Txema Ramirez de la Psicina
ARKUPEAN

Oposizioak, metodorik onena?

2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Hemen dira. Oposizioak, LEP Lan Eskaintza Publikoak. Hainbat urtez deialdiak geldiarazita egon ondoren, azkenean atera dira! Aurten ia 5.000 lanpostu Osakidetza, Hezkuntza eta Administrazio Publikoko beste arloetan.

Dagoeneko hamarnaka mila pertsona ari dira lehiaketa horiek prestatzen, akademietara joaten, etxeko zuloan sartuta, apenas irten gabe, egunero hainbat ordu horretara dedikatuz, ahalegin izugarria eginez. Laster barru albistegi guztietan BECeko irudi distopiko horiek berriro harrituko gaituzte: milaka eta milaka emakume eta gizon, gazte eta heldu, mahai izugarri luzeetan sakabanatuta, egurrezko aulkietan jesarrita, isil-isilik, formazio militarretan lerrotuta, euren aurrean papera eta alboan arkatza, azterketa egiteko prest. Aurpegian, tentsioa. Urdailetik gora, inurritze deserosoa. Horrelakoetan beti galdetu diot neure buruari: oposizioak metodorik onena al dira langile publikoak hautatzeko? Bidezkoak al dira? Prozesu osoa aplikatu ondoren, benetan bermatzen da hautatzen diren langileak onenak direla gerora burutuko dituzten zeregin eta lanpostu horietarako?

Hemen inork ez du ahoa irekitzen. Kritikak daude atera diren kopuruaren inguruan, baina inor gutxik kuestionatzen du metodoa. Eta metodoak mugatzen du prozesua eta prozesuak, emaitzak. Nik zalantza handiak ditut. Areago. Nire ustez, oposizioak ez dira metodorik onena inondik ere Funtzio Publikoaren sarbidea arautzen duten hiru printzipio ezagunak berdintasuna, merituen ebaluazioa eta hautagaien gaitasuna bermatzeko. Baten faltan bost arrazoi emango ditut jarraian, neurri batean Jordi Perez eta Kiko Llanera kazetariek El País-en argitaratutako txostenean oinarrituta (2017/04/09).

Traumatikoak. Norberaren etorkizuna azterketa batean jokatzeak ikara pizten du. Batzuek hobeto kudeatuko dute besteek baino, baina, edozein kasutan, prozedurak eragin nabarmena du emaitzetan.

Injustuak. Mundu guztiak ezin du eguneko hainbat ordu oposizioak prestatzera dedikatu, besteak beste, bitarte horretan gutxieneko diru-sarrerak behar dituelako. Egoera ekonomiko hobea edo etxekoen laguntza dutenek abantaila nabarmena dute.

Garestiak. Lehiaketa publiko hauen kostua izugarria da. Logistika itzela behar da azterketak gutxieneko bermearekin egiteko, baita egun horietan zaintzeko eta gero zuzentzeko ere.

Ez-eraginkorrak. Oposizioak ez dira metodo zientifiko bat. Azterketan egiten diren galderen eta gerora langile horrek burutuko dituen jardueren artean ez dago harreman zuzenik edo oso eskasa da. Lanaren Psikologian katedradun Jesus Salgadoren esanetan, estatuan «oposizioen baliotasun eta eraginkortasunaz ez da azterketarik egon».

Zaharkituak. Hamarnaka urte daramatzagu metodo berberarekin, onena delakoan, edo legediak horrela behartzen duelako. Gaur egun. Euskal Herrian erabiltzen den metodoa zaharkitua geratu da, besteak beste gure agintariak eta gizarte-eragileak ez direlako beste metodoak proposatzera ausartu.

Europan badira alternatibak, askoz eraginkorragoak, arinagoak eta merkeagoak. Erresuma Batuan, Alemanian, Herbehereetan, herrialde nordikoetan prozedurak errazagoak dira, zentroz zentro antolatzen dira. Era berean, merituen ebaluazio zorrotza egiten da eta elkarrizketak oso garrantzitsuak dira. Horren adierazle da Suedia eta Finlandian dagoen metodoa. Bertan, irakasle izateko hautatze-prozesua askoz azkarrago eta eraginkorragoa da. Eta estatu horiek erreferente dira.

Funtzio Publikoaren sarbidearen arauketa oso kontu potolo, konplexu eta zaila da. Ados. Baina dugun eredua ez badugu kuestionatzen, jarraituko dugu frustrazioa sortzen eta baliabide ugari alferrik gastatzen. Metodo honek gabezia handiak ditu. Ez da eraginkorra, ezta posible den bakarra ere. Aldatu beharko litzateke. Horretarako adostasun handia behar da alderdi politiko nahiz gizarte eragileen artean. Eredua birpentsatzeko unea iritsi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.