Xabier Mendiguren Elizegi.
ARKUPEAN

Etsai komunaren aholkuak

2018ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Feminismoaren eta euskaltzaletasunaren arteko lotura duela, demagun, hamar urte, automobilismoaren eta arrainontzietako arraintxo gorrien arteko lotura bezalako zerbait zen: bi errealitate ezberdin, printzipioz inongo harremanik ez dutenak, ezpada norbaitek kontzienteki bi zaletasunak batera garatzea erabaki duelako. Biak ere zapaldutakoen mugimenduak izanik, normala izaten zen bateko ekintzaileek begi onez ikustea bestea, arrazismoaren kontrako militanteak mugimendu antitaurinoari sinpatiaz begiratzen dion bezala, baina jakinda prozesu eta dinamika desberdineko borrokak direla. Eta jakinda, halaber, matxista galantak zeudela euskaltzaleen artean, baita antieuskaldun mordoa ere mugimendu feministan.

Duela dozena erdi bat urte hasi nintzen ikusten berariaz egindako lehenbiziko loturak. Ez hemen baizik Galizian. Hango norbaiti irakurri nion: posible al da galegista izatea feminista izan gabe? (eta alderantziz). Printzipioz, solidaritatearen hedapen gisa ulertu nuen nik esaldia: hau da, minoria bateko kidea baldin bazara, gutxieneko sentiberatasuna eduki behar zenuke beste gutxiengo bateko kideak ulertzeko eta sustengatzeko; zentral nuklearren kontra ari bazara, nola ez duzu bultzatuko, esate baterako, elbarrien eskubideen aldeko borroka?

Azkenaldian, baina, desberdin hasi gara gaia ikusten. Zapalduen arteko sinpatia bai, baztertuen arteko elkartasuna ere bai, baina hortik harago, baita borroken arteko uztartzea, eta baten ekarriak bestearen ikasgai bihurtzeko borondatea ere. Urte batzuk badira, adibidez, nire herrikide eta adiskide Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel hitzaldi eta mintegiak ematen dabiltzala han eta hemen, feminismoa eta euskaltzaletasuna lotuz, eta zehatzago feminismoak urte luzeetan egindako borrokak eta gogoetak euskalgintzari zer onura ekar diezaiokeen aztertuz. Bistan baitago bata mugimendu globala izateaz gain indartsu eta boladan dabilela, eta bestea, berriz, lokala izateaz gain, aspaldi honetan burumakur eta triste antxean dabilela, estrategia garbirik gabe eta ilusioa nola berreskuratu asmatu ezinik.

Etorkizunari begiratzen dio gure borrokak, baina, iraganeko pasarte bat ekartzea onartzen badidazue, hona zer irakurri dudan Joan Mari Torrealdaik aurki kaleratzekoa duen El euskera, lengua asediada liburuan (euskararen kontrako hitz eta ekintzen bilduma zabal bat): Miguel de Unamuno mintzo da, 1901ean, Bilboko Lore Jokoen inaugurazioko hitzaldian, eta euskaldunak animatzen ditu bere hizkuntza alde batera uztera, ez baitu mundu modernorako balio, eta gaztelania tresnatzat harturik Espainiaren eta are munduaren jabe egitera; eta, beste argudio batzuen artean, dio: «Si no queréis ser invadidos, invadid; si no queréis que os absorban, absorbed; todo menos cerrar las valvas y permanecer aislados. No guardéis una absurda virginidad de raza que nos prive de la maternidad, de la paternidad más bien. Padres, sí; que en este inevitable y fecundo encuentro de pueblos seamos el varón, no la hembra. Antes que otros se os penetren, penetradlos».

Etsaiaren aholkua aintzat hartzeko dio esaera zaharrak, alderantziz baina. Kasu honetan ere, garbi dago gure etsaiak (feminismoarenak, euskaltasunarenak) bat eginda daudela, edo, hobeto esanda, menderen mendetan boterea eskuetan izan duen jendeak (dirudunak, boteredunak, letradunak) mespretxu berarekin erabili dituela andrazkoak (gizartearen erdi oinperatua) eta euskaldunak (garai batean hemengo gehiengo marjinatua eta gaurko zibilizazio likidoan urtzen ari garenak). Beste arrazoi bat, beraz, gure ahalduntze eta askatze bidean elkarren eskutik joan gaitezkeela sentitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.