Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Gaur

2018ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Gerrarik ankerrenak ez dira guda-zelaietan gertatzen. Siria, Yemen, Irak, Palestina, Afganistan... etxeko egongelaraino sartu zaizkigu. Hildakoak, senideen garrasiak, ikararen aurpegiak. Irudi lazgarriok gure iruditeriaren barruan txertatu ditugu. Txertaketa horrek, ordea, itzalean utzi ditu beste gerra ikusezin batzuk. Ez naiz soilik ari fokutik at geratu diren gatazkez (saharar herriaren borroka edota errefuxiatuen eskandalua, kasu), baizik eta mundu likido honetan nagusi den axolagabekeriak sorrarazten dituen biktima isilez.

Hainbat eta hainbat min oharkabean igarotzen zaizkigu. Ez dizkigute erakusten edo ez ditugu ikusi nahi. Gerra horiek ahanzturaren pleguetan gelditzen dira. Bauman eta Donskis-ek Grezian asmatutako terminoa ekarri dute gogora: adiafora; hau da, zenbait ekintza ebaluaziotik eta beharrizan moraletatik kanpo uzten dituen jarrera. Hitz lauz esanda: guztiaz paso egiteko jarrera. Halako txindurritze morala ikusten dut nik han eta hemen. Egun, gizartea astintzeko, zerbait ezustekoa edo brutala behar da.

Aipatu bi autoreen arabera, gaur egun beldurra eta modernitatea neba-arreba bizkiak dira; areago, «biki siamdarrak» direla diote haiek. Gaur, eta beti, beldurtuta egoteko gutxienez hiru arrazoi nagusi daude: ezjakintasuna (ez dakigu bihar zer gertatuko den); ezintasuna (datorkigun kolpea saihesteko gai ez izatea pentsatzea) eta umiliazioa. Azken hori aurreko bien ondorioa da eta gure auto-estimua bereziki kolpatzen du.

Testuinguru horretan izugarri hauskor eta eragin errazak bihurtzen gara denok. Egoki samurtutako edo makillatutako erdipurdiko gezurrak irensteko joera handitu egiten da. 2002an Pulitzer saria jaso zuen Chris Hedges kazetari estatubatuarrak argi azaldu du duela gutxi: «Gezur iraunkorrak hutsaldu egiten du diskurtso politikoa, antzerki absurdoa bihurtuz». Hala ere, bere ustez arriskurik handiena ez ei dator adierazpen askatasunaren ezabaketatik, edota sarearen neutraltasunaren amaieratik, ezta ekozidiotik ere. Nondik dator orduan? Bada, egia eta gezurra, justizia eta injustizia bereizten laguntzen zuten erakunde, unibertsitate, kultura-instituzio eta komunikabideen ahultze eta baztertze prozesu sistematikotik. Hortik dator mehatxurik gordinena. Gehiago ere dio: «Gezur iraunkorra totalitarismoaren apoteosia da. Ez du axola zer den egia, baizik eta egoki ote den». Horregatik, botereari botere gehiagorekin egin behar zaio aurre: «Instituzio eta erakunde paraleloak sortu behar ditugu, enpresa eta korporazioekiko menpekotasunetik babestuko gaituzten eremuak». Eta langintza horretan, giza harremanak, gertutasuna, komunitatea guztiz beharrezkoak dira. «Agian dio Hedges-ek, gu geu ere ez gara salbatuko [...] baina gai izango gara bederen egia, edertasuna, enpatia eta justizia nagusi izango diren erresistentzia-eremuak sortzeko».

Duela hilabete bat berripaper honetan Xabier Mendigurenek honela justifikatzen zuen gaur Bilbon presoen eskubideen alde Sare plataformak deitu duen mobilizazioarekin bat egiteko arrazoia: «Ziega urrunetara besarkada bat bidaltzeko, mendekuaren politikan gotorturiko estatuari gogorarazteko herri bat garela eta gizatasunezko tratu bat zor diela bere bahituei».

Euskal preso eta haien senideek pairatzen duten sufrimenduaren inguruan isiltasun mantu ikaragarri lodia dago ezarria Espainiako komunikabideetan. Ez dira ezer. Ez dira existitzen. Itzalean gaude. Federico Garcia Lorcak idatzia da ondorengoa: «Murruen barruan itxita dauden gauza asko bat-batean kalera irten eta oihuka hasiko balira, munduak berak gainezka egingo luke». Berak ere esan zuen: «Sentimendu guztietatik ikaragarriena itxaropena hilik izatearena da». Horregatik, garrantzitsua da gaur, 17:30ean, Bilboko La Casillatik aterako den manifestazioan egotea. Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Bai, gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.