elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Tunela pasata

2015eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Zeinen zaila den norberak ebidentzia modura sentitzen duen hori inori esplikatzea. Esaterako, erabakitze eskubidearena, orain eta hemen. Argudio soziopolitiko-ekonomiko-historiko... pila aterako du mahai gainera hartarako gai denak —eta eztabaida maila hori ere beharrezkoa da—; baina badago beste geruza bat, muinagokoa, ez hain sofistikatua, senarekin zerikusi handia duena, eta esanarazten dizuna: bai, ni alde nago, eta hura lortzeko ahaleginean konprometituko naiz.

Gure Esku Dago-ren orain arteko arrakasta zertan dago? Norbanako askoren oinarrizko konbentzimendu hori hitzetan jarri, nahiari bidea eman, eta ekintza bilakatzen jakitean. Angel Oiarbidek horrela dauka adierazita: «Esanak ekintza bihur daitezen, ilusioak jarrera bihurtu behar ditugu, eta jarrerak erabakimen».

Bai, badakit, badaude eszeptikoak, mesfidatiak, erreak...; badaude erabakitze eskubidearen aldarrikapena independentziarekin nahasten dutenak, eta auskalo ze contubernio-ren susmotan dabiltzanak. Badaude besterik gabe nagiak direnak, aldaketa usaintze hutsak uxatzen dituenak. «Hotz egingo du kanpoan geratuta» esan zien Martxelo Otamendik (BERRIA, 2014-06-08) iazko giza katetik kanpora geratu zirenei; bai, horixe da irudipena.

Hasteko, eroso sentitzeko moduko gunea eskaintzen dizu Gure Esku Dago-k; hau ez da ortodoxiak zedarritutako kofradia itxi bat. Niretzat, horren froga argiena izan zen iazko giza katean elkarrengatik ez oso urruti ikustea gure herrian zaborren gerran mutur banatan ibilitako pertsonak; haiek soka berean elkartzeko gaitasuna izan bazuen Gure Esku Dago-ren deialdiak, benetan indartsua zen dinamikaren erakarmena.

Erakartzeko abildade hori orain arte antolatu dituen ekintzetan geratu da islatuta. Durango eta Iruñea lotu zituen giza katearen esperientzia benetan zirraragarria izan zen parte hartu zutenentzat, eta ikusgarria-inbidia emateko modukoa- kanpotik begiratu ziotenentzat. Azaroan Donostiako Zurriolan osatu zen mosaikoarena ekitaldi askoz ere apalagoa izan arren, sorpresa oso atsegina gertatu zen, batez ere airetik hartutako irudietan emaitza ikusitakoan. Batean zein bestean, azpimarratzekoa izan zen antolakuntza bikaina eta parte hartzaileen diziplina zintzoa.

2015eko Argia sarietako bat jaso zuen Gure Esku Dago-k urtarrilean; sustapen ekintza onenaren saria, hain zuzen ere. Epaimahaiak, saria emateko arrazoien artean, hauexek aipatu zituen: «Ilusioa sortzea ez da erraza; are gutxiago oso jende desberdina konbentzitzea elkarrekin zerbaitetan parte hartzeko (...) Komunikazio egokiarekin, mezu integratzaileekin eta ekimen txiki, ertain eta erraldoiekin, Euskal Herria eskuz esku batu du ekimenak».

«Komunikazio egoki» horren barruan sartzen dira dinamikarenbi dokumentalak: Gazta zati bat (2012) eta Jostunak (2014), Jon Maia-Eriz Zapiain tandemaren lanak. Oso onak zinematografiaren aldetik eta baita dokumentu gisa ere; ispilatzen duten irudiarengatik harro egoteko modukoak eta... bihotzeraino iristen diren horietakoak.

Irudimen espazial motz samarrekoa naiz, eta ezin ditut imajinatu igandeko hautetsontzi erraldoiak. Badakidana da puska txiki asko ekarriko dituztela barruan: borondatez, desioz eta erabakimenez beteak eta, nola ez, arte apur batez jantziak.

«Tunelaren bukaerako argia izan da», zioen Argiako epaimahaiak Gure Esku Dago-ri buruz. Sortzen hain zaila den ilusio hori piztu du, askotariko jendea bildu du, eta fenomeno sozial berri bat da dagoeneko, Idiazabalen hasi —Nazioen Mundua izenarekin—, Goierrira zabaldu, eta Euskal Herri osora salto egin duendinamika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.