ARKUPEAN

Bruno, zer habil motel?

Patxi Zabaleta -

2016ko ekainak 30
Euskal Herri osoan, frankismoaren azken garaian pertsonarik eraginkorrenetakoa izana, Jose Mari Eskubi Larraz, orain dela aste pare bat hil zen Iruñean, baina ez zaio aipamen berezirik edo/eta azterketa zabalik eskaini.

Azken hiru hamarkadatan Jose Mari Eskubi edonolako jokabide politiko edo organizatibotik urrutiratua bizitu da, baina frankismoaren azken garaietan, hain zuzen ere ETA erakundearen IV, V eta VI asanbladetan lehen mailako pertsonai oso esanguratsua eta neurri batean oso eztabaidatua izan zen. Jose Mari Eskubik Bruno izengoitia erabiltzen zuen eta ohitura handia zeukan herriko norbaitekin topo egiten zuen aldiro, «Zer habil motel?» galdetzeko. Horra ba, zergatik artikulu honen izenburua.

Jose Maria Eskubiren errautsak Leitzan, bere ama zenaren jaioterrian utziak izan zitezen egindako ekitaldi xumean, bere adineko lagun batek esan zidan: «Ez dut ezagutu Jose Marik adinako erakarmen pertsonala zeukan inor».

ETA erakundea sortu aurretik edo gutxienez erakunde horretara atxiki aurretik Jose Mari Eskubik eta beste batzuk Iratxe izeneko taldea sortu zuten Nafarroan. Jose Mariri leporatzen zaion lehen ekintza, Iruñeko Los Caidos delakoaren ate nagusiaren bi aldeetako marmolezko laukietan (orain estalita) dauden Francoren eta Jose Antonioren hitzaldien kontrakoa izan zen; 1964ko abenduan. Diskurtso horiek, oker ez banago, hantxe jarraitzen dute oraindik, denbora hobeagoen zain, noski, Sanjurjoren monumentuak eraitsi gabe jarraitzen duen bezalaxe, Navas de Tolosako karrikan. Deigarria bada ere, aurtengo Sanferminetarako Iruñeko Peña baten pankartan Los Caidos monumentua eraitsia izan dadin aldarrikapena agertzen da. Baina bitartean «diskurtsoan» jarraitzen dute ezkutatuta.

Ez da idazlan honen asmoa Jose Mari Eskubik ETA erakundean garatutako bidea aztertzea, baizik bere pertsona maila eta ezaugarriren bat aipatzea. Zentzu horretan aipatuko dut behin Bera herrian, atxilotuta zeukaten karteletik ihes egin zuela, komuneko leihotik esku lotuekin salto eginda. Portugaldarrak Frantziara kontrabandoan pasatzen zireneko garaia zen eta haietako bat hil omen zuten tiroz, Jose Mari zelakoan. Hiru hamarkada edo geroago, topo egin genuen Beran, Nafarroa Oinez zela eta: «Zer habil motel?» eta gertakari triste hartaz hasi ginenean, negarrari eman zion: «Nork errepara lezake orain gizagaixo harena?».

Francoren kartzeletan hiltzera zigortutako baten semea izaki eta horrek baldintzatu bazuen ere bere hasieretan, gero sasi garai luzeek eta bere ibilera arazotsuek baldintzatutakoa zen Jose Mari Eskubi: «Beharrezkoa izanen huan gure hura, baina denetatik zeharo damutua nagok ni, baita damutzetik damutua ere», eta makurtu egiten zen irri egiteko, hain berezkoa zitzaion keinuarekin.

Jose Mari Eskubi eta bere garaikideen, lagunen (eta arerio edo etsaien) lekukotasuna beharrezkoa da garapen eta bilakaera osoan frankismoaren (batez ere kontrako) historia ulertu ahal izateko. Zein izan ziren ekintzaileenak, zein eraginkorrenak, nolakoa izan zen Frankismoaren kontrako borroka eta horrelako galderek erantzun eta azterketa asko behar dute oraindik eta erantzun horiek osoak behar dute; mutilatu gabeak alegia. Jose Mari Eskubi lekukoa zen historian badaude argiak eta badaude ilunak, baina denak dira gabezia ikaragarriak dituen demokrazia triste honen aurrekariak.

Brunok eskertuko luke gaur hemen balego gaurkoan hauteskundeez ez hitz egitea, baina gero agian berbera hasiko litzateke hauteskundeez lehenago eta aldez aurretik hitz egin beharko litzatekeela eta abar. Izan ere, Bruno, nahiz «damutzeaz ere damuturik egon» eta «munstro bat erdituz gero, munstroarenak itxaro behar», egin zuena egitera politikako asmo, xede, grina eta sen ukaezinek bultzatutakoen adibide eta froga da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna