Patxi Zabaleta
ARKUPEAN

Sintoma baino gehiago den LEPa

2016ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuaren lan eskaintza publikoak, LEP (edo OPE) izenaz ezagutzen diren horiek alegia, kezka sakona sortu dute nafar herritar eta politikari askorengan. Alde batetik aspaldian egin beharrekoak eta premia premiazkoak zirelako; beste alde batetik, Madrileko zentralismoaren esku hartzea gero eta tinkoagoa eta lotsagabeagoa bilakatu delako; eta hirugarrrenik eta agian batez ere, gobernu berriaren ahuleziak agerian utzi dituelako.

LEP direlakoak premiazkoak direla agerian dago ematen diren hainbeste eta hainbeste datu gogoan hartuz gero; erretiroa hartzen duten langile publikoen eta funtzionarioen ordezkoak askoz ere gutxiago dira eta horrek zerbitzu publikoen emaitzetan eragin zuzena duela agerikoa da; adibidez irakaskuntzan edo/eta osasungintzan eta abar. Hainbestetan aipatu ohi diren murrizketak langileen gutxitzea daukate oinarri. Gainera ez da sinesgarria politikari askoren langabeziaren kontrako jarrera, beren ardurapean dagoen lan publikoaren eskaintza gutxitzen baldin badute, areagotu beharrean. Zoritxarrez askotan administrazioaren lanak ekonomiari berari egiten dion ekarpen ikaragarria ez da neurtzen eta horren ordez soilik langile publikoen ordainketak suposatzen duen gastua hartzen da kontuan.

Bestalde, ordea, Nafarroako LEPen gorabehera gatazkatsuan estatuko indar zentralistek eskuhartze zuzena eta tinkoa egin dute. Arlo honetan ere Foru Erkidegoa deitzen dugun honi eskumenak kendu eta gutxitu egin dizkio Madrilek, azken urteotan eta xede horrekin jarraitzen duela ezin ukatu. Orain dela hogeita hamar edo berrogei urte arte Nafarroak eskumen oso-osoak zituen funtzio publikoaren arloan. Itxuraz eta letraz bazirudien Nafarroako estatutua den Amejoramenduan ere eskumen hau mantenduko zela, baina Madrileko zentralismoak bi heldulekutik tenkatu eta izatezko bide batzuetatik murriztu dizkio eskumen hauek Nafarroari; alde batetik, ekonomiako kontrolak gero eta gehiago areagotuz eta beste alde batetik Epaitegi Konstituzionalaren epaien bitartez. Kontrol ekonomikoaren heldulekuak Aznar presidentearen garaian egindako lege organikoen bitartez eraiki ziren, eta 2003/2004ko urteetan Epaitegi Konstituzionalak ezarrita utzi zituen. Beraz ez dira «hitzartuta edo pakzionatuta» kendutako eskumenak, baizik eta alde bakarreko indarraren bitartez. Garai baten uraren eskumenak eta beste baten errepidetako eskumenak bezalaxe.

Halere, eta esan bezala, herritar eta politikari askorengan LEP honen garapenak sortu duen kezka nagusia gobernuaren ahultasun itxurarena da. Diariode Navarra egunkariak argitaratu zuenez Izquierda-Ezkerra «kuatripartitoko» indar politikoa prest omen zegoen PSNrekin batera lege egitasmo bat aurkezteko Irakaskuntzako LEP delakoari bidea mozteko, baldin eta gobernuak ez bazuen amore ematen. Eta horra! Amore eman du eta ez ditu lehiaketara aterako beharrezkoak diren eta eskatuak dauden euskarazko 120 lanpostu. Horretaz gainera, ez da zerrenda bakarra izango datorren LEP honetan, eta horren ondorioz hainbestetan salatutako langileen arteko ezberdintasunak iraunen du, batzuen batzuk halako apartheid baten barruan betiko atxikita gelditzen direlarik, garai bateko glebako mendekoak bailiran.

Ez zuen inork esan aldaketa erraza izango zenik. Ez dezala inork pentsa errejimenak aise etsiko duenik. Zorionez gizartea askoz aurrerago dago politikarien, epaileen, bankuen eta agintarien jokaerak baino... Txotxongiloek indar gorri-gorria baitute!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.