mikel elorza
ARKUPEAN

Astelehenekoak

2015eko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Gertatuak gertatu, galdu ala irabazi, ez dago zertan gure burua amildu, erreka jo, ez da hain inportantea… eta bihar lanera igual-igual joan beharko dugu! Gaur gauean askok erabiliko duen argudioa da, Bartzelonan jokatuko den partida dela-eta hurkoa —baina benetan norbere burua— kontsolatu nahian, garrantzia kendu nahian. Argudio hauxe berau joan den igandean asko baliatu zela esanez abiatzekoa nintzen artikulua, eta orokorrean balio badu ere erkatzeak, ohartu naiz konparazioak baduela herren nabarmen bat.

Izan ere, asko igande gaueko porrotaren ondoren lanera joan ezinik geratu dira. Tira, astelehenean bai, galduko duten bulegoa garbitzera, hainbat hilabetez karpeta guztien azpian eduki dituzten txostenak berriro gainean jarriz. Eta beste txosten batzuk, metaforikoki ari naiz, tiraderatik atera eta etxera eramanez.

Kontrako norabidean beste hainbat: berriro ere zuzendari, zuzendariorde, aholkulari, komunikazio arduradun postuak hartzera. Hautetsi berrien lagunak eta lankideak eta sozioak inoiz baino astelehen atseginagoa izaten duten horietakoa izan zen azkena.

Horiek kenduta, kirolaren eta hauteskundeen arteko konparazioak balio lezake.

Herritar ez hautatuok igual-igual joan behar izan genuen astelehenean lanera, eta irribarrean edo begietako tristuran nabarituko zitzaigun zein ekipotakoak garen, datorren astelehenean bezalatsu. Hori lana dutenak, noski, etxetik kanpo lana dutenak. Askok igandean bertan ere lana egingo baitzuen, egunero bezala, gaur gauean eta bihar goizean egingo duen bezala. Emakumezkoak batik bat. Batzuk ez, futbolaren grina ergelak geroz eta emakumezko gehiago harrapatua baitu, baina oraindik ere nagusiki gizonezkoenak dira harmailak, eta urrats batzuk atzerago segitzen dute emakumezkoek. Ergelkeriaz ari naiz, jakina.

Igande gauetik bertatik hasita, beti bezain harrigarria izan da hauteskundeen hirugarren denbora. Oso agerikoak direnak ez ditu inork zalantzan jartzen, esaerak dio denek irabazten dutela gau horretan, baina aurpegiei ez ezik adierazpenei erreparatuta ikus daiteke hori ez dela egia: batzuek onartzen dute galdu dutela. Kontua biharamunean etortzen da, derrotari ñabardurak egiten zaizkionean, herritarren borondatea interpretatzen denean, hautesleek zer pentsatzen duten argitzen digutenean politikari eta soziologoek, autokritikek poema modernista batek baino apaingarri gehiago izaten dutenean, kritikatzen dena zer den estaltzeraino.

Eta herritarrok hartuko dugu deskantsua, baina ez luzerako. Uste baino askoz lehenago dauzkagu hurrengo hauteskundeak, eta atzera martxan jarriko da zirkua. Elkarri maiz leporatzen diote alderdiek hauteskunde-interesez jarduten dutela, ekintza edo erabaki zehatzen bat hauteskunde asmoz hartua izan dela. Pleonasmoa bihurtzen ari da hori: hauteskunde sistema honetan, arrotza hauteskunde asmorik gabeko ekintza edo erabakia topatzea da.

Eta botoez eta adierazpenez eta bestelakoez atseden hartzen dugun bitartean, besteak hartzen du, ostera ere, gure arreta. XXI. mendeko opioak, inork asma lezakeen gizarte-anestesia eraginkorrenak: futbolak. Gaur gaueko partida dela-eta aldeko hitz batzuk esateko asmoz jarri naiz idazten, ebentoak dituen keria guztiak errepasatu eta tasunen bat azpimarratzekotan. Anestesia batzuetan ona ere badela, mozkorraldia ez dela beti ahazteko izaten...

Baina azken bi egunetan Futbol Telebistak eta futbol irratiek nahi gabe ere harrapatu naute, ikusi ditut ziento bat haur elastiko iguala jantzita —zer da adoktrinamendua, hau ez bada? —, haurrak ez direnak ere bai noski, susmatu ditut erreportaia eta programa bereziak, eta barruko harrak galarazi dit alde idaztea. Telebistari begira jarriko naiz gaur gauean, ni ere bekatari, eta ahaleginduko naiz pentsatzen futbola ere badela, kirola ere badela.

Eta astelehenean lanera joango naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.