Jule Goikoetxea.
ARKUPEAN

Erresistentzia

2015eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Pobreziak bezala, erresistentziak ere izterretan darama plazera, austeritate trebatu batean irmo bildua, irainez eta jarraipenez osatua, logikarik gabekoa azalean pilatua, ugaritasuna eta ergeltasuna ez bezala, bakardade zorrotz batek populatua.

Judith Butlerrekin izan ginen aurreko astean, Axola duten gorputzak izeneko mintegian Bartzelonan, eta erresistentzia hitzarekin amaitu zuen saioa. Hitza hortzetan genuela joan ginen bazkaltzera Raval auzoan barrena, eta, hara non, gizon batek emakume bati eraso zion hitzez kale erdian. Andreak gizonaren bizikleta jo eta lurrera bota zuenean, andrearen atzetik irten zen gizona, baina ai! Erresistentzia! Andreak aurre egin zion irmo, guk emozioaren emozioz txalotzen genuelarik. Gizonak, gugana etorri, eta bere gizontasuna, zakila, erakutsi zigun, bortxa mehatxupean. Guk tabernara sar zedin esan genion arren, alde egin zuten, berak eta bere zakilak.

Erresistentziak bizigarritasunarekin du zerikusia, zioen Butlerrek bere mintegian, gorputz guztiak bizigarri egitearekin. Horretarako, lehenik eta behin, geure hauskortasuna aitortu behar dugu, «bestearen» hauskortasunaren oinarria geu baikara. Erresistentzia ez da soilik harriekin eta barrikadekin egiten. Geure mundu-ikuskera baldintzatzen dituzten markoak apurtuz egiten da erresistentzia, pentsaezina pentsagarri bilakatuz, ulergarria ulertezin. Siriar errefuxiatuen egoera biziezina bizigarri bilakatuz, hau da, pentsaezin eginez Estatu Batuen edo frantziar estatuaren genozidioak erantzunik gabe geratuko direla, emakumeok gizonei diegun beldurra erasotzaileei errraietan iltzatuz, palestinar desarmatuaren izua Israel armatuaren bihotzean txertatuz, beldurra aldez aldatuz, zaurgarriak diren gorputz horiek jazarpenari erantzungo dietela ziurtatuz.

Beldurraren ordena diskurtsiboa apurtzeari esaten diogu guk erresistentzia.

Dolua merezi ez duten bizitza guztiak dolugarriak egiteaz gain, zion Butlerrek, bizitza horiek bizigarri egitea da erresistentzia. Kalean oinez zoazela, eraso bat jasan eta beste gorputz batzuk zu babestera ateratzen direnean gertatzen da erresistentzia: ezer adostu gabe, aurretiazko kontratu sozialik sinatu gabe. Gure hauskortasunak bilakatzen zaitu zu gure babesgune, gu zure arnasgune.

Hauskortasun gorpuztua eta sinbolikoa da humanitatea. Indibiduoa ez da banakakoa, gorputza beti da gorputz sozial, baina gorputz guztiek ez dute hauskortasun maila bera. Zaurgarritasun aldakor horrek kausa politikoak ditu, gorputz batzuk ez dira ez bizigarriak ez dolugarriak izango (palestinarrak eta siriarrak, emakumeak, etorkinak, euskal presoak...).

Hierarkia hori ordena diskurtsibo zehatz baten bidez eraikitzen da, eta, hori apurtzeko, diskurtsoaren ordena desegin behar da.

Pentsatzea gizon batek (edo Israelek) emakume bati (palestinar bati) beldurrik gabe edozer esan eta egin diezaiokeela, hori diskurtsoaren ordenan eraikitzen da, mundua ulertzeko era bat da, diskurtso bat, eta gizon hori suntsitzea banku bat suntsitzea bezala da, sinbolikoki potentea, baina kapitalismoa eta patriarkatua desegiten ez duena. Kartzelak apurtzeak ez du sistema penala desagerraraziko, errealitate sozialak zementuz eta zentzuz daudelako eginak. Oso erraza da zementua apurtzea. Baina nola apurtzen da zentzua? Errazagoa da ilargira ailegatzea eta lurra suntsitzea, jainkoa akabatzea baino, jainkoa zentzuz egina baitago.

Inork ez zuen esan diskurtsoak bizitza leku atsegingarria bilakatuko zuenik, baina harriak ez dezan etxe eta kale pribatu eta patriarkala eraiki, zementuak ez dezan kartzela eta harresia gorpuztu, zentzua aldatu behar da, eta zentzuak diskurtsoaren ordenan du funtsa. Deseroso sentitzeko errealitate baten inguruan, errealitate hori modu zehatz batean interpretatu beharra dago. Injustizia historikoa eta diskurtsiboa da, sentimendua bezala. Geure ibiltzeko eta erlazionatzeko moduan, geure hitz egiteko eta dantzatzeko eran gorpuzten da diskurtsoaren ordena, eta, beraz, erresistentzia.

Eta, bai, erresistentzia bizitzeko modu bat da, begirada erratuaz eta persistentziaz osatua, irainez eta jarraipenez konposatua, logikarik gabekoa azalean pilatua, ugaritasuna eta ergeltasuna ez bezala, bakardade zorrotz batek populatua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.