Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Garbitzaileok

2016ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Udako oporrak Donostian egiten zituen familia bateko haurrak zaintzen irabazi nuen nire lehendabiziko soldata, oso gaztea nintzelarik. Gurasoen bizilagunak ziren, eta neska bat behar zuten beren haurrez kargu hartzeko ordu batzuetan. Halatan, zaindu behar nituenak baino pixka bat helduagoa ez banintz ere, bi hilabetez, ostiralero, jasotzen nuen astean zehar egindako lanaren ordaina. Ez zen asko izango, baina niri izugarria iruditzen zitzaidan. Hurrengo udan, nork bere dirua irabaztea gauza handia zela ikasita, bizi ginen etxeko ataria goizero garbituko zuen neska baten bila ari zirela irakurri nuen abisuen panelean, eta neure burua eskaini nuen. 15 urterekin, bada, eskailera-garbitzailea izan nintzen, jakin gabe agian bidea urratzen ari nintzela lanpostu fenimizatuen ekonomia beltzaren zirrikituak ezagutzeko, batetik, eta noizbait Bartzelonako alkate bihurtzeko, bestetik.

Jakingo duzu, irakurle, Partidu Popularreko zinegotzia den Oscar Berman jaunak ez duela gustuko Ada Colau alkatea. Zilegi da hori, jakina. Eta jakingo duzu, seguruenik, akats ortografikoz jositako mezu baten adierazi duela gauzak behar bezalakoak balira (sic) atariak garbitzen ibili beharko lukeela Colau andereak, ez hiria gobernatzen. Oso gutxitan aurki daiteke horrenbeste zabor mezu labur baten; horren modu sakonean hanka sartzeko abilezia behintzat aitortu egin behar zaio. Ezaguna da, halaber, berehala irten zela alkatea, gizarte demokratiko baten hiriko goi-ardurak eta etxe-garbiketa uztargarriak direla, baina herria ordezkatzea eta matxista izateak ez lukeela bateragarri izan beharko gogoratzera.

Seguruenik, eskuetatik ihes egin dion auzi sakonean nahi edo konturatu gabe irrist egin du zinegotzi ahoberoak, horretarako erakutsi duena baino prestutasun handiagoa beharko lukeelako.

Anekdota hutsa dela esan du zinegotziaren alderdiak, eta barkamena eskatzeko eskatu dio, hitz horiekin kritika politikoa baino, irain pertsonalen eremuan sartu dela esanez. Hor dago koxka, edo koxketako bi, behintzat. Izan ere, gai politikoa da, bete-betean, ika-mika horren azpian datzana.

Hitzek agerian edo ezkutuan egiaren zati bat daramate beti, eta kasu honetan, oso modu argian erakusten dute maiz uste baino zabalduago dagoen ikuskera.

Hona lehendabiziko koxka. Ez al da kritika politikoa ardura publikoetarako gauza ez dela adierazteko etxeko garbiketarako baino ez duela balio esatea?

Baietz esango nuke, auzi politikoa dela gizarte-eredu baten isla argia delako. Ada Colau alkatea baita, hots, herriko agintari goren emakumea, eta lerro artean zein agerian oso maiz sumatzen da askok oraindik usurpatzailetzat dituztela nolabaiteko aginpidea eskuratzera heltzen diren emakumeak. Bertan daudelarik ere, lekuz kanpo daudela iradokitzen dute, eta ahal duten guztietan adierazten dute grazioski baimena emandako zerbait dela aldi baterakoa baino ez den aginte-zati txiki hori. Utzi egingo diote emakumeari sartzen, egoten, baina argi erakutsiko diote ez dela hori berez dagokion tokia. Horregatik, Ā«gauzak diren bezalakoakĀ» balira, ez litzateke bertan izango, baizik eta alkatetzako bulegoak garbitzen, izenpetu beharreko dekretuen karpetak txukuntzen, edota bisitariak artatzeko unean apaingarri ederrarena egiten. Gauzak behar bezalakoak balira, izan ere, dagokion tokian legoke emakume politikaria, ardura guztietatik at.

Hona bigarren koxka: iraingarria al da etxeko garbitzaile izatea? Niri, eta zuetako askori agian, astuna eta maiz ez gustagarria gertatuko zaizue zeregin hori, eta oro har bat etor gintezke esaten beste norbaiten etxeko zikinaz arduratzea ez dela inoren ilusiorik handiena. Beste horrenbeste gertatzen da zaintzekin: gutxi baloratutako lanak dira,nahitaezkoak izanik ere, eta kasu ia guztietan, emakumeen lanak. Horra, bada, behin eta berriro estropezu eginarazten digun zuloa.

Gai politikoak ez dira alderdien agendetakoak bakarrik. Gizartearen oinarrizko jardunbideak antolatzen dituzten ertz guztiek dute izaera politikoa, eta, beraz, aurreiritzi gaiztoak, matxismoa eta klasismoa ere politikaren zereginak dira. Gauzak behar bezalakoak izango dira noizbait ulertzen badugu emakumeek zeregin publikoetan esku hartzea bidezkoa ez ezik beharrezkoa ere badela, nahitaezkoa. PPko zinegotzi jaunari ganorabakoa irudituko zaio nire gogoetatxoa, hain segur, etxeko garbitzailea izan den hau emakumea ere badelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.