ARKUPEAN

Errelatoei egoskor

Mikel Elorza -

2018ko apirilak 25
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Arrantza sailburuordea, Bittor Oroz, entzun nuen Euskadi irratian atzo. Solasaldi luzea, hainbat gai izan zituen hizpide: angulak, arrantza-kuotak, mahastiak... Itsasoko kontuei dagokienez, atentzioa eman zidan, aspaldidanik emana dit atentzioa, mugarik gabeko itsasoak mugaz betetako administrazioarekin osatzen duen binomio berezia, inoiz azken antxoa soilik Zaldi Eroaren marrazkietan gelditzen baldin bada, haren hiletan hainbat administrazioren esku hartze iskanbilatsuak istorio penagarri bat osatuko duelako. Baina bada kontzepzio errorerik nire aldetik ere, askoren aldetik, itsasoak mugarik ez duela pentsatzean. Baditu, likidoagoak, baina baditu. Eta baita jabeak ere: arrantzaren kontura hasi ginen ezagutzen «jurisdikziopeko urak» kontzeptua (aguas territoriales / eaux territoriales), eta hor jabetza dago, agintea dagoen neurrian. Urok eduki ez dauzkagu, baina mare nostrum dira inoiz baino gehiago.

Eta, gauzak zer diren, hainbat espezieren kudeaketari uko egiten diogu: Libia edo Mauritaniatik ontzi ezinezkotan bidaiatzen dutenak. Espeziea: etorkin; barietatea: txiro (aberats barietatekoari tokia egiten baitiogu, batik bat golak sartzen ona baldin bada). Legatzak nork bere uretan nahi ditu; pertsonak ez. Pertsonak nazioarteko uretan, edo urpetan. Paul Valery akorduan.

Interesgarria izan da elkarrizketa (hark ez du itsaso jabetzaz jardun, hori nire kontua da), eta ongi azaldu ditu hainbat egoera eta oraingo erronka, baina amaierak mugiarazi dit odola: Oroz jaunak esan du, dagoeneko mahatsaz eta ardoaz ari zela, gure produktuek duten onena errelatoa dela. Horrelaxe: «errelatoa». Eta niri, halako kontzeptuei egoskor, kosta egin zait ulertzea, baina entenditu dut gure txakolina produktu goren egiten duena ez dela likidoa bera, baizik eta txakolin kopa hori hartzea (orain kopa, errelatoan kopa) nekazal turismo ezinago eder bateko terrazan, parrapean, mahastia eta itsasoak begien aurrean, soroak, eta baratzeak eta animaliak eta prozesu naturalak eta... Inportanteena ez da txakolina ona den edo ez —inportantea da, noski—, baizik eta hari buruz esaten duguna, eraikitzen duguna, kontatzen duguna. Munduko txakolinik onena eduki dezakezu, baina alferrik da branding, e-commerce, marketing eta bestelako hizketing batzuk apainduta ez badarabilzu. Eta txakolinaren tokian jarri torlojua, diseinu industriala, kultura produkzioa... Esadazu nola merkaturatzen duzun, eta esango dizut nor ba ote zaren.

Kontzeptua barneratzeari egoskorra naiz, baina gogoz kontra ere onartu beharra daukat etorkizuna: errelatoa. Bueno, sikiera ipuingileei lana emateko balio badu (kreatibo deituta, noski, edo zerbaiten manager edo coach)...

Merkatua eta produktuen mundua utzita, errelatoarenak beste bat dakar ezinbestean hizpidera. Nik ezagutuko ote nuen zalantza neukana, are, ez nuela ezagutuko konbentzimendua: ETAren amaiera. Hor ere dialektikoa da gaur egun gerra (baina diferentzia batekin: batzuek jardun armatua utzi zuten, besteak, Estatuak, ez). Alegia, hor ere edukiaz ahaztu eta errelatoarekin katramilatuta gabiltza. Eta zalaparta utzita, badaukagu garaia, beharra ere esango nuke, aro hori itxitzat eman ahal izateko. ETAk egin nahiko du amaieraren bere errelatoa bainoago bere eszenografia diseinatzen, eta Estatuak arerioaren edozein mugimenduri kolpeaz erantzungo dio, baita mugimendua joatekoa denean ere. Baina gutako batzuentzat, jaioz geroztik ETA ezagutu dugunak, une berezia izango da datorren ez dakit maiatzaren noizkoa. Amaiera luzatu egin da eta hainbat kontu urtu ere erraz egin dira errealitatearen alperraren kargaz; baina beharra dugu flashak itzalita aroa itxitzat jo ahal izatekoa. Errelatoak amaitzekoa, behingoz. Batzuek nahi duguna ez baita errelatoa, irakurketa baizik. Gure bizitza izan denaren irakurketa egin ahal izatea, guztiok, nork berea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna