garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Bazen behin udaberrian

2016ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Txingudi aldeko bazterrak bertatik bertara ezagutzen hasi nintzenean —badira dagoeneko hamabost bat urte—, inguru eder hartako osagai bat gehiago iruditu zitzaidan Hondarribiko aireportua; itxuraz behintzat, bertakoen egunerokotasunean integraturiko elementu praktiko bat, lantokiak edo jolas-parkeak paisaia naturalaren zati izan daitezkeen gisan. Asteburuetan bereziki, familiak ageri ohi ziren itxarongela zabalean, haurrak nonahi jostetan, baina batez ere tabernako aldenik aldeko kristalari sudurra itsatsita gelditzen ziren, begirada pistetara luzatuta, hegazkinen bat noiz lurreratuko edo aireratuko zain, gurasoek bazkalosteko kafea barran hartu bitartean. Aitzakia berezirik gabe hurreratzen ziren hara, arratsalde-pasa, inor ekarri edo eraman behar izateko konpromisorik gabe, konparaziora, garai bateko biztanleak tren geltokietara arrimatuko ziren bezala gutxi gorabehera, doako espektakuluaren peskizan, makinen poderioa goraipatzera eta bide batez amets egitera, bidaiaren joan-etorriak kitzikatuta: «Nik ere alde egin ahal baneza», «handitutakoan pilotu izan nahi nuke, eta urrunera heldu, eta opariz gainezka itzuli». Ezkontzak eta antzeko ospakizun jendetsuak ere antolatzen omen ziren hango jatetxean, inguruak nik baino lehenagotik eta hobeki ezagutu dituen bati entzuna diodanez. Aireportu txikitxoaren abantailak.

Parkinga itxi beharra heldu zen gero, autoa sartze hutsagatik ordaindu beharra. Eta konturatzerako, espazioaren pribatizazio totala, arrazoi funtzionalik gabeko bisitarien debekua. Akabo doako ikuskizunak. Akabo neskato-mutikoen arratsalde-pasak.

Haurrek, hurbiltzerik ere ezin, eta bertan amesteari utzi behar izan zioten. Ez, ordea, espekulatzaileek. Ezta diruaren txintxin hotsak dantzatzen dituzten politikariek ere. Haientzat bidea beti libre. Aurreikuspen-taulak eta zifra interesatuak eskuetan, zabaltze goloso anpulosoa proiektatu zioten aireportu koxkor etxekotuari: hegazkin handiak hartu ahal izateko, auzo oso bat eraistea eta hark utzitako tokian pistak luzatzea, gipuzkoarrek ongi merezia luketen oparotasunaren izenean. Eskaerak agintzen omen zuen aldaketa, bezeroen beharretara egokitu beharrak. Zer axola Miarritzeko aireportua pauso batera izateak. Utikan elkar hartu beharrak eta sinergiak. Bakoitzak berea, eta kito. Zer axola birrindu nahi diren etxeen jabeak, zer axola haien bizimodua, haien bizitokia, auzoan dihardutenen negozioak. Zer axola haien denen bizimoldeak, usteak, iritziak. Handitzearen mamuak paretaren aurka eduki ditu hamarkada pasatsuan, ezdeus bihurtzeko zorian: etxeak eta negozioak debaluatu zitzaizkien, merke-zurrean desjabetzeko programak jarri zizkieten mahai-gainean, nahi ala ez.

Halako harrokerietarako abagunerik ez dago gaur. Borrokari baino gehiago, aspaldion errotzen ari den ekonomiari zor zaio behin-behineko garaipena. Krisiagatik izan ala ezinbestean zentzudunago bilakatzera behartuta gaudelako izan, urritu egin dira bidaiak, murriztu hegaldiak, eta bakandu Hondarribiko aireportuan diharduten konpainiak. Eta, nola diren gauzak, konexioek eskaintzen dituzten abantailetan ere sinesten hasi gara halako batean: lineako autobusak jarri dizkigute Donostiatik Miarritzera, hango aireportuko eskaintza integratu dute gidetan, eta oso herabe bada ere, elkarrekiko hurbiltasuna nabarmentzeko joera dago, mugak, aldeak eta gainerako mizkinkerien aurretik. Hori gutxi balitz bezala, ezuste gozoa heldu da Europako aginte guneetatik, Hondarribiko aireportuko pistak, handitu ez baina horren ordez, laburtu egin behar baitira segurtasuna bermatuko bada.

Ipuin polita da. Bilobei kontatzea komeni den horietakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.