Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Langileria (k)

2015eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Maiatzaren Leheneko bezperako zenbait kontu, Internazionala-ren doinuari ezkontzen ez zaizkionak:

Bat: Sasoi-sasoiko gizona 7-8 urteko alabari eskutik helduta doa. Haurraren eskua miniaturazko panpinatxoarena da aitaren ezkerreko eskutzarrean: ukondoraino bildutako alkandorak bistan lagatako beso zuztar indartsuak, eta, batik bat, atzamar handi ez ezik handituek, agerian uzten dute eskuak dituela lanabes. Beste eskuarekin geltokira sartu berri den trena seinalatu du: begiratzeko haren gurpilei esan dio alabari, erreparatzeko erroteriari, berak egindakoak direla haietako pieza batzuk. Eta aipatu ditu tornua, eta plano gaiztoak, eta zailtasunak, eta abilidadea, eta nagusien ezjakintasuna, eta burua erabili beharra, eta ordu askotako ahalegina. Eta izerdia. Batez ere izerdia. Harro azpimarratu du tren handi hura Madrileraino iritsiko dela. Berari esker. Eta bera bezalako beste askori esker. Langileei esker. Langileen izerdiari esker.

Neskatoaren miresmen begiradak bihotza epeltzeaz gain, ahoa berotu dio, eta zigorraren menpeko diren hitzak aipatu ditu: langileria, greba, klasea, borroka, elkartasuna, sozialismoa.

Alabari begira jarri, eta gauza bakarra desiratu du, ordea: haren eskuak beti izatea miniaturazko panpinatxoarenak, lan gogorretara eta besteen pentzuko izerdietara behartu gabeak. Zientzia-fikzioaren traza duten 2000koetan irudikatu du alaba, emakume heldu, ugazabaren alabaren pare, bizibideetan, bizimoduan, maneretan. Hartan tematuko da, esku eta izerdi.

Bi: Zientzia-fikziozkoak ematen zuten 2000koetan gertatu berri zaiena sinetsi ezinik dabil langile saldoa: jardin eta terrazekiko etxebizitzaren hipoteka, iragarkietako autoa(k), eta telesailetako oporrak ordaintzeko lain ematen zien soldata bukatu egin da bat-batean. Itxi egingo dute lantokia. Eskulana askoz ere merkeago den beste leku batera eramango dute. Borrokan engaiatu dira; arrazoi osoz eskatu dute elkartasuna, eta arrazoi osoz eskatu diete agintariei behartu dezatela enpresa geratzera, haietatik jasotako diru-laguntzak gogoan. Egin dituzte protestak, manifestazioak, itxialdiak, sinadura bilketak... baita gose grebak ere. Eta jaso dute hedabideen arreta. Eta langile horietako batek halaxe esan du begirada larriz kameren aurrean: desesperatuta dagoela, ez dakiela zer egin, seme-alabak dituela aurrera ateratzeko, eta, gainera, eurenean, andreak ez duela lanik egiten.

Andreak sukaldeko telebistan aditu du senarrak esandakoa, afalosteko azken txukunketak egiten ari dela. Akordatu da goizean goiz jaikitzen denetik izaten duen abeleraz: nola senarraren, alaba eta semeen, etxearen, egunerokotasuneko biziraupena bermatzeaz gain, amaginarreba zaharra zaintzen duen. 24 orduz. Nolanahi ere, senarrari ez dio ezer esango, hain dabil-eta larri, gizajoa.

Hiru: Oparoaldiagatik zientzia-fikziozko hasi ziren 2010etik gorako hauetan krisia da behin eta berriz ahoskatutako hitza. Aurrera gabe atzerantzakoa da martxa. Horregatik, harritu egin da A aspaldiko partez B-ren herrira iritsi denean; harritu apenas ikusten delako kaleetan hondamendiaren zantzurik: itxitako denda eta tabernarik, salgai den etxerik. Kontrara, dendak eta ostatuak ugaritu egin direla esango luke: kirol denda espezializatuak, masaje zerbitzuak, estetika zentroak, delicatessen jaki dendak, ardotan berezitutako taberna dotoreak... Harrituta dagoela esan dio B-ri; bere herrian ez ezik, probintzian bestelakoa dela egoera. B harrotu egin da A-k esandakoekin. Eurenean, gauzak ongi egiten asmatu dutela erantzun dio, pozarren. Sindikatukideak dira A eta B. Maiatzaren Lehenean elkar ikusiko dutela azpimarratuz despeditu dira.

Lau: Zuri-beltzezkoak ematen duten 70eko haietan aitari eskutik oratuta trenei begira ibiltzen zen neskato hark enplegu ona du egun administrazioan, aitaren, amaren eta bere izerdiari esker. Miresten du gurasoen kasta, eta, horregatik, ezkerreko alderdiei ematen die botoa. Are, asaldatu egiten da eskubide galera eta injustiziekin. Esaterako, erabat suminduta ibili da Mediterraneoko migranteen sarraskiarekin. Etxeko lanak egiten dizkion andre sortzez etorkinari, baina, beltzean eta urri ematen dio ordaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.