elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Kalbarioa

2015eko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Malenek, txikitan, festetako iratzargailua deskubritu zuen txistularien dianan. Sarak itsasoa!!! ikusi zuen marea biziko egun batean Urumean barrena zetorren olatuan. Jonek —5 urte—, angulak zer diren ulertu nahian zebilela, zapla bota zuen definizioa: «a bai! Itsasoko gulak». Metaforak eta irudi literarioak sortzeko gaitasuna ume-umetan jaiotzen da nonbait; gero, idazleek eta sortzaileek, oro har, garatzen dute ahalmen hori. Esaterako Joseba Sarrionandiak, Sautrela saioan egin berri dioten elkarrizketan, jaulki du alfa eta omegaren bertsio berritu oso grafikoa: «Bizitza alfabeto bat da. Zetarantz goaz denok».

Zetaranzko joera dauka hemengo zine aretoetara iritsi berri den Calvary filmak (Irlanda, 2014). Izenburu horrekin eta protagonista apaiz bat dela jakinda, pentsa daiteke Aste Santurako prestatu ohi duten kartelerako pelikula tipiko bat dela, baina ez. John Michael McDonaghek idatzi eta zuzendutako filmak, erlijio katolikoarekin lotura estua izan arren, erlijiozko generoa gainditu eta giza aberearen etikan —eta etika faltan— sakontzen du, moralkeriatik urruti.

Irlandan elizgizonek haur eta gaztetxoengan eginiko sexu abusuen eskandalua dago oinarrian eta abiapuntuan; hobe esan, sexu abusu horien biktimengan eragindako ondorioak. Hor txanpa hartuta, mendekua, desleialtasuna, egoismoa, harrokeria, zinismoa, hipokrisia eta abar luze batek osatutako arrosarioa aletzen du filmak, karakter arketipikoen bitartez. Hori dena alkoholaren edota kokaren saltsan beratuta. Suizidioaren tentazioa presente dago, eta kasurik inuxenteenean, bizitza ezdeus eta asperrez betetako gazteren bat ageriko da, itxaropenik gabeko etorkizunean itota. Panorama horren aurrean kontrastea egiten duen bakarra James Lavalle apaiza da, Brendan Gleeson aktoreak maisuki gorpuzten duen pertsonaia atipiko samarra, epikotasun berezi batez jantziaastebetean biziko duen kalbarioan.

Irlandan, ipar-mendebaldeko kostaldean dago kokatua istorioa, Sligoko konderrian. Oso irlandarrak dira lehen begiradan eszenario fisikoa eta soziala, costumbristak ia-ia. Baina identitate nabarmen hori ez da oztopo istorioa unibertsala izatera iritsi dadin. Izan ere, txokokerian trabatuta geratu gabe, metaforaren bidetik, gaur egungo gizartearen dilema etiko oinarrizkoenak planteatzen ditu. Hori dena, hizkuntza zinematografiko indartsu eta zinez moderno baten bitartez.

Hemen, libratu ginen halako batean udaberria morez eta beltzez tindatzen zuen Aste Santuaren parafernalia hartatik: baraua eta bijilia, musika profanorik ez, ezta ahapeka kantatzerik ere, eta elizkizun amaigabeetan betiereko infernura kondenatzen zintuzten sermoi trumoitsuak... (Oraindik zain gaude Elizak barkamena eska diezagun gure heziketan eragindako kalteengatik).

Libratu ginen diktadura hartatik eta abiatu ginen beste kodigo baten bila, Jainkoaren mehatxurik gabekoa, pertsonaren neurrikoa, norbanakoaren eta gizartearen intersekzioan. Denborarekin antolatu dugu balioen ranking bat, baita nolabaiteko joko zelai bat ere bere marra gorri eta guzti, eta hor goaz, Zetarantz, nahiko duin, baina zalantza-balantzarik falta gabe.

Abelera horretan, oraindik jaunartzera doazen Calvary-ko pertsonaia bikoitzak baino aurreratuago sentitzen gara behintzat. Nolanahi ere, errezetarik ez dago filmean; bai ordea, bilaketan jarraitzeko erabakia eta adorea. Eta kalbarioa, giza patuaren metafora modura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.