Patxi Zabaleta
ARKUPEAN

Hauteskunde usaina, lurrina eta kiratsa

2016ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Joan den abenduan Espainian izandako hauteskundeek ordezkapen politikoaren mapa edo irudia sakonki aldatu dute. Baina berriro datorren ekainaren 26rako deituta daude, gobernua eraikitzeko ez direlako gai izan indar politikoek.

Berez bozketa bat errepikatzeak ez luke inor harritu beharko eta are gutxiago kezkatu. Baina badaude hauteskundeek eragiten dituzten bestelako gorabehera batzuen eraginak, esate baterako hauteskundeen gastuak edo hauteskunde kanpainetan sortzen den giroa.

Beste demokrazia mota batzuetan gastuak urritzeko edo gutxitzeko aldaketa sakonak egin izan dituzte esate baterako mailing delakoa edo boz paperak etxeetara bidaltzeko ohitura alde batera utzi. Hemen, aldiz, ez da horrelako neurri zehatzik hartu nahi, besteak beste mailing delakoa boza asko jasotzen dituztenei estatuak ordaintzen dielako eta ordezkaritzarik lortzen ez duenari berriz ez. Beraz, gastu hori da alderdi indartsu edo ahaltsuek beste alderdi ahulagoei sarrera ukatzeko daukaten bidea eta horri ez diote uko egiten gutxiago gastatu behar dela esaten dutenek ere, adibidez Ciudadanos alderdiak. Aterabidea oso erraza da: mailing delakoa guztiei ordaindu edo botoaketxera bidaltzea debekatu eta denentzat bozketa tokian ipintzen den aukera bide bakar bezala utzi.

Abertzaleok hauteskunde orokorretan zailtasun berezia izaten dugu, ez bakarrik ez direlako gure herriaren edo politikagintzako eremuan bakarrik jokatzen, baizik eta batez ere joko horretan dagoen lehia edo dinamikak gainditu egiten gaituelako bere zabalera askoz ere handiagoan.

Bestalde, eta zoritxarrez, euskara bitarteko politikoa den heinean zailtasun gehiago izaten du beste hauteskundeetan baino, eta hori ere kontuan hartzekoa da.

Azkenik baleudeke aipatu beharreko beste zertzelada ugari, esate baterako telebista autonomikoek, ETB edo NTB dira adibideak bata publikoki kudeatua eta bestea baimen baten bitartez ez daukate propaganda politiko zuzenean sartzeko eskubiderik, baina nork sinets lezake hori? Hauteskundeek usaina ez ezik kiratsa ere botatzen dutela ez dago zalantzarik, agintea jokatzen den apustua direla hein handi batean.

Hemendik aurrera aginduak edo promesak entzungo ditugu batzuek gogoan hartu nahiko dituzte eta hori dena zilegia izateaz gainera beharrezkoa da hitzaren duintasuna neurtzeko. Hitza hartzea, hitzarmena alegia politikagintzako jokabide arrunta beharko luke baina askotan, gehiegitan hitzak itxurak egiteko erabiltzen dira eta orduan hauteskundeeen lurrin demokratikoa usain txarra edo kiratsa bilakatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.