Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Itzuli gara

2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Bueltatu dira zangak eta mailu pneumatikoak, itzuli dira kasko zuriak eta lokatza, eta abiadura moteldu beharraz ohartarazten duten bide-seinaleak. Bidea lanengatik desbideratuta dagoela adierazten duten hesiak agertu dira berriro, eta baita errei bakarreko errepideak. Udaberriarekin, eta hauteskunde-iragarpenarekin, loratu dira makineria astuna garraiatzen duten kamioiak, eta etxe bueltan konpondu beharrik ez zuten espaloiak txukuntzen hasi dira. Hemen daude, itzuli egin dira. Eta itzuli diot, orain argi ikusten delako ez zirela desagertu krisia iragartzen zuten tronpeta hotsekin; besterik gabe, uzkurtuta egon direla urte hauetan, zelatan, egokiera berria noiz sortuko zain. Eta iritsi egin da tenorea, itxura denez.

Albiste ona omen da. Lana sortzen dute lanek, eta beraz, lan hori egingo dutenak behar izango dira. Langile kualifikatuak, edo langile kuantifikatuak? Berdin dio: hilaren amaieran lan-jornala jasoko dute eta urria izanik ere, poz txikiak itzuliko dizkie askori. Poltsiko meharretan hots apur bat eragiteko moduko soinua sortuko dute txanpon horiek. Ez da errekuperazioaren sinfonia arranditsua osatzeko lain izango, baina bada zerbait.

Hiriaren paisaiara itzuli dira garabiak, autopistetara kamioiak, eta zorionekoak gara berriro, espaloietan ez erortzeko lasterketa zoroan ibiliko bagara ere, bi koloreko konoen artean jauzi txikiak eginez.

Itzuli dira terrazak, poteoak, saltoki handietako jende-ilarak. Erostera irten gara, kalez kale erakusleihoei begira geratzetik dendetako ate barrura sartzera. Itzuli gara paperezko poltsak aldean erakustera, poz-pozik, jantziko ez ditugun kamiseta merkeak erostera, merke daudelako eta aprobetxatu egin behar delako. Itzuli gara hamaiketakora, zurito eta pintxora, afaltzeko planak egitera, gogoratuko ez ditugun hirietako museoetara sartzera. Aste Santua ona izan da, asko gastatu dugulako.

Adituek berehala aurkitu diote esplikazioa, iragana aurresaten duten aztiek beti asmatzen dutelako gertatzen ari dena gertatzen ari dela esatean. Ekonomia bizkortu egin omen da azken hilabete hauetan, eta erraza omen da ulertzea zergatik: lehengo baldintza txar bertsuetan egonik ere, orain konfiantza handiagoa dugula nabarmen da. Adierazle-sistema oso konplexua behar izango da, nik uste, konfiantzaren oszilazioak behar bezala entzuteko eta ulertzeko, baina izango da zerbait horren argi azaltzen zaienerako belarri adituei.

Beraz, entzuten dugun zalaparta hori guztia, palakadak eta mailukadak, berriro odola ponpatzen ari den bihotzaren taupadak dira. Konfiantzaz konpontzen ari dira errepideak eta biribilgune berria egiten ari dira bidegurutze zaharra (batere konfiantzarik ematen ez zuena, bide batez esanda) kentzeko. Konfiantzaz egindako etxeak altxatzen hasi dira gure auzoan, metro koadroa eurotan ordaindu beharko dugun arren. Adituek diote ona dela ekonomiarentzat eraikuntza pribatua eta lan publikoak abiatzea, horrek gauzak zuzentzen ari direla adierazten duelako batere zalantzarik gabe. Egia da, bestalde, aditu berberek irmotasun berberaz esan zigutela eraikuntza pribatu demasekoek eta batere zentzurik ez zuten lan publiko absurdoek ekonomiaren gainbehera eragin zutela, baina litekeena da orduan konfiantzarik ez izatea. Auskalo.

Kontsumoa nahitaezkoa da ekonomiak funtziona dezan, baina gure ahalen gainetik kontsumitu omen genuon erosle porrokatuok ez dakigu jadanik zer egin: erosi ala ez erosi, hor dago koxka. Zegokigun mailaren gainetik bizi izan ginelako bota gintuzten merkatuaren paradisutik, krisiaren basamortu latzera zigortuta. Jainko malapartatu hark ezarri zigun penitentzia luzea bete egin dugu jadanik, itxura guztien arabera, eta atzera gatoz berriro... lehengo toki berberera.

Bide luzeegia egin dugu batere ez mugitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.