Patxi Zabaleta
ARKUPEAN

Nafar oposizioaren eztabaidak

2016ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Eztabaida politikoak ez ditu gehienetan agintean dagoenak aukeratzen. Aitzitik oposizioaren lehentasun eta ezaugarri bat eztabaidak berari komeni zaizkion gaietara eramatea izaten da. Horretarako agintean dagoenak ez du soilik administrazio on bat eramaten saiatu behar, baizik eta berriak sortzen, ideiak plazaratzen eta egitasmoak iritzi publikoaren plazan jartzen saiatu behar du.

Nafarroan, egia esan, badirudi oposizioa bere paper berrira lehenago egokitu dela agintean daudenak berenera baino. Oposizioa lortzen ari da agintean daudenen ezinak edo gabeziak izatea lehen eztabaidagaiak, non edo gobernua sostengatzen dutenen arteko kontrakotasunak eta pitzadurak ez badira. Jakina baldin bada joan den legealdian Gipuzkoako oposizio nagusia hedabide batek egin zuela, oraingoan Nafarroan gauza berdintsua gertatzen ari dela baieztatu beharra dago eta Gipuzkoan ez baldin baziren behar bezalako neurriak hartu, Nafarroan hartu beharko liratekeela agerian dago.

Hona hemen azken garai hauetan egunkarien lehen orrialdeetan eta editorialetan eztabaidagai izan direnen adibide zerrendatxoa: Nafarroako ikurren lege forala, eskola publikoko ereduak eta hizkuntza eskubideak, Autopista A-15a, gizateriaren kontrako direlako delituen salaketak, biktimen tratamendu politikoa, Iberdrolako akzioen %1 Nafarroako Erkidego Foralak erosi zuenekoa eta abar. Gehien gehienak oposizioak mahai gainean jarritako gaiak dira eta gaia mahai gainean lehenik jartzen duenak norabideamarkatzen dio eztabaidari. Gai hauek berak banaka banaka bestelako ekimen eta norabide batekin plazaratu izanez gero, eztabaida zintzoagoak eta sakonagoak gara zitezkeen.

Araka ditzagun adibide moduan banaka banaka aipatutako eztabaidagai nagusi horiek:

Nafarroako Ikurren lege forala —24/2003 apirilaren 3koa— gizartearen zati handi bati bere ezaugarriak demokraziaren aurka ukatzeaz gain, irrigarria da. Ikus ezazue bere laugarren artikuluan zer dion: «Lege honen aurkako edozein erabaki zuzenbide osoz ezereza da». Konstituzioa bera esatera ausartzen ez dena alegia. Eskola publikoan beharko luketen ereduak edo haur eskoletan euskarazko eskariari men egitea eraso, bazterketa eta eskandalu bezala ari dira saltzen. Baina egia dena da Iruñean 1979tik 2016ra ez dela euskarazko haur eskolarik irekitzea lortu, euskarazko eskariak %50 gainditzen zuelarik.

Autobia eta autopistetan Iruñetik Logroñorako bidea doanekoa da; Tuterara berriz, ordainpekoa. Zergatik? Kontzesioa bukatzear zegoenean Ignacio Palacios Sanzen kontseilariak eta Jesus Aizpun Audenasako presidenteak —biak orduan UPNkoak jakina— epea hogei urtez luzatu zutelako. Orain UPN doakotasunaren aldeko sinadurak biltzen omen dabil Erriberan...

Gizateriaren aurkako delituen salaketa aireratzen dela ez da lehen saioa. Orain Argentinako epaile baten onarpenaz ari dira baliatzen. Jakina den bezala, gizateriaren aurkako delituak edo gizateria lesako delituak 1998-VI-17ko Erromako Nazioarteko Gortearen ebazpenean definituta daude. Frankismoaren delituak bai, gizateria lesako delituak izan ziren eta ezin dute preskribatu. ETAren delituak berriz, delitu terroristak izan ziren.

Bitartean biktima guztien onarpena giza senaren berdintasunean ez da oraindik konpondu gure artean.

UPNko Nafar Gobernuak ez balu EHN enpresa saldu, eta jokaera hartako diru zaparradaren zati batekin Iberdrolako %1 erosi, Nafarroak industria sektore publiko indartsua izan zezakeen gaur egun... Ai ama pribatizazioen kutsadura nazkagarria!

Apustu zale zaharrek ongi zekiten apustua ez dela maiz jokatzeko unean irabazten edo galtzen, baizik eta erronka adosten denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.