Juan Kruz Lakasta
ARKUPEAN

Sintoma, garaipena eta irakaspena

2016ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Nafarroako Ospitale Guneko Ginekologia buru ohi Ricardo Ezkurraren dimisioaren afera, sintoma bezala:

Irailaren 13an, Ezkurra doktoreak foru parlamentuan azaldu zuen ezin zela aborturik egin osasun langileen objekzio ugariak zirela kausa, eta gaineratu zuen lesbianei eta bikotekiderik gabeko emakumeei lagundutako ernalketa zerbitzua eskaintzeak antolakuntza arazoak eraginen zituela. Herenegun, dimisioa eman zuen, Gobernuak Sexu Osasunaren dekretuarekin aurrera egin eta gero.

Jite horretako agente patogeno asko daude foru administrazioko erakundeetako kargudunen artean, edozein unetan aldaketari sukarra eragiteko prest. Erregimen erregionalistak 30 urtez xiringatu ditu organo publiko guztietan. Infekzioa oso hedaturik dago. Premiazkoa daagente patogenoak lokalizatzea eta desaktibatzea —irakur bedi kargurik gabe uztea—, aldaketaren osasuna hobetze aldera. Nafarroako Ospitale Guneko Ginekologia buru ohi Ricardo Ezkurraren dimisioaren afera, garaipen gisa:

Beraz, Ezkurra doktoreak Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Dekretua onartua izan delako eman du dimisioa, eta hartara Nafarroako osasun sistema publikoak behingoz emakume nafarrei haurdunaldia boluntarioki eteteko aukera eskainiko dietelako.

Garaipen garrantzitsua lauko gobernuarentzat, baina batez ere hori lortzeko hamarkadak —remember, konparaziora, 1987ko epaiketak Sarasate pasealekuko auzitegi zaharrean— borrokatzen eman dituen mugimendu feministarentzat, botere politiko, judizial eta erlijiosoaren aurka. Besteak beste, gure izaera propio eta bereiziko erkidego honetan botere gune guztietan garroak dituen Opus Deiren —guztioi haren dogmak inposatu nahi dizkigun talde erlijioso integrista horren— kontra.

Ene uste pattalean, bazterrotan gizarte mugimenduek maiz zailtasunak dituzte garaipenak identifikatzeko, azpimarratzeko eta behar bezala ospatzeko tenorean, antimilitarismoak soldadutzaren amaierarekin nola feminismoak abortatzeko eskubidearen aitortzarekin hala.

Nafarroako Ospitale Guneko Ginekologia buru ohi Ricardo Ezkurraren dimisioaren afera, irakaspen bezala:

Baiki. Azaroaren 21ean —duela ia hilabete—, Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Foru Dekretu berria aurkeztu zuten Fernando Dominguez kontseilariak eta aldaketaren aldeko lau indarretako ordezkariek, solemnitate handiz, albistea lau haizetara zabalduz.

Alta, balirudike berria ez dela Vianako printzearen plazara, UPNren egoitzara iritsi; izan ere, inork ikusi, entzun, irakurri al du eledun erregionalistaren bat foru dekretuaren aurka egiten, Nafarroan abortatzeko eskubidea libre eta aske gauzatzeak munduaren akabera ekarriko duela iragartzen —beste gai batzuetan darabilten oposizio apokaliptikoaren estiloari jarriki—?

Dekretua aurkeztu eta hurrengo orduetan, despistaturen batek sare sozialetan mezuren bat zabaldu zuen. Ordutik, deus ere ez. Esan gabe doa gaiak sumina eragiten diola buru erregionalista askori. Baina bistan da gai honi ez heltzea erabaki dutela, jakin badakitelako borroka kultural hori galdua dutela, Nafarroako gizarteko oso gehiengo zabal batek begi honez dakusala dekretua.

Hamarkadatan, mamu identitarioak behin eta berriz haizatuz —eta abertzaletasunaren estrategia okerrak lagun—, sinestarazi nahi izan digute nafar jendartea, nafar jende gehiena, haiek bezalakoa zela: guztiz fededuna, kontserbadorea, hitsa. Baina badira bestelako gehiengoak, gai honetan eta beste askotan. Horiek lantzea, trinkotzea, ahalduntzea da kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.