ARKUPEAN

Hutsa ulertzen

Pilar Kaltzada -

2018ko maiatzak 17
Maiatzaren 26an hasiko da Veneziako Arkitekturako Biurtekoa eta berriki jakin da Erresuma Batuaren erakusketa-gunea espazio huts bat izango dela. Zorua, hormak eta sabaia zuri lagako dituzte, bete gabe. Orube barnehutsa izango da.

Haserretu dira artistetako asko, beren lanak munduko erakusleihoan paratzeko aukera galduarengatik zapuztuta; beste batzuek, berriz, aro zoro hau ondoen islatu dezakeen espresiobiderik argiena horixe dela uste dute eta, beraz, txaloz hartu dute erabakia. Hutsak harrotu ditu hautsak.

Notizia politikako orrietan emateko modukoa izan zitekeen, bizi gaituen oraingo egoera azaltzeko (ez esplikatzeko) metafora argia baita. Arterako ez ezik, egunerokorako ere balio du Veneziakoak: batzuetan espazio batzuk hutsik laga behar dira berezko esanguraz ohartarazteko, sesioa piztuko bada ere.

Azken asteotako gertakizunen abiadura bizkorrak halako ajea utzi du, eta «orain zer?» galdetzen diogu geure buruari. Hamarkadatako bidea eten eta desegitea erabaki duenez geroztik, ETA hizpide izan dugu: batzuek agerikoari begiratu diote, eta beste batzuek hutsik geratu diren espazioei, eta biek dute errealitate bera ikusten.

Nik idatzizko testu neurtuen bidez esan direnei erreparatu diet bereziki: aitortzari, nola edo halako barkamen-eskeari, esaldi luzeen gramatika joriari eta abarri. Ohartu naiz, baina, hitzak bezain esanguratsuak direla esan ez direnak. Eta aipamen zuzenak interpretagai diren bezainbeste, saia gaitezke ulertzen zer esan nahi duten esaldi horietako elipsiek. Hutsune horietan beren burua argi islatuta ikusten dutenek esana da: falta izan dena, berez, sobran zegoen.

Hutsetik definitzen dugu geure burua, garenetik baino gehiago, falta zaigunetik, nola artean, hala bizitzan. Herri honetan bizi izandako askotariko biolentzien ondorengoek behin eta berriro errepikatzen dute, horretan bai baitira berdinak: denek ikusten dute beren burua islatuta gabeziaren, hutsaren ispiluan. Eta denek galdetzen diote beren buruari nolakoa izango ote den bizitzea hutsarterik gabe.

Begien bistan dagoenarekin eraiki behar dugu datorrena, eta baita ezkututan luzez egondako hutsekin ere. Aro berri baten atarian gaudela esaten dugularik, nondik abiatuko da? Edo nahiago bada, nondik abiatzea nahi dugu? Hutsak ulertzen ikasi beharko dugu, bada, hasteko, norberarenak eta ondokoenak. Orri zurian idatzi nahiko luketenek ulertu beharko baitute egindako orbanak ezin direla ezabatu bat-batean, eta aldi berean, orria pasa nahi ez dutenek aitortu beharko dute lerro berriak idaztea dagokigula, Historiak ez baitu zertan istorio berria galarazirik. Espazio huts bat dugu aurrez aurre, margotu, itxuratu, esanahi berriez bete beharko duguna.

Hutsetik ez, izatekotan urte hauek guztiek utzi dizkiguten hutsetatik ekin beharko diogu, pluraletik ezinbestean.

Arteak askotan erreparatu izan dio hutsari. Veneziako hau azkena da, baina niri Oteiza etorri zait burura, hark forma eman baitzion hutsari, espazioaren ertzetan sortzen diren esangurak sortzen zituela esanez, berezkoa zuen estilo zuzenaz. Kontakizun bakarraren tentaziotik ihes egiteko deia da hutsa, berez erztuna, erpinduna baita.

Absentzietatik definitzen dugu geure burua, garenetik baino gehiago. Gurasoetako bat galdu duena umezurtza da, entzuteko gai ez dena gorra den bezala. Falta zaizun horrek osatu egiten gaitu, eta hutsak esanguraz betetzen gaitu. Txanpon beraren bi aldeak dira: aurrian ikusten dena, binperrean falta dena; eta dena da bat eta bakarra.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna