ARKUPEAN

Zutik iraunen du

Mikel Elorza -

2017ko maiatzak 3
Espainiako irrati-saio batean izan zen, herenegun, finantza erakundeetako ordezkari bat okupazioa zela kausa arranguraz, okupazioa arazoa zela, handia. Gaiak lehen kolpean kontrakantxan harrapatu ninduen, lanpostuez ari ote ziren edo zertaz duda, baina tertuliak aurrera egin ahala, haren eta beste batuen esanek partida zertan zen argitu zidaten. Arazoa, haientzat, haien jabetzakoak diren etxebizitza eta lokalen okupazioak dira, bizitzeko edo ez dakit zer jardueratarako okupazio-mugimendua da arazoa, okupa-k dira kezka. Badakizue, haiek botatzeko zailtasunak, kostua... Ez zuen aipatu, baina kostu mediatikoa ere buruan izango zuen, zein publizitate negatiboa izaten den filmeko gaizto moduan geratzea haien etxe edo lokaletako bat hutsarazten dutenean.

Aditu nuen jarduna, baina kontrakantxan jarraitzen nuen. Haien frontoia eta nirea diferenteak dira, desberdinak pilotak, txapak, arauak... Arazoa, nirekiko, finantza erakundeek etxebizitza eta lokalak edukitzea da. Norbaiti kendu dizkiotelako dauzkatelako. Kasuak kasu, mailegua itzultzen ez duenari hipoteka exekutatu eta lokalaren jabetza hartzea normala da, ez naiz inozoa, ez dute oparituko, baina hainbeste edukitzea da kezkagarria. Hainbeste desahuzio eta bere garaian hainbeste mailegu kriminal. Hainbeste ezen etxe-agentziak eratzen ere ari diren... Paranoia honen bukaera izango baita bankuari erostea etxea bankuak berak emandako mailegu batekin.

Horraino iritsi izana da arazoaren parte bat, beraz. Bestea, inportanteena, zenbat jendek ezin duen etxe bat erosi (edo alokatu, prezio zentzuzko batean), milaka etxe huts egonagatik ere (baina hor ez dute soilik bankuek kulpa, ez dira etxe hutsen jabe bakarrak).

Eta kontrakantxan jarraitzen dugu, frontoia ez ezik, artekariak eta ingurukoak ere arrotz zaizkigula. Okupazioarena konpontzeko irtenbidea badakigu zein den: desahuzioak erraztea, alde batetik. Errenta kobratu ezinik dabilenari mesede egiteko, egia da-eta sistema judizialak oso erantzun mantsoa ematen duela kasu hauetan, eta eskrupulurik gabeko jabeak dauden bezala, kopeta izugarriko maizterrak ere badira, legeen arrakalak eta bide luzeak baliatuz jabe askori penitentzia ezartzen diotena. Ez da hori, baina, bankuak kezkatzen dituen arazoa. Arazoa okupazio ilegalarena da, gaztelaniaz ere k-z idazten dena, eta legeak azken urteetan horri emandako erantzuna Zigor Kodea da, zigorren gogortzea. Zuk besterena dena zuretzat hartu duzu, legez kontra, eta ordaindu beharra daukazu.

Finantza erakundeek ere urtetan hartu dute beraientzat besterena zen dirua, zoru-klausulak direla-eta; edo komisio ilegalak bitarte, edo bezeroei kobratuz ez zegozkien gastuak (Notaritzakoak, derrigorrezko aseguruak...). Baina kasu honetan legearen erantzuna ez da Zigor Kodea, bestelako konponbideak baizik. Beste erremediorik egon ez denean —epaitegietako hainbeste urtetako borrokaren ostean—, auzitegiek bai ala bai bezeroen alde egin dutenean, orduan eta ez lehenago Espainiako Gobernuak legea egin du diru horiek itzul ditzaten behartuz. Baina letra txikia asko publizitatu gabe: kostuen alorrean bankuen alde jokatuz, hainbat kasutan oraindik ere epaitegietako borrokara behartuz herritarra...

Ekipo berekoak baitira, elastiko desberdina jantzi arren. Elastiko diferentea baina gerriko bera, gu estutzeko darabiltena.

Baina jakina, sosena asunto serioa da. Pentsa zein den inportantea, kupoari buruzko akordioak 15 urteko zerga-bakea ekarriko duela. Egin itzazue nahi dituzuen gerrak, erreferendum eta deklarazio unilateralak, zerga-bakea lortua dugula! Nola zen poema? Kenduko dizkigute konpetentziak, jarriko errekurtsoak, curriculumak inposatuko; epaituko gaituzte, zigortuko gaituzte, gobernutik botako gaituzte (gure seme-alabek jarraituko dute, noski)... baina gure kupoak iraunen du zutik.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna