Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Iritzia Garaiz kanpoko heroiak

Publizitatea

Iritzia

ARKUPEAN

Garaiz kanpoko heroiak

 
Orain dela 15 urte, 2002an —eta barkatu gaur data asko eta nire testu zenbait aipatzen baditut— antzerki-lan bat idatzi nuen, Heroien gaua izenekoa: bertan, 45-50 urte bitarteko bikote bi elkartzen dira afaltzeko; beren miseria txiki eta handiak agertuko dira plateren eta kopen artean, baina, afariak aurrera egin ahala, beste gai bat doa lekua hartzen eta giro guztia blaitzen: bikote bien seme-alabak zertan ote dabiltzan une horretan; koktelak edaten ez baizik koktelak botatzen ari ote diren beldurra, eta horren errua batak besteari leporatzea. Ez dago esan beharrik baina baten bat ahaztuta balego, kale-borrokaren urteak ziren haiek, eta nire inguruan guraso abertzale askorengan sumatzen nuen ikara zen, seme-alabak ez ote ziren aurreraegi joango eta horrek ez ote zizkien ondorio bueltarik gabeak ekarriko, noiz eta ziklo armatuak etorkizunik ez zeukala gero eta argiago zegoenean eta estatuak gazteei ezarritako zigorrak modu dramatikoan gogortu eta biderkatu zirenean.

Testu hori 2004an argitaratu zidan Artezblai argitaletxeak, Amodioaren ziega izeneko beste lan batekin eta Aizpea Goenagaren hitzaurrearekin, eta handik gutxira, berriz, gaztelaniaz atera zidaten Eva Forest zenaren Hiru argitaletxean, Koldo Izagirrek itzulita. 2014an, testuaz ia ahaztuta nengoela, Altsasutik deitu zidaten, bertako Tarima Beltza antzerki talde amateurrak taularatu nahi zuela-eta, zer-eta erdaraz. Nire antzezlan bat Euskal Herrian erdaraz emateak sortzen zidan ezinegona gorabehera, talde amateur haren borondate ona eskertu eta baietz esan nien altsasuarrei. Nunca fuimos héroes obraren estreinaldian izan nintzen, eta han ikusi nuen, egokitzapena egitean, bikoteen xextrak bere horretan utzi baina kale borrokari zegokion guztia ezabatu egin zutela. Sentipen bikoitza eragin zidan erabaki horrek: batetik, testuaren muinaren anputazio ankerra iruditu zitzaidan; bestetik, borroka armatua amaitu ondorengo aldian, gaurkotze beharrezkoa ere bazen, beste garai batekoak ematen zutelako gurasoen beldur haiek, beren seme-alabak poliziaren eskuetan amaituko ote zuten.

Handik bi urtera, 2016an eta Altsasun bertan izan zen gertaera ezaguna: herriko festetan, goizaldeko ordu txikietan, taberna batean, alde batetik guardia zibil parea beren bikotekideekin eta bestetik herriko gazte batzuk liskarrean hasi ziren. Txisteetarako moduko pasadizoa, ez balitz fiskalak 50 kartzela urte inguru eskatzen duelako istilu haiengatik auziperaturiko zortzi gazteetako bakoitzarentzat. Berrogeita-hamar-kartzela-urte-zortzi-gazteetako-bakoitzarentzat. Berriz idatzi dut, astakeriaren tamainaz jabetu gaitezen. Eta gazte haien izenak kopiatuko ditut orain, estatu-ankerkeriaren eta injustiziaren antologia guztietan odolezko letra gorri eta mingarriz idatzita egotea merezi dutelako: Oihan Arnanz, Jokin Unamuno, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Adur Ramirez de Alda, Aratz Urrizola, Iñaki Abad eta Ainara Urkijo. Horietako hiruk (Oihan, Adur eta Jokinek) urtebete daramate gainera espetxean, etxetik 500 kilometrora eta FIES etiketak dakartzan baldintza gogorretan.

Adin-kontuengatik, gazte horien gurasoengana doakit gogoa. Edo Iruñean manifestazio batean parte hartzeagatik terrorismoagatik auziperatu dituzten hiru gazte errenteriarren gurasoengana. Antzerkiko gurasoek ez bezala, haiek ezin inola ere espero horrelako gertakaririk, ez baitu logikarik ez zentzurik, Estatu baten gorrotoa, mendeku-gosea, itsukeria eta inertzia zapaltzailea ez badira. Eta nik nire antzerkia garaiz kanpoko, démodé eta zaharkitua bihurtzea nahi nuke, behingoz eta betiko.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak