Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Askapena

2015eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Titulu nagusietako letra larriz idatzita ikusi dut emakumeentzako aldizkari baten webgunean —hots, andreon bizipoza edertasun kanonizatu eta bizimodu glamourotsu iritsi ezinetara murriztu eta frustrazio horren sendaketa kontsumo masiboaren bidez promesten duten masa komunikazio produktu horietako batean—: Nola izan desleial eta ez zaitzatela harrapa: abentura bat ezkutuan gordetzeko oinarrizko lau giltzak. Horra egungo kazetaritzaren goia: autolaguntza.

Artikuluan, justu, izenburuan iragarritakoa, gezurretan jarduteko aholku sorta telesail kutsuko bat: hasteko, kontuz ibiltzeko smartphone-ekin, bikotekideen ehuneko handi batek zelatatu egiten dituela-eta bizikidearen sakelakoak. Bigarren, ibiltzeko arretaz despisteekin bezala ohiz kanpoko maitasun adierazpenekin: esaterako, ez ahazteko bikotekidearen urtebetetze egunaz, baina, halaber, ez hasteko bat-batean ordu arte mutur luzez jasandako futbolerako planak oparitzen. Hirugarren, ez aldatzeko gehiegi ohiturak: bizi guztian dantzarako ezgaitasuna azpimarratu ostean ez izena emateko, derrepentean, Mozambikeko dantzen ikastaroan. Eta, laugarrena, kudeatzeko ongi ordutegiak, eta lanaren aitzakia dela maiztuetan maiztuena.

Badaitort txokatuta utzi nauela artikuluak... Ez, ordea, topikoen gainean eraikitako vaudeville-rako gonbidapenagatik, baizik eta, beti-beti-beti emakume zoriontsuak familia eta (haur) zaintza zoriontsuan irudikatzen dituen argitalpen statu quo-aren iraunarazlean datorrelako —bidenabar: bai sendo ainguratzen dela gutako bakoitzean egungo sexu/genero sistema nagusia, heteropatriarkatua, futbolaren bidez bezala horrelako produktuen bitartez—. Alegia, kontraesanak laga nauela zurtuta, artikulu horretan emazte-ama-arretatsu-besteeri eman-aratzari barruko tigre eme basatia askatzeko ematen zaion baimenak ez ezik zilegitasunak. Begien aurrean gorpuztu zaidan emakumea bipolarra da, derrigorrean.

Pixka bat arakatzen hasi, eta ohartu naiz, gainera, emakumeentzako izendatutako argitalpen horietan ugariak direla antzerako artikulu-proposamenak. Segituan aurkitu ditut ezkutuko ohe kontuetarako hotelak aholkatzen dituen artikulu bat, esperientzia berrien onura azpimarratzen duen beste bat... Konturatu naiz, halaber, Madonna buru dela mutil-gorputz gaztetxoekin nahasita dabiltzan star helduak famatu eta loriatzen dituztela hedabide horietan: toyboy-ak omen merkatu lehiaren gainean eraikitako arrakasta ikuspegiaren araberako sari.

Eta, bateratsu, ohartu naiz gaztaroaren azken heldulekuei agur esaten ari garen emakume adinkideen artean gero eta usuago entzuten ditudala mutil-gorputz gaztetxoenganako desira agerpenak. Are, gorpuztutako desirei buruzko pasadizo klandestinoak. Baita —are, batez ere— indarrean den erregimen afektibo-sexual zurruna auzitan jartzen ez dutenek adierazita ere. Eta ikusi dut norberaren baitako tigre emea askatu aurretik nola edo hala betetzen dela errito bertsua: diru eta denbora kontsumo handiko puntuan jartze estetikoa. Eta jabetu naiz lehenago ez zukututakoekin blaitzeko bulkada dagoela horren guztiaren oinarrian; gaztetasunera desesperatuki iltzatzeko grina. Eta jabetu naiz, baita ere, liberatu eta askatu aditzak jokatzen direla gehienetan halakoen berri emateko.

Nahiago nuke neuk ere liberatu eta askatu hitzak joka banitzake... Baina horren ordez egungo erregimen afektibo-sexual zurrunaren betikotzea itzultzen dit ispiluak; hori bai, kontsumoan zutoindutako askatasun lilurara egokituta. Eta gaztetasuna... muina gorputza balitz bezala... sentitzearekin, maitatzearekin, engaiatzearekin, iraultzearekin, hurkoekin zein besteekin elkarrekintzan izatearekin zerikusirik ez balu legez.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.