Arrauna

Erakutsi zioten horren uberan sartuta

Peio de Vegak astelehenean hartu zuen Kaikuren gidaritza, eta arraunlariek konfiantza berreskuratzea nahi du. Azken pala kolpera arte lehiatuko direla dio, horixe ikasi baitzuen Kaikun arraunlari zenean.

Kaiku ziaboga ematen Zierbenako estropadan, uztailean, Eusko Label ligako laugarren jardunaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Kaikuko arraunlariek ezin diote begiratu Eusko Label ligako sailkapenari. Ez da existitzen haientzat. Peio de Vega entrenatzaile berriak (Portugalete, Bizkaia, 1965) horrela izatea nahi du: «Hasten bagara sailkapenari begira, eta ikusten badugu maila ez galtzeko lehen aukera 11 puntu aurretik dugula, zoratu egingo gara, eta ez digu ezertan lagunduko». Sei estropada geratzen dira zehazteko zein talde jaitsiko den eta zeinek jokatuko duen kanporaketa, eta De Vegak garbi dauka helburua lortzeko bidea zein den: «Estropadaz estropada joan behar dugu».

Aste hasieran hartu zuen Bizkaitarra traineru historikoaren ardura, zuzendaritzak Carlos Rodriguez lehengo entrenatzailea kargutik kentzea erabaki ondoren, eta aurreneko lanari segituan ekin zion: «Arraunlariek konfiantza berreskuratu behar dute, eta horretan ari gara. Oso onak dira, eta lan ona egin dute orain arte, baina COVID 19-aren etenak gogor erasan zion taldeari, eta, azkenak izanda sailkapenean, normala da animoz urri egotea». Ez zaio lan arrotza egiten ari arlo psikologikoarena: «Bestela ere, asko gustatzen zait buruko lana lantzea: nire metodoan leku berezia dauka». Buruarena ez ezik, Kaikuk beste lan batzuetako hobekuntza ere beharko duela pentsa daiteke; eta entrenatzaile bakoitzak bere bideak dituenez lanerako, De Vegak ere badu asmoa arraunkera eraldatzeko, nahiz eta denboraz eskas ibili: «Gauza asko aldatzeko aukerarik ez dago, baina kontu txiki batzuk bai».

Itxura hobetu nahi

Bihar eta etzi du aurreneko erronka, non eta Zarautzen (Gipuzkoa), ligako egutegiko estropadarik kutunenean. Lekuari baino gehiago, bere arraunlarien aldarteari dago so, eta garbi dauka nola ikusi nahi duen taldea asteburuan: «Etsipenaren zama kendu eta gero, lortu behar dugu estropada guztietan hutsetik hastea. Beste liga bat hasiko dugu orain, sei jardunaldikoa, eta beste pentsakera batekin egin behar diogu aurre». Badaki eta onartzen du, gainera, zaila izango dela mailari eustea, eta zuzendaritzakoei«miraria» hitza bota ziela dio: «Deitu zidatenean, zer nahi zuten esateko eskatu nien. Garbi asko esan nien mirarik ez dagoela kirolean, baina egoerari buelta emateko gai nintzela ere aipatu nien».

Bi aukera dauzka Kaikuk «beste» liga horretan, ezinbestean: ligan jarraitzea edo bertatik erortzea. Ez dauka besterik. Kale edo bale. Baina emaitzez harago begira ere badago De Vega, eta begirada horretan gauza bakarra du begiz jota: «Itxura hobetu behar dugu». Kaikuren historian oinarritu da hori esateko: «Beti izango gara klub historikoa, goian egon ala behean egon, oso historia luzea daukagulako. Mailari eusten badiogu, primeran, baina jaisten bagara, irudi ona emanda izan dadila».

Badaki zertaz ari den, ondo ezagutzen baitu Sestaoko talde handiaren historia, arraunlari izan zelako bertan; baita harrobiko gazteen entrenatzaile ere, eta sei estropadako itsaso nahasi horretan, garbi dauka zer eskatuko dien arraunlariei: «Bere garaian, hemen erakutsi zidaten dena eman behar dela arraunean, eta azken pala kolpera arte jarraitu behar dela borrokan. Hori egingo dugu guk ere. Haiek dira garbi dutenak orain artekoa hobetu egin behar dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.