribe. Egia esan, jonkiei bainoago haurtzaroan —edo, zehazkiago, nerabezaroan eta lehen gaztaroan— jonkiak ikusten nituen lekuari erreparatuko diot. Hainbatek diote norberaren aberria txikitan jolastu zen lekua dela. Ez ote garen lehen parrandak egin genituen lekukoak.

80ko eta 90eko hamarkadak. Jarauta. Nabarreria. Jonkiak. Parrandak. Asanbladak. Mandatuak. Autoak kale guztietan. Zakur kakak nonahi. Poliziaren eta manifestarien arteko liskarrak noiznahi. Eta bizitza borborka.

Dena aldatu da, erabat. Zenbaitetan, onerako. Hainbatetan, txarrerako. Interes ekonomiko pribatuek zizelkatu baitute metropoli foralaren bihotza azken hamarkadan.

Erdigunean, Corte Ingles erraldoia eraiki zuten Nafarroako Liburutegi Nagusiarentzat behar zuen orubean. Hori bai gerra kulturala. Hori bai kulturari gerra.

Horren aurretik, Iruñerriako azalera handiko saltokien eskaintza jada milioi bat lagunentzako modukoa zen, iraultzailea izatearen batere susmorik eragiten ez duen Nafarroako Merkataritza Ganberaren arabera. Eta saltoki erraldoiotara iristeko, lau karrildun errepide dotoreak eraikiak zituzten, eta Versailleskoak ziruditen lorategi dotoreak, erakunde publikoek, guztion diruarekin.

Esan gabe doa horrek —krisi orokorrarekin batera— hondamendia ekarri ziela Alde Zaharreko dendei. Oraindik amaitu ez den odolustea: azken bost urteotan hamarretik batek itxi ditu ateak, udalak eman berri dituen datuen arabera.

Merkatari txiki eta ertainak kutxazain prekario bihurtu dira. Edo tabernari prekario, tabernek hartu baitute denden lekua. Eremu saturatua zela eta, urtetan ez zuten auzoan ostatu berriak zabaltzeko baimenik eman. Baina UPNren azken legealdiaren azken txanpan, txorrota zabaldu, eta jada beteta zegoen basoa gainezka egin arazi zuten, auzokoen desesperaziorako, inbertsiogileen aberasteko.

Zenbait auzokide taldek antolaturik, Iruñeko Alde Zaharrari buruzko jardunaldiak egiten ari dira Katakrak liburu dendan. «Arazoa da hiria garatzen denean inbertsiogile pribatuen interes ekonomikoen arabera, eta ez auzokoen interes sozialei jarraituz», azaldu zuen herenegun Daniel Sorando soziologoak, maisuki. Gentrifikazioaz mintzo dira, turistifikazioaz, ostatu kopuru altuegiaz, auzokoen bizi kalitateaz.

Ene uste apalean, baina, faktore bat bazterrean uzten ari dira: kontua ez da —soilik— agintari erregionalistek inbertsiogileen interesak lehenetsi dituztela, auzokoenen gainetik. Ene uste harroan, horretaz gain, aurkari politikoaren harreman sareak desegin nahi izan dituzte.

Historikoki, UPNk eta PSNk boto gutxi lortu dituzte auzoan. Eta, historikoki, Alde Zaharra Iruñeko borroka sozial askoren eszenarioa izan da.

Alde Zaharra da kiroldegirik gabeko Iruñeko auzo bakarra. Alde Zaharreko San Frantzisko da patio estalpedunik ez duen Iruñeko ikastetxe publiko bakarra. Kasualitatea? Ez dut uste. Guraso gazteak auzotik uxatu nahi izan dituzte. Auzoaren etorkizuna moztu.

Mario Gabiria soziologoak 1979an idatzi zuen Alde Zaharra festarako eta subertsiorako auzoa zela. Azken hamarkadetan, Alde Zaharreko tabernetako festa giroan hainbat laguntasun, elkartasun eta militantzia sare ehundu dira. Irudipena daukat gune horretan bestelako tabernak zabaltzeko baimena emanez, sozializazio eremu berezi hori zapuztu nahi izan dutela.

Beste datu bat: Alde Zaharra oinezkoentzako egokitu zutelarik, auto guztiak zein kaletara bideratuko, eta Jarautara, taberna giro abertzaleena zuen karrikara.

Xedea ez ote den auzo bizigarria ez ezik, auzo bizia.

Ez ote naizen jarri malenkoniatsu —zaharruno, azken mohikano— nire lehen parranden aberria desegiten ikusita. Sortuko dira bestelako aberri hobeak, jakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.