Miren Aranguren Etxarte.
ARKUPEAN

Elkarbizitza

2016ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Animalia humanoak animalia sozialak omen gara. Ezin gara besteak gabe bizi, eta argi dago erabateko isolamenduan bizitzea arriskutsua izan daitekeela, aurrekoan Fresneseko espetxean dauden euskal preso politikoen borrokaldiaren harira Jon Enparantzak adierazi bezala. Bizirik irauteko eta norberaren zein komunitatearen osasunerako, ezinbestekoa da besteekin hartu-emana edukitzea eta denok onartzea izaki interdependenteak garela; eta gure bizitzak, erabat zaurgarriak. Askotarikoak izango dira norbanako gisa ditugun ahuldadeak, bakoitzaren behar eta nahiak, baina argi dagoena da denok dugula besteon beharra.

Gure gorputzak materia dira. Bizitza bera da materia. Eta, zentzu horretan, sentibera eta finitoa da, are eta gehiago prekarioa eta zaintzarik gabekoa baldin bada. Judith Butlerrek adierazi bezala, «bizitza bere horretan mantentzeko, ezinbestean zenbait baldintza sozial eta ekonomiko bete behar dira». Eta, horretarako, ezinbestean onartu behar ditugu inguratzen gaituzten limiteak. Limite horiek beste bizidunekiko dira, elkarren beharra baitugu. Halaber, planetarekiko, naturarekiko.

Baina kultura dominanteak, guk denok modu batean edo bestean sostengatzen dugunak, sistema sozioekonomikoak eta hura ahalbidetzeko ditugun erakundeek ez dute baieztapen hori ez aitortzen, ezta errespetatzen ere. Merkatuak arautzen duen askatasun eta autosufizientziarekin amesten jarraitzen dugu, inoren beharrik ez bagenu bezala. Gure eta gure inguruaren bizitza eta osasunarekiko ardura kolektiborik gabe. Gainkarga izugarria emakume izendatutako horiengan jarrita. Pixkanaka-pixkanaka gure mendi, baso, laku, jaki eta airea usteldu eta suntsitzen. Gure existentzia benetan ditugun aukeren gainetik jarri dugu.

Ez da erraza, ordea, zaurgarritasuna kolektiboki ulertzea eta aukera gisa sentitzea. Eta horren araberako elkarbizitza sortzea. Elkarbizitza pertsona batzuk besteekin bizitzeko artea da, erabat onartzen ditugun hitzarmen eta arauekin edota isilpean gordeta daudenekin. Harreman sozialak arau horien arabera antolatzen ditugu, eta honakook komunean ditugun zereginei buruz dihardute. Gureak diren behar eta desirez kontziente izatea eskatzen digu, eta, era berean, besteenaz jakitun izatea. Eskatzen digu gatazkak aitortzea eta haiek kudeatzen asmatzea. Eskatzen digu besteekiko begirunea. Eskatzen digu enpatia, eskatzen digu tolerantzia, eskatzen digu... Elkarrekin bizitzeaz gain, elkarren arteko konpromisoak eskatzen dizkigu. Errespetua, elkartasuna eta konpromisoa. Geure buruarekiko, besteekiko eta inguruarekiko. Berdintasunean eta bakean sakontzeko etengabeko prozesua eskatzen digu.

Eta horregatik ezin da elkarbizitzaz mintzatu, debekua hausnarketa eta eztabaida sozialaren gainetik jartzen duzuenean. Ezin da elkarbizitzaz mintzatu, batzuen aberastasuna gehiengoaren osasunaren gainetik jartzen dituzuenean; tolerantziaz hitz egin, jarrera intransigentea lehenesten duzuenean. Jendartearen interes eta beharrez hitz egin, dirutan soilik neurtzen duzuenean ongizatea.

Zenbait alderdi prest zaudete patriarkatu kapitalistaren falazia hau mantendu eta bizitzaren zaurgarritasuna aintzakotzat hartu gabe erraustegiaren gisako proiektu bidegabeak martxan jartzeko. Elkarkidetasuna bultzatu ordez, esplotazioa, asimetria eta arduragabekeria bultzatzeko. Eta, gainera, beste aukerarik gelditzen ez zaigula sinestarazteko.

Bada beste aukerarik. Eta gero eta gehiago gara, Gipuzkoa plazan zein beste hainbat tokitan, ez goazenak etxera. Adi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.