ARKUPEAN

Distirak itsutu egin dezake

Mikel Elorza -

2018ko otsailak 14
Olinpiar Jokoen sortzailetzat jotzen den Coubertingo baroiari esleitzen zaio lehenengo jokoetako batean goiburu erabilitakoa, orain maxima olinpiar gisa baliatzen dena: «inportantea parte hartzea da, ez irabaztea». Guk gaztetan garbi geneukan Coubertin jaunak ez zuela bere kirol jardunean sekula irabaztea lortu, eta hori konpontze aldera asmatu zuela parte hartzearena... Gerora jakin dugu esaldia ez dela harena, baina berdin dio, bidea egin du. Bidea egin du esaldiak, justu kontrakoa nagusi den eremu batean: inportanteena irabaztea baita. Balio duena garaipena da, domina, errekorra.

Kirola maila batzuetan nagusiki negozioa den garaiotan —baina kirolaren balio oinarrizko batzuei utzi ez diola: lehiarena, irabaztearena—, identitatearena ere batu zaio asuntoari (gure taldea, gutarrak...), eta koktelak ezinbestean emaitza bat dakar: garaipena, garaipena, garaipena. Jokalariek eta entrenatzaileek euren buruak hauspotzeko eta zaleekin komunioa lortzeko matx handi baten bezperetan egiten dituzten diskurtsoak entzun besterik ez dago: «kamiseta hau defenditu beharra dago; kolore hauek janztearen ohorea; ezkutu honek daraman historia...» parte hartzearena ondo egongo da, baina finala galdu duenaz ez baita inor gogoratzen.

Lehia kulturaren eremura aspaldi pasea da (kantu eta literatur lehiaketak), eta BECen orgasmo sozial gogoangarria gertatu berri den txapelketa hortxe dago. Bertsolariengana iritsia da gainera jokalari baten aldeko pankarta eta mezuena... baina oraingoz lehiakideak ere txaloz hartuta, ez kontrario. Alde handia dago kirol estadioetako zenbait basurdekeriarekin.

Joan den asteko zinema alorrekoak harritu nau. Espainiako zinema sarietakoa. Inoiz ez bezala, kirol zaleen moduan sumatu ditut euskaldunak (guztiok, zer erremedio!). Handia zen gure taldea, gure jokalaria, eta sarietako bakoitza gol bat bezala ospatu da. Gure taldearen gola. Eta gero goraipatu, zoriondu, eta zoriondu, eta berriro ere zoriondu. Haiek egin dutena bai, handia da, baina nire uste harroan ez da txikiagoa sariok direla-eta eratu dugun zorion eta ospakizun bola. Ni ere poztu nintzen, bai, eta ez nuke nahi heterodoxiaren ortodoxo zaputzontzitzat agertu, inork arrakasta eta loria lortuz gero errezeloz hartzen duten horietakotzat. Bejondeiela, goza dezatela unea eta saria, eta aprobetxatu ahal dela niri handiegia iruditzen zaidan olatu hau, ez baita lan mundu horretan askorik izaten. Sariak horretarako balio badu, aurrera. Baina fenomenoak zalantzak sortzen dizkit, eta gauza batzuk berresten.

Identitatearena, bat. Sari nagusiak Isabel Coixetek poltsikoratu zituenean, Estiu 1993 eta Handia gaindituz, niri 155.aren garaipena iruditu zitzaidan, eta hori ez da kasualitatea. Eneko Sagardoy eskerrak ematen entzun eta nik ere konektatu nuen harekin, noski. Hor bada zerbait, apuntatu nahi duenarentzat. Beldurra ematen didana da sari nazionala noizbait hona ekarriko bagenu, gipuzkoar eta bizkaitarren arteko lehia imajinatze hutsak, eta nafarrak kateen bandera astintzen.

Eta zalantza handiena sariek hartua duten indar erregulatzailea. Sariei (eta nominazioei!!) zenbat denbora eskaintzen zaien, atzerriko glamurosoenei, ernegatua nauka, geure burua zenbateraino guk geuk kolonizatua dugun. Eta beldurtua indarraz. Zenbateraino lan edo produktu baten biziraupena —eta beraz haren atzean dagoen langile eta sortzaileena— sari eta kopuruen mende utzia dugun. Hainbeste ikusle, erosle, bisitari, garaikur... Horrela neurtzen da, eta horrek badu logika bat, jakina; baina horren arabera epaitzen da, eta hori arriskutsuagoa da, eta, arriskutsuena, sortu eta sustatzeko orduan ere irizpide hori nagusitzen dela. Parte hartzea batere ez inportantea bihurtzeraino.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna