Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Euskara, gure 'asabiya'

2015eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
«Hitzik ezin da atxeman Korrika zer den zehazteko». Halaxe idatzi du Jurgi Ekiza Willis Drummond taldeko kantariak izatearen kontzientzia berrietara garamatzaten eremu digitaletako sare sozial horietako batean, Facebooken. Ondoren, deskribatu du joan den igandean Korrika Bilboko Zabalburu plazara iristean sentitutako zirrara, berea eta ingurukoena, eta honela amaitu: «Hori da Korrika azken finean, energia trukaketa paregabe bat, eta batez ere, zerbaiten parte eta egile girela sentimendu indartsu eta eder hori... 'Zerbait' hori zer da? Lasterraldi bat? Ekintza amankomun bat? Lurralde bat? Herri bat? Eta zein herri? Euskal Herria? Euskararen Herria? Bah... Zerbait hori zehazten ez dakit nik, eta ez zait hainbeste inporta... Ez gira beti behartuak gauzak zehaztera, gauza hauetaz gozatzeko... Dakidana da, bai, zerbait girela...».

Antzera gaztigatu digu Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariak Urepeletik Billbora Euskal Herria esaten diogun hori eskuz esku ibili duen lekukoaren barruko mezutik: «Auzia ez da izan ala ez izan. Nolako edo halako izan. Kontua ez da hori. Nor galdetzeari utzi eta nor izatera jauzi egitea da kontua. Nor gara? Bagara nor [...] Izatea ekitea da. Egiten duguna gara».

Bi adibide. Baina esango nuke Korrika gorpuztu dugun milaka eta milaka lagunetatik askok eta askok izan dugun sentipena dela: bagara.

Garen horri izena jartzea, kosta egiten zaigu, ordea. Izan zen garai bat maiz esaten genituena nazio, herri —are, maiz esaten genuen aberri—, baina balirudike usteldu egin zaizkigula hitz horiek, eztarrian lizun gusturik sentitu gabe esan ezinak gertatzeraino —esaterako, nor oroituko da igandean Mediterraneoko ur ertzeetan edo Pirinioetako goi mendietan gaudela badela Aberri Egun esaten zaion zerbait?—. Eta bada, ziurrenik, arrazoirik hitz horien mindurarako: hainbeste sufrimenduko hainbeste urtek itsatsiko zieten, derrigorrean, gehiegikeria eta herstura kiratsik.

Halaber, hainbeste kosmopolitismo, posmodernitate, hipermodernitate eta hipsterismok erantsi digute erraietaraino askatasuna ez ezik guztia ere norberaren baitan hasi eta amaitzen delakoaren lilura. Bakoitzaren borondate, interes eta nahi huts bagina bezala —halakoak era aratz-aratzean existituko balira legez—. Isuria gara, malgu eta irristakor, likido, etengabe nahi dugun formara egokitzeko gai. Ezin ezertan gatzatu, ordea. Eta gorputzaldi likido honetan nazioa eta herria —zer esanik ez aberria— berun zaizkigu, zama itogarriko lasta.

Baina, hala eta guztiz, Korrikan sentitu dugu bagarela. Ezin izenik jarri, ordea. Apenas mamirik ere. Eta aspalditik dakigu izena eta izana elkarren aurki eta ifrentzu direla. Gatzatu gabe ez dagoela izaterik.

Joseba Sarrionandiak Abderraman Ibn Khaldun XIV. mendeko pentsalari islamiarra dakar Moroak gara behelaino artean?-era bagara horren gatzatzea esplikatzeko. Zehazki, hark Magrebeko tribu autarkikoak erakundetze trinkoagoetara, estatalizatzera bultzatu zituen prozesua azaltzeko baliatutako asabiya kontzeptua, zeina denboran zehar itzulia izan den borroka gogo, ahaidego, nazio kontzientzia, edo «organismo politiko eta sozialen protoplasma psikiko» gisa. Hots, bagara-ren mamia. Ibn Khaldunek zehaztu zuen Magrebeko tribuen asabiya erlijioa zela, hor zegoela funtsezko protoplasma.

Eta guk, Korrikaren harira bagara sentitu dugunok, badugu geure asabiya-ren arrastoa: euskara da, eta euskararen izate eta bilakatzearen inguruan txirikordatu dugun ondare askotariko eta kontraesankor guztia.

Birsortzeko garaiak dira. Berritu dezagun asabiya, baina ez dezagun uka. Ken diezaiogun euskarari esentziaren lasta, eta uler dezagun euskarak ematen digula txiki, bestelako eta askotarikoaren ikuspegia, geure bagara ez ezik mundua dibertsoago, justuago eta demokratikoago egiteko begirada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.