ARKUPEAN

Zuntz optiko asimetrikoa

Juan Kruz Lakasta -

2018ko apirilak 12
«'Lehendabizi sozialisten bila etorri ziren, baina nik ez nuen deus esan, ni ez nintzelako sozialista. Gero sindikalisten bila etorri ziren, baina nik ez nuen deus egin, ni ez nintzelako sindikalista. Gero judutarren bila etorri ziren, baina nik ez nuen deus egin, ni ez nintzelako judutarra. Gero nire bila etorri ziren, eta ez zen inor geratu nire partez mintzatzeko', Bertolt Brecht», txiokatu du Sandiak.

«'Etorkizuneko faxistek beren buruari antifaxista esanen diote', Winston Churchill», erantzun dio Berendiak.

Sandiak zaplaztekoa eman dio Berendiari: «Winston Churchillek ez zuen halakorik esan. Historia gehiago ikasi beharko zenuke», eta aipuaren okerra azaltzen duen lotura gehitu du.

Berendiak kokotekoa eman dio Sandiari: «Zure poema ez da Bertolt Bretchena baizik eta Martin Niemollerrena. Poesia gehiago irakurri beharko zenuke», eta poemaren egiletzaren berri ematen duen esteka atxiki dio.

Sandiak erasoari berrekin dio: «'Etorkizuneko tontoek beren buruari Berendia esanen diote'. Winston Churchill».

Berendia ez da atzean geratu: «'Gero Sandia eraman zuten, eta nik ez nuen deus esan... Zikin horrek ederki merezita zuelako!'. Bertolt Brecht».

Sandia berotu egin da: «Nazi alaena!».

«Argudiorik gabeko ergelek berehala betetzen duzue Godwinen legea», eman dio arrapostu Berendiak, eta lege horren arabera eztabaida linealak luzatu ahala Hitler edota naziak aipatzeko aukerak gero eta handiagoak direla azaltzen duen web orriaren helbidea jarri du.

Sandiak antzeko formula erabili du: «Argudiorik gabeko faxistak berehala ezkutatzen zarete Goldwinen legearen atzean».

Berendiak, gogor: «Ea azkar batean eramaten zaituzten!».

Sandiak, sutan: «Ea Carrero bezain altu iristen zaren!».

Berendia hurrengo txioan ezin lakonikoagoa izan da. Beste erabiltzaile baten izena aipatu du, besterik ez: @policia.

Sandiaren galdera zuzena: «Jo puntuan jarri nahi nauzu?».

Berendiaren erantzun bihurria: «Zalantza dut, ea zuk argi diezadakezun aipu hau Churchillena den ala ez: 'Deus ez baduzu egin, goizeko seietan atea jotzen badute badakizu esne-saltzailea izanen dela, eta bestela... Izorra hadi!'. Zer diozu?».

Kasualitatearen handia: istant horretan berean atea jo dute, bai Berendiaren etxean, baita Sandiarenean ere.

Berendia azkar batean joan da atea zabaltzera. Goseak amorratzen dago, eta espero zuena topatu du atearen beste aldean: pizza banatzailea, urdaiazpiko, piña eta txanpinoi pizza familiarra, eta garagardo lata bi.

Sandiari, aldiz, urdaila uzkurtu zaio. Etxepeko okindegian zein alboko kaleko supermerkatuan esnea saltzen dute, baina auzoan ez da etxez etxeko esne-saltzailerik. Eta berak ez du pizzarik eskatu. Pasilloan zehar aterantz doala, hastag bat etorri zaio burura: #JoSocSandia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna