ARKUPEAN

Nafarroaren beltranizazioa

Juan Kruz Lakasta -

2018ko apirilak 26
«In-inde-independençia!» oihuak. Psycho pelikulako soinu bandarenaren pareko musika aztoragarria. Aurpegia estaliriko bi lagun. Espainiako bandera, sutan. Kataluniakoa, bistan. Kataluniaren eta Nafarroaren egoerak, parekaturik. Emakumezko ahots kezkatuak ikusleari gaztigatuko dio Nafarroan ezker abertzaleak agintzen duela, eta herrialdea batasunizatzeko errepide mapa ezartzen ari dela, Nafarroa desagerrarazteko xedearekin euskara eta ikurrina inposatuz. Nafarroako espainiarrek laguntza behar ei dute. Eta emakumezko ahotsak galdera zuzena eginen dio pantailaren aurrean denari: «Lagunduko diguzu?». Bideoa amaitzeko, sare sozialetarako etiketa: #StopBatasunizacion.

Lasai, ez naiz aurrekoan Faltzes aldean, Foruzaingoaren trafiko kontrol batean, bost droga analisietan (egiten dituzten guztietan!) positibo eman zuen birigarroa. Ez didate kokainarik bota Cola-cao-an, heroinarik tean, pitxuminarik kafesnean, kalamurik kamamilan, MDMArik rooibos-ean. Lehen paragrafoko gidoia ez dut nik sortu. Egiazko bideo batetik hartua da.

Bideoa, joan den ostiralean, Madrilen aurkeztu zuten Nafarroako PPko buru Ana Beltranek eta PPko Politika Sozialetako idazkariorde Javier Marotok. Jarraian, PPk bere Twitterreko kontu ofizialetik zabaldu zuen, #StopBatasunizacion hashtagarekin.

Seguru asko ekimenaren bultzatzaileen harrigarri, bideoaren hasieran azaltzen den bandera espainiarrak ez bezala, sare sozialek ez dute su hartu haien mezuarekin. Lerrook idazteko orduan, PPren kontuak 693.775 jarraitzaile ditu. Eta 109k soilik birtxiokatu dute bideoa. Etiketa sakaturik, orotara 55 txio atera zaizkit, eta horien artean hainbat ironikoak dira, edo sarkastikoak, edo kritikoak.

Amaierako galderak izutzen nau ni gehien... Edo ez, egiaren aitortzeko, gehien izutzen nauena da jakitea Nafarroan badugula bideogile burubero bat halako ikus-entzunezko barroko-bizarre- goreaz erditzeko gauza dena. Baina, edonola ere, amaierako galdera guztiz aztoragarria begitantzen zait: lagunduko diguzu?

Nork? Nori? Zer?

Nori lagundu behar diote? Nafarroan bi parlamentari besterik ez duen alderdiari? Inkesta guztien arabera, hurrengo hauteskundeetan parlamentuan ordezkaritzarik gabe geratuko den indarrari?

Nork lagundu behar dio? Espainiar herritar arruntek? Ala bideoan Nafarroaren parekide aipatzen duten Kataluniako herritarrei bizkarra ederki berotu zieten Piolinen itsasontziko borradunek?

Eta nola lagundu behar diote? Beste behin ere borrak dantzan jarriz? 155.a aplikatuz? Nafarroaren autogobernua eta hartara nafarren erabakimena zeharo bertan behera utziz?

Edonola ere, ene uste harroan, Ana Beltranen bideoarekin gertaturikoak Nafarroan legealdi honetan oposizioaren artean gailendu den politika egiteko moldearen porrota islatzen du.

Aldaketaren indarrak erakundeetako aginteaz jabetu zirenetik, oposizioak bere osoan apokalipsiaren iragarpenean jardun du. Abesbatza apokaliptiko horretan nabarmentze aldera, Beltran anderea apokalipsi iragarpen identitarioan espezializatu da, boto-emaileen zuntz sentibera ukitzera iristeko itxaropenarekin, euskarafobian (akaso xenofobian) orain arte ezezagunak zitzaizkigun mailetara iritsiz (eta orain arte alor horretan gauza asko ikusitakoak ginen bazterrotan).

Nafarroako PPren buruaren jokaerak UPN mugiarazi du, eskuinetik aurreratu ez zitzan erregionalistak hormara (are gehiago) itsatsi baitira.

Alta, hilabeteak joan, hilabeteak etorri, mundu(foral)a ez da amaitu. Eta, errepikaren errepikaz, apokalipsi iragarpen identitario karrankariek denak gogaitu dituzte (edo gehienak, kafezalerik kafezaleenak izan ezik). Gauzak horrela, Mikel Bujanda lankideak Nafarroaren beltranizazioa deitzen duen prozesu horren ondorioz, (berriro ene uste harroan) foru eta udal hauteskundeetarako urtebete eskas falta den honetan, oposizioko buru marrantatuek zailtasun handiak dituzte beren boto-emaileak berriro aztoratuko (irakur bedi mobilizatuko) dituen diskurtsoa helarazteko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna