Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Mina eta kaltea

2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Hotza egiten du, eta euria ari du. Oraindik. Otsailak berez izan ohi ditu horrelakoak, baina geurean otsailean euri zaharra ari du 2003az geroztik.

Egun hauek iristen direnean, amesgaizto batetik esnatzean bezalakoa izaten dut aldartea. Bizi-bizi ikaratu ninduten gertakari horiek ez direla berriro etorriko esaten diot neure buruari, baina etengabe etortzen zaizkit irudiak, hitzak eta hotsak. Telefono-dei horiek; isiltasuna beste aldean. Erantzun ezin genituen galdera horiek; «ez da posible»-ak.

Eta oroitzen duzun horretan itsatsita bezala, nola jaiki ez duzula asmatu pentsatzen duzu, baina maindireen azpian ere ez dago bakerik; betirako hozmindu ginelako 2003ko otsailaren 20 hartan.

Beste otsail asko etorri dira geroztik: hamabost goizalde triste eta mingarri, amorruz beteriko hamabost arratsalde ilun, denborak lanbrotu dituenak, baina oraindik gogoan bizirik daude, ezintasunaren, penaren, beldurraren eta ezin ulertuzko hainbat irudiren artean igaro direnak. Burua estalita, eskuak lotuta zihoan Joan Mariren burua makurtzen zuen esku hori gogoratzen dut; telebistako-kamerek argitu ezin izan zuten Martxeloren aurpegia ez zait ahazten; eta eztarrian apurtzen ziren haren hitzak bezainbeste, isiltasuna gogoratzen dut.

Mina; min sorra. Inorena izan gabe, guztiona zelako. Ez dakit nork erabaki zuen izena Euskaldunon Egunkaria jartzea, baina gerora argi ikusi genuen zuzen zegoela, euskaldun guztiok bizi izan genuelako egun horretako basakeria anputazio bat bezala, zerbait bortxaz ebaki, erauzi zigutelako. Eta min egiten du oraindik, min fisikoa. Egoera horretatik igaro diren askok esan izan dute urteak pasatu eta gero ere, lantzean behin galdutako gorputz-adarra bizirik sentitu egiten dutela. Eta ulertzen dut zer dioten, hamabost urte pasatu eta gero, galdutako eskuan hazkura nabari dugulako oraindik. Gorputz-adar mamuaren mina elkarrekin konjuratzen dugu egun hauek iristen direnean: gogoratzen dugu, ez ahaztu dugulako, oroitzeari ezin diogulako utzi elkarrekin aldarrikatzeko baizik.

Kaltea; kalte berreskuraezina. Orduko lana, ilusioa eta kemena ez direla alferrik galdu pentsatzeak apur bat kontsolatzen nau, baina gutxi, ez pentsa. Energia ez dela ezerezetik sortzen, ezta deuseztatzen ere, eraldatu egiten dela erakutsi digute fisikaren legeek, baina noizbait agortuko ote zaigun beldurra ezin uxatuta nabil. Patua makurra delako geurea bezalako herri txikientzat: behin eta berriro aurrera egin behar dugu harritzarra lepoan hartuta, txikientzat bidea ez baita sekula ordeka. Gutxien espero dugunean, estropezu eginaraziko digute, eta atzera berriro hasi beharko dugu, ia zerotik. Sisiforen madarikazioa geuretzat propio asmatu zela ematen du.

Miresgarria da Euskaldunon Egunkaria itxi eta gero, Egunero aurrena, eta gero BERRIA egin zutenak. Hura ber-sortu, ber-indartu eta egunez egun ber-zabaltzeko gaitasuna izan dutenen lana, baina egun hauetan burutik ezin kendurik nabil: zer zatekeen gaur egun euskarazko eguneroko prentsa Euskaldunon Egunkaria-ri bere bidea egiten utzi izan baliote?

Mina eta kaltea ez dira gauza bera. Biak borrokatu ahal dira, eta biak gainditu egin behar ditugu noizbait Sisifo hau askatuko badugu. Minaren aurrean goxo hartu behar ditugu hura gehien sufritu zutenak, begietara begiratuz. Eta isilik. Kalteak berreskuratzeak, ordea, zerbait gehiago eskatzen du: sufritzeari utzi gabe ere, otsaila euskarazko prentsaren udaberria bihurtu. Ozen. Geroa, orain ere, gugan dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.