ARKUPEAN

Kultur kapitala, kapitalaren kultura

Jule Goikoetxea -

2015eko apirilak 29
Urua izendatu dute 2016ko Europako Kultur Hiriburua eta ekitaldiak prestatzeko herri asanblada deitu dute. Historian behin gertatzen dira halako gertakariak eta beterik dago kapitolioa, zurrumurruek eta Urua, spot publizitario bat zara gisako ikurritzek berotzen dute giroa. Artemisak, lehen belaunaldiko jainkosak, hartu du hitza. «Arratsalde on, kulturzale maiteok». «Kulturzale, kulturzale» marmarti Ateneak, gerla eta jakituriaren jainkosak, «zer da ba zaletasuna eta zer kultura, Artemisa anderea? Zertaz ari gara, pasioaz, sormenaz, hausturaz? Zer da kultura, kulturzale maiteok? Hizkuntza? Artea? Ezagutza? Venus Victoriako dantzaldiak? Geure arbaso eta mitoez ari al gara edo geure herria zokoratu nahi dutenen jainkoen kulturaz?».

Artemisak begirada basatiaz ahaldurarik gabeko zuriketa abiatu du, «etorkizunaz ari gara ez geure aitzindariez eta ez naiz sekula ongiaren babeslea izan, ezta gaizkiarena ere, neure samaldaren gerizatzaile besterik ez naiz». «Gezurtera, zein samalda, zein babes?» galdetzen du Afroditak astindua, bigarren belaunaldiko edertasunaren eta ekoizpenaren jainkosa, artearen eta kapitalaren ama. Afrodita ez dator bat lehen belaunaldiko jainkosekin, ezta Atenea bere ahizparekin ere.

Afroditak ez du Kulturaren Teoriarik ez definiziorik onartuko eta artea artearengatik egiten duen gizaki oro akabatuko duela ohartarazi du. «Kapitala behar dugu, kapitalik gabe kulturarik ez, kultura gabe jainkosarik ez, jainkosarik gabe mitorik ez, mitorik gabe herririk ez».

Artemisak berehala erantzun dio, «Afrodita, maitea, ados gaude, ez gara sorkuntzaz eta abangoardiaz hitz egitera etorri, gu geure herriaz geure kapitalaz mintzatzera gatoz». «Geure kapitala?» Presentia asaldatu da, hirugarren belaunaldiko jainkosa gaztea da. «Nik kale soil bat dut, bankuz eta kotxez beterikoa ardoz ureztatua egunkariek ahaztua etxerik gabeko zementuzko maitasuna lapurretak arintzen duena. Hori da geure artea, kapitalari bizirautea, ez gara egiatasunaren eta originaltasunaren zale, ez dugu europarren eredu estetikoa eta morala izan nahi, guk sormena iruzurra eta manipulaziorako erabiltzen dugu, halaxe egiten dugu aurrera kapitalaren erraietan eta horixe da geure eguneroko kultura».

«Kultur kapitala, kapitalaren kultura sustatzeko entrenatua», dio Ateneak berriro, «kapitalaren sinbologia higatua, artea behar lukeen sinbologia hutsa. Non da haustura-izpiritua? Ez gintuen kapitalak sortu, transgresioak baizik». «Oker zaude. Zein da zure jatorria, Atenea?» galdegin dio Artemisak «Zein da zure artea? Gerlaren jainkosa zara, Atenea, bihotzak erauzteko teknika multzoen sortzailea. Gerlan asmatu zenuen ezagutza, ezagutzatik eratorri genuen gero justizia baina geure artea inperio trinkoenak eta indartsuenak eratzean datza: ez dezazun sekula ahaztu geure kapitalak bilakatu zintuela gerlaren eta jakituriaren jainkosa».

«Itzel. Eta, non da ba diozun kapitala?» Presentia gaztea berriro ere. «Guk ez dugu kulturarik nahi, guk etxea, osasuna eta lana nahi dugu. Kulturak ez digu dirurik ekarri, diruak aldiz kultura eros dezake». Atenea haserre bizian «Ezin erratuagoak zabiltzate hirugarren belaunaldikoak, herritarrek artea artearengatik egiten dute, berritasuna, plazera eta dibertimendua dute helburu, itsas kinoko izar mitxelindarrez argitutako ilargipeko kontzertuez gozatu nahi dute mundu osoan ezagunak diren Uruako jaki gozoez, hondartza aratzez eta musa ederrez inguraturik. Eta gure eginbeharra hori guztia edukiz osatzea da».

«Horixe utzi diguzue hirugarren belaunaldikoei, disneygunez osatutako kultura» Presentia jainkosa koleran «musa pobre eta ahulak, hiritarrez beztituak, pasiorik gabeko kulturzaleak, kapitalak fotoa atera nahi duenean irribarre egiten duten ninfo ustelduak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna