Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Inbidiarenak

2015eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Azken egunetan ezagun eta adiskideekin izan ditudan elkarrizketetatik zenbat ez ote dituen inbidiak zipriztindu! Izan ere, lanbro temati baten gisan Kataluniak busti dizkigu berriketak, batzuetan, badezpada, azaletik, eta, bestetzuetan, sutsu, zuztarretaraino. Eta hamaikatan amaitu direla horrela: «Hau inbidia!».

Graduazio desberdinetako inbidiak izan dira, jakina: ezagun eta lagun horietako batzuek katalanak gutxienezko burugaintasunez erabakitzeko aukera izan dutelako agertu dute inbidia. Beste batzuek irizten diotelako han jendartea bihurtu dela politikaren lemazain, jendeak politikariak atoan eramatea lortu duela. Inbidia emaitzagatik agertu duenik ere izan da, nabarmendu duenik izugarria dela %48k alde bakarreko eta lege bermerik gabeko independentzia prozesu zalantzaz beterikoaren alde egitea. Eta horren guztiaren baturak esan nahi duenagatik inbidia ez ezik,inbidiatzarra azaldu duenik ere bai —badaitort, neu tartean—: alegia, askatasuna, erabakimena eta eraldaketaren tankerako hitzak autolaguntza liburu indibidualistetara murriztu dituen XXI. mende honetako jendarte posmoderno mendebaldetar batean herritarren zati handi-handi batek beldurra galdu diolako hitz eta kontzeptu horiei neurri kolektiboa itzultzeari; are, hitzetik haratagoko praktiketan gorpuzteari.

Nolanahi ere, gutxi izango dira inbidiak adinako kutsu itsusirik duten berbarik. Eta halaxe da inbidiak esan nahi duenean besteak daukana ez edukitzeagatik edo bestea dena ez izateagatik minean, ezintasunean, eta horrenbestez, amorruan murgiltzea. Baina minera iristera eragotziko dion neurrira hesitutako inbidia izan daiteke kaltearen ordez suspergarri: norbanakoak zein taldeak helburuetara bultzatzeko akuilu. Horregatik, Kataluniari buruz hizketan hasi, eta «hau inbidia!» hamaikatan errepikatzen sentitzeak itxaropena piztu dit; hain justu, itxaropena eman dit gure gatazkarenondoriozko oinaze sakonak eta batezbestekotikgorako bizi-mailak askatze eta eraldatze kolektiborako biderik aurkitzeko gandu zaizkigun lugorri garai ustez agor hauetan. Nahi dugu. Desio dugu. Eta gogoa da edozeren ernamuina ez ezik motorra ere.

Arestiko inbidien zerrendara itzulita, adiskide hurbil eta minenen artean gehien errepikatu dena utzi dut lehen zerrendatik kanpo: CUPen emaitza onek sorrarazitakoa; edo, areago, CUPen izate hutsak eragindakoa. Zenbat aldiz ez ote dudan entzun, «nik CUPekoa izan nahi dut!» —eta, badaitort, zenbat aldiz ez ote dudan esan, «nik CUPekoa izan nahi dut!»—. Beraz, bada gurean falta zaigula sumatzen dugun ezker independentista zehatz baten mira bat —eta horrek zer pentsatua emateaz gain, bidea erakutsi beharko lioke egun egituratuta dagoen ezker independentistari—: alderdien ahari jokoan trebatu ordez ustez xumeak baina egiaz oinarrizkoak diren borroketan zaildutako mugimendu politikoarena; parte-hartzean eta jendearen hurbiltasunean bermatua, azaleko politikakerian ordez sakoneko ideologian eragin nahi duena, eta horrexegatik, astiro joan behar dela aldarrikatzenduena: poliki urrutira iristeko.

Eta hara, pentsatzen jarrita, geurean ere ikusten ditut CUPen arrastoak: mugimendu antimilitaristaren, ekologistaren, zein feministaren ondare eta praktiketan, gaztetxeetan, euskalgintzako zein kulturgintzako hainbat esperientziatan edota desobedientzian ardaztutako bide guztian. Ez gaude esku-hutsik.

A, eta ametsak betetzeko oinak lurrean izan behar direla gogorarazten didan lagunak dioenez, ezin da ahaztu Katalunian CUPek zentralitatearen Junts Pel Si indartsua duela alboan; edo zatarrago esanda, denak izan direla beharrezkoak, baita Mas ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.