Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Unibertsitatearen heriotza

2018ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Gaixoa hilzorian da. Bizi ezaugarriak gero eta ahulagoak ditu. Soilik mirari batek salba lezake. Batzuk gaubeila duina prestatzen hasi dira, etorkizunerako gera litekeen epitafioa zirriborratu dute: «Hemen datza inoiz libre izatera ausartu zen instituzioa, jakintzaren sorleku, ezagutzaren transmisio eta eztabaida kritikoaren hauspoa izan zena». Unibertsitateaz ari naiz. Dramatikoegia agian? Lerrokada hauen helburua, hauxe: unibertsitateak —instituzio bezala— egun betetzen duen funtzioaz gogoeta egitea.

Nago unibertsitateak, azken hamarkadotan, dezenteko erreferentzialtasuna galdu duela: analisi kritikorako tartea nabarmen murriztu egin da. Pentsamolde bakarrak esparru berriak irabazi ditu. Alde horretatik, bat nator erabat Leonidas Donskis irakasle lituaniarrak egin duen diagnostikoarekin. Bere ustez, egun instituzio honetan «askatasunik gabeko kapitalismo akademikoa ezarri da, tirania teknokratiko eta burokratikoa» eta, paradoxikoa bada ere, den-dena askatasunaren eta aurrerapenaren izenean egiten ari da.

Balio duena zera da, gure unibertsitatea Shangaiko ranking-ean agertzea (teoriaz, munduko 500 zentrorik onenak biltzen dituen sailkapena), edota gure ikertzaileen artikulu zientifikoak JCR (Journal Citation Reports) zerrenda sakrosantuan agertzea. JCR Biblia bera da, bibliometriaren «zero gunea». Zure artikuluak bertan ez badaude zirkulaziotik kanpo zaude, ez zara inor ikerkuntzaren munduan. Horrela sinetsarazi digute. Konplizeak izan gara, baita ahotsa altxatzen dugunok ere. Izan ere, gure hileko soldata bera, neurri batean, horren arabera erabakitzen da.

Gutxiegi haserretu gara. Esaterako, oso irakasle gutxi ausartu dira publikoki Iñigo Urkullu lehendakariari galdera hau egitera: zergatik murriztu duzu horrenbeste Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Sailari eskainitako gastua? Izan ere, 2009an sail horrek EAEko BPG barne produktu gordinaren % 4,27 bereganatu zuen eta aurten % 3,5 (Iturriak: Eustat eta EJ). Nola liteke Gobernuak 2017ko aurrekontuetan AHT bezalako egitasmo bati diru gehiago eskaintzea EHU osoari baino? Aurtengo aurrekontuetan Jaurlaritzak 310,4 milioi euro eskainiko dizkio EHUri. 2015-2018 urtealdirako onartutako Unibertsitate-planaren arabera, berriz, 320,8 izan behar ziren. 10,4 milioi euro bidean galdu dira. Zergatik zigortzen dute hezkuntza mundua eta bereziki EHU? Zer egin diegu? Ez al gara krisitik ateratzen ari? Orduan, zergatik ezin da bueltatu krisi-aurreko finantziaketa mailetara?

Botereari egin dakiokeen kritiketako bat, besterik ez da. Sindikatuek egina dute. Norbanakoen haserre eta kritika falta sumatzen da. Inertziak nagusi dira irakaskuntzan eta ikerkuntzan. Ezertarako ez dago astirik. Ikerketa-lerro batzuek alfonbra gorria daukaten bitartean, beste batzuk, berriz, deserosoak dira. Irakaskuntza eta ikerkuntzaren kalitatea neurtzeko erabiltzen diren ebaluazio-irizpideak sarritan oso eztabaidagarriak dira. Merkatuaren logika esfera sozialetara ere zabaldu da. Unibertsitatean nagusi den arrazionaltasun neoliberal horrek lotu, mututu eta geldiarazi gaitu. Karrera akademikoa eragozpen-lasterketa amaigabea bihurtu da. Eta horrek bere kostua du. Patricia Amigot eta Laureano Martinez ikertzaileek ohartarazi duten bezala, une honetan kalitate eta bikaintasuna lortzeko dagoen presio horrek antsietate, depresio, lotsa eta erruaren sentsazioak areagotu ditu hainbat irakasleren artean.

Zer-nolako unibertsitate-eredua egiten ari gara? M. Luther King-ek aspaldi egin zuen gogoeta hau: «Ezer ez da arriskutsuago ezjakintasun zintzoa eta arretaz eraikitzen den ergeltasuna baino». Akademia munduan gaur egun nagusi den inertzia ustez neutro horri galga ez badiogu jartzen, unibertsitatea ezjakinak eta ergelak sortzeko makina bihurtuko da. Harri guztiak ezin dizkiogu sistemari bota, errua gurea ere bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.