mikel elorza
ARKUPEAN

Huntzak, akainak eta gu

2014ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Txartel ilunekin gertatu den aferak berehalakoan ekarri dit galdera gaiztoa, eta ez nintzen noski bakarra izango: herritar gehienen arrangura zein da, garai latzotan gutxi batzuek txartela suelto ibili izana?, ala txartela beraiek ez eduki izana? Osotasun ustelgaitzeko jendea ez da aurkitzen erraza, onar dezagun, eta askori —ni haragi ahulekoa naiz, onartzen dut— ateraldi marxista jalgitzen zaigu halakoetan: «Nik printzipioak dauzkat!, baina bueno, hauek gustatzen ez bazaizkizu beste batzuk ere badauzkat» (Marx pentsalariaz ari naiz, ez filosofoaz; Grouchoz, alegia).

Batzuetan pentsatzen dut gutxi batzuen horien lekuan —tira, azkenerako hain gutxi ere ez dira— askok jarriko lukeela bere burua, eta beraz deitoratzen duguna ez dela ustelkeria, batzuk bakarrik usteldu ahal izatea baizik; gaitzesten duguna ez dela lapur batzuen lotsagabezia, harrapakinaren banaketan gu ez egotea baizik. Nork bere partila ezin hartu izana.

Baina uste ustela da aurrekoa, merkekeria mediatikoa. Herritar gehienak ez dira lapurrak, eta ez lukete poltsa etxera eramango —Suitza edo Andorrara, kasu honetan—, aukera edukita ere. Eta ilobari lana emateko tentazioari izanda ere —edo koinatuari? Koinatuari ez, ezta?—, itzuri egingo liokete tentazioari.

Hala ikusten dut nik, bederen, gehienek bizikidetza arauak errespetatzen dituztela, eta horien baitako printzipioa dela norberarena ez dena ez norberarentzea. Jakina, tentazioari amore errazago ematen diotenak daude: kanutoak, lehen muxuak, puenting egiteak ere ez ditu denak indar berarekin erakartzen, beti daude xaleagoak, bizioaren maitaleagoak, eta beste aldean zurrunagoak, formalagoak.

Ahuleziei atakak jartzen asmatzea da kontua. Zer den seguru jakin gabe, kultura politiko deritzon horretan datza, noski, kontua, bere bi alderdietan: sistemak behar dituen muga eta neurri eta ondorioak ezarri jarrera batzuen aurrean; eta formazio politiko sendoa sustatu, res publica-ra iristen direnak oinarri batzuekin iristeko.

Ez du bermerik eskaintzen, eta ustelkeria da gaur egun ezkerretik hurbilen dauden ereduetan arazoetako bat —Hegoamerikako hainbat proiektu—, baina uste dut hortik datozkeela konponbideak, zati batean. Pertsonena da beste arloa.

Espainian lehenengoarekin ere arazoak daude, orain barkamen eske dabiltzanek ustelkeriaren aurkako oinarrizko hainbat neurri ez baitituzte hartu —Haziendarekikoak, alderdien finantzaketa…—, eta gainera granada etxeko salan lehertu zaien arte ez dira mugitu, ezkaratzean aspaldi zeukatela zekiten arren. Diru publikoen erabilera, sistemaren funtsetako bat dena, ez da ikuspegi horretatik arautu, eta hortik problemak. Hortik, eta hauteskundeen hurbiltasunagatik, hori ere ez dezagun ahantzi. Tipula-malkoak esapidearen sinonimo da, dagoeneko, politikari-barkamenak.

Bestalde, pertsonen arloa daukagu. Ez dena soilik pertsonena. Akainak ile suerte guztietan topa daitezke, eta huntza den jendea ere bai, eta ez jotak dioen legez inoren loari begiratzeko, gora eta gora beti jarduteko baizik. Baina goragintza geneetan daukatenez gain, arazoa dator eredua garaipen soziala bihurtzen bada, eta berau arrakasta eta dirua. Etxearen goialdean horiek jartzen badira, ba orduan huntza ugaritu egiten da, eta askok nahi du teilatura igo. Eta halaxe gabiltza orain, eta beraz hortik datoz aldaketarik zailenak. Indarrean eta gero eta indarreango dauden ereduak desegiten.

Eta beraz heldu beharko diogu zenbait planteamendu marxista zaharkituri —eta orain filosofoaz ari naiz, ez pentsalariaz—, baina buelta bat emanda eta XXI. mendeko pertsonen iragazitik pasatuta —pertsona faktorea sarri izan du ments ezkerrak—, eredu berria asmatu arte.

Izan ere, munduan aberats gutxi batzuek ondasunetan 14 milioi pertsonak adina dutela irakurtzea…amorragarria da, eta arrazoi etikoak ematen dizkigu gutxi horiei daukatena kentzeko. Baina ahaztu gabe inportantea ez dela asko duten horiei kentzea, deus ez dutenei ematea baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.